Koronabirusa

'AstraZeneca auzia' lau dositan

Adituen arabera, txertaketa eteteko erabakiak «ez du oinarri zientifikorik». Sendagaien Europako Agentziak ez du loturarik antzeman txerto horren eta odolbilduen artean

Erizain bat, AstraZenecaren txertoak prestatzen. ANDREA FASSANI / EFE.
Ion Orzaiz.
2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Oxford unibertsitateak eta AstraZeneca enpresak COVID-19aren aurka diseinatutako txertoak zeresana eman du azken hilabeteetan. Azken egunetan, prototipo horren txertaketa behin-behinean eteteko erabakia hartu dute Europako hainbat herrialdek—tartean, baita Euskal Herriko administrazioek ere—, odolbildu kasu batzuekin lotura duen ala ez argitu bitartean. Zientzialariek, baina, ez dute erabakia begi onez ikusi: ikerketak iraun bitartean, txertaketa prozesuari eusteko eskatu du Sendagaien Europako Agentziak, «onurak arriskuak baino askoz gehiago» direla iritzita. Iritzi berekoak dira BERRIAk kontsultatutako adituak ere: erabakia «irizpide zientifikorik gabe» hartu dela uste dute.

ZERGATIK ETEN DUTE ASTRAZENECAREN TXERTOA?

Azken asteetan azaleratutako odolbildu kasu batzuengatik. Guztira, 30 kasu atzeman dituzte Europa osoan. Hala ere, ez dira odolbildu arruntak, buruko zainetako tronboak baizik, eta AstraZenecaren txertoarekin lotura ote duten aztertzen ari da Sendagaien Europako Agentzia. Ana Galarraga zientzia dibulgatzailearen ustez, baina, ikerketak ez luke zertan trabatu txertaketa prozesua: «Ikuspegi zientifikotik, eta nazioarteko erakunde araugileen datuei erreparatuta, ez dago motiborik txertaketak eteteko. Erabakia neurrigabea da, eta halako kasuetan aplikatzen den zuhurtzia printzipioa gainditzen du erabat».

Odolbilduen agerraldiari «datuen perspektibarekin» begiratu behar zaiola gaineratu du Galarragak: «Europako esparru ekonomikoko herrialdeetan, AstraZenecaren bost milioi txerto jarri dituzte eta horien artean atzemandako tronbosi kasuak 30 bat izan dira. Oso ehuneko txikia da hori. Normalean, txertorik gabe ere, kopuru bertsuan azaltzen dira halakoak».

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendari eta Jakiunde akademiako lehendakari den Juan Ignacio Perez Iglesiasentzat ere, «ulertzen zaila» da Europako Batasuneko gobernu batzuek hartutako erabakia: «Ikuspuntu arrazional eta objektibo batetik begiratuta, txertaketari eutsi beharko genioke; kontrakoak, txertoa eteteak, kalte askoz handiagoa dakarrelako».

ERABAKIAN ERAGIN AL DUTE BESTE FAKTORE BATZUEK?

AstraZenecaren dosien txertaketa eteteko erabakiaren atzean «zientifikoak ez diren irizpideak» lehenetsi direla uste du Galarragak. «Honek guztiak gogora ekarri dit maskaren auzia: izurriaren hasieran, guztiontzako maskararik ez zegoenean, agintariek esan ziguten ez zela komeni maskarak erabiltzea. Ikuspegi zientifikotik, ezin zen halakorik justifikatu, baina bestelako irizpideak gailendu ziren. Oraingoari tankera bera hartzen diot». Orain, AstraZenecaren aurkako neurrien oinarrian «faktore politikoak eta ekonomikoak» egon daitezkeen susmoa du.

Perez Iglesiasen irudiko, baina, hori baino sinpleagoak dira txertaketa eteteko motiboak: «Agintari politikoentzat, askoz beldurgarriagoak dira zerbait egiteak eragiten ahal dizkien arazoak, ez egiteak sortzen ahal dizkienak baino. Txertaketaren ondorioz jendea hilko balitz, eurak lirateke erantzule zuzenak, eta jendeak kontuak eskatuko lizkieke; aldiz, oso zaila da kalkulatzea zenbat jende hilko den txertoa ez jartzearen ondorioz».

Horrez gain, bi adituek uste dute «AstraZenecaren txertoaren aurkako giro bat» orokortu dela. «Hasieratik, ospe txarragoa izan du txerto horrek, fundamentu handirik gabeko kritiken ondorioz: proba klinikoetan eraginkortasun apur bat apalagoa zuelako, adinekoei jartzen ez zitzaielako... Langileentzako txertoa dela sinetsi dute askok, baina ez da besteak baino okerragoa, eta eraginkorra da». Kontrako jarrera hori ulertzeko faktore garrantzitsuenetako bat, ordea, AstraZeneca enpresaren jokabidea izan dela uste du Jakiundeko lehendakariak: «AstraZenecak oso jokabide makurra izan du txertoen salmenta eta banaketa prozesuan: ez dituzte adostutako kopuruak ekoitzi, ez dute hornidura bermatu, kontratuak urratu dituzte... Horrek guztiak haserrea piztu du Europako gobernuen artean».

ZER DIOTE AUZIAZ OSASUN ERAKUNDE NAGUSIEK?

Oraingoz, ez dela loturarik aurkitu AstraZenecaren prototipoaren eta atzemandako odolbilduen artean. «AstraZeneca txertoa jasotzearen ondorioz odolbilduak sortu direla esateko inolako zantzurik ez dago», adierazi zuen atzo Emer Crookek, Sendagaien Europako Agentziako zuzendariak. Hala, azpimarratu zuen txerto hori segurua dela, eta «sakonki» ari direla ikertzen Europako hainbat herrialdetan atzeman diren odolbildu kasuek AstraZeneca txertoarekin lotura ote duten, edo, kontrara, «kointzidentzia» bat baino ez den. Sendagaien Europako Agentziak gaur emango ditu ezagutzera ikerketa horren ondorioak. Europako Batasuneko estatuetako osasun arduradunek ere antzeko mezua eman dute orain arte: ez dagoela alarma pizteko arrazoirik, alegia.

«Edozein botika merkaturatzen denean, batez ere larrialdiko baimena jaso duten txertoen kasuan, jarraipen estua egiten zaio, albo kalteak neurtzeko. Hala behar du», azaldu du Galarragak.

ZER ONDORIO IZANEN DU ERABAKI HONEK?

Neurtzen zaila da, baina zientzialariak bat datoz honetan ere: oso kaltegarria izanen da. «Jendea hilko da», laburbildu du Perezek, zorrotz: «COVID-19az egunero ari da jendea kutsatzen eta hiltzen, eta asko kutsa daitezke hamabost egunen buruan. Bada, denbora horretan kutsatzen direnen %1 eta %2 artean hilko dira».

Ondorioak, baina, harago doazela uste dute adituek. Txertaketa prozesuaren abiadura aipatu du Galarragak: «Lehendik ere atzeratuta genbiltzan, eta aurrerantzean, are gehiago kostako zaigu talde immunizazioa lortzea». Txertoekiko konfiantzaren galera ere «oso kaltegarria» izanen dela uste dute biek. «Txertoekiko mesfidantza handia ekarriko du honek, baina kalte hori neurtu ezin denez, agintariek ez dute aintzat hartu», esan du Perezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.