Sayasek eta Adanerok gaitzetsi dute Maia

Bi diputatuei akta itzul dezatela exijitu die UPNk, zuzendaritzaren irizpidea ez dutelako bete. Boto aldaketa ikusita, Iruñeko alkatea gaitzetsi du PSNk, EH Bildurekin eta Geroa Bairekin batera

Enrique Maia, Iruñeko alkatea, atzo, udalaren osoko bilkuran. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun

Espainiako Kongresuan gertatutakoak berehalako errebotea izan du Iruñeko Udalean. Bezperan, lan erreformaren alde UPNk adierazitako jarrera ikusita, PSNk konpromisoa hartu zuen alderdi horrekin udaleko osoko bilkuran Enrique Maia gaitzesteko eskaera botatzeko eta horren aurka egiteko. Atzo arratsaldean, Iruñeko alkatearen gaitzespenari buruzko eztabaida betean, jakinarazi zioten Maite Esporrini Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuek ez zutela emandako hitza bete. «Sinestezina, baina benetakoa. Noraino iritsiko zarete? Edozer gauza merezi duzue. Nola egin dezakezue iruzur modu horretan? Ez duzue lotsarik», erantzun zion, oso haserre, Maiari. Ondorioz, botoaren zentzua aldatu, EH Bildurekin eta Geroa Bairekin bat egin, eta Enrique Maia gaitzetsi zuten: 14 boto alde; 13 kontra. Egiazki, Sayasek eta Adanerok gaitzetsi zuten Maia.

Ikusi gehiago: PPko diputatu baten «hutsegite» batek eragotzi du gobernuaren porrota

Izan ere, Enrique Maia ez da edonor UPN barruan. Presidenteordea da. Javier Esparza eta gero, ardura handieneko bigarren pertsona, eta zuzendaritzako kidea. Asteazken arratsean, UPNko zuzendaritzak erabaki zuen lan erreformaren alde bozkatzea. Esporrinek UPNren aurka egindako adierazpenen ondotik, PSNko hautetsiari erantzun zion ulertzen zuela bere sumina: «Ni ere haserre nago. Lan erreforma babesteko konpromiso politikoa zuen alderdiak. Eta bi pertsonek zuzendaritzaren irizpideei ez diete men egin. Hori gertatu da. Arrazoi osoa duzu. Onartzen dizut egozten didazun guztia. Honek ondorioak izango ditu», aipatu zuen, Sayasi eta Adanerori erreferentzia eginez.

UPNk ez zekien

Berehala jakinarazi zuen UPNko zuzendaritzak zer ondorio izango diren horiek. Kongresuko diputatu aktak itzultzeko eskatu die, «alderdiko organoen erabakien kontra bozkatu dutelako». Bi diputatuek goizean airean utzi zuten zer egitera zihoazen, baina UPNk oharrean dioenez, egiaztatu egin dute Sayasek eta Adanerok euren botoaren zentzua jakinarazi zietela beste alderdi batzuei; «eta zuzendaritzak ez zuen horren berririk». Afiliatuekiko, boto emaileekiko eta zuzendaritzarekiko «desleial» izatea aurpegiratu diete eta horregatik akta uzteko eskatu. Halaber, barkamenak eskatu dizkio alderdi sozialistari: «Gertatutakoak ez du UPN ordezkatzen, hitzeko alderdia baita eta akordioak betetzen baititu».

2020ko ekainean egindako primarioetan, UPNko presidentetza lehiatu zion Sayasek Esparzari. Adanero, berriz, itzal handiko pertsona izan da iraganean UPN barruan, eta urte luzez bozeramaile ofiziala izan da parlamentuan. Lan erreformaren aurrean, eztabaida politiko handia izan dela erakusten du hausturak: Espainian, Pedro Sanchezen gobernua zigortu; edo Nafarroan, PSNri keinu egin, iraganeko aliantzaren aukera indartu asmoz. Zuzendaritzak bigarren aukera lehenetsi zuen, eta bi diputatuek, Madrilgo eskuinaren diskurtsoak hauspoturik, lehena.

Ikusteko dago orain zer egingo duten Sayasek eta Adanerok. Baina Nafarroan alderdiaren posizioa indartzeko mugimendua izan behar zuena oso garesti atera dakioke UPNri, gertatutakoak arrakalak eragin baitizake. Izan ere, diputatuek akta itzuli ezean, zauria irekita egongo da. Alta, akta itzultzen badute ere, Navarra Sumako zerrendan hirugarren eta laugarrenak ez dira UPNkoak: PPko Cristina Sanzek eta Ciudadanoseko Sonia Garciak ordezkatuko lituzkete. Hortaz, ahots ofizialik gabe gera daiteke UPN Madrilen.Ikusteko dago ere horrek guztiak Navarra Suma koalizioan zer ondorio dituen. Ekainean, Esparzak zalantzak agertu zituen UPNk etorkizunean koalizio barruan jarraitu edo ez. Erabaki kate horren aurrean beste bi bazkideek nola erreakzionatzen duten ikusteko dago. Batik bat PPk.

PSN ustekabean harrapatu zuen erabakiak. Iruñeko osoko bilkura hasi aurretik, Ramon Alzorriz parlamentuko bozeramaileak esan zuen UPNk hitza betetzea espero zuela. Arratsean, berriz, gogor kritikatu zuen UPN. «Bururik gabe dago».

Maia kritiken jomugan

Mugimendu handiko arratsaldea izan zen, eta hori ere islatu zen Iruñeko osoko bilkuran. Azken asteetan, Maiak indarkeriazko lapurretak igo direla adierazi eta hori migratzaile adingabeekin lotu zuen. Adierazpen xenofoboen aurrean aurkeztu zituzten oposizioko alderdiek gaitzespen eskaerak, baina kongresuan gertatutakoak zipriztindu zuen eztabaida, denboran bat egin zutelako. «Nire alderdikide Endika Alonsok gobernua desegiten ari zaizula esan du, baina egiazki, alderdia desegiten ari zaizu», esan zion EH Bilduko Joseba Asironek.

Gaitzespenak berak balio sinbolikoa badu ere, oposizioko eledunak bat etorri ziren alkatearen arduragabekeria azpimarratzean. Asironek gogorarazi zion Nafarroako Gobernuak eta adingabeen fiskaltzak gezurtatu dutela Maiak esandakoa: «Zure porrotez ez hitz egiteko egiten duzu diskurtso interesatu eta xenofoboa. Hauteskunde kalkulu hutsengatik egiten duzue, Voxek aurreratuko ote zaituzteten beldur zaretelako». Geroa Baiko Patxi Leuzak ohartarazi zion bere hitzek jendea beldurtzea besterik ez dutela lortu. «Ez zaitut nahikoa ezagutzen. Ez dut uste xenofoboa zarenik, baina zure adierazpenak badira». Maite Esporrinen ustez, adingabeak kriminalizatu ditu.

Esandakoa zuzentzeko eskatu zioten hiru eledunek, baina Maiak bereari eutsi zion. Migratzaile adingabeek ere delituak egiten dituztela eta hori ezkutatu nahi izatea egotzi zien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.