Antsietatea, bakardadea, beldurra, tristura, dolua... Alarma egoera eta konfinamendu neurriak arrastoa uzten ari dira herritar askoren buruko osasunean, eta, horiek arintzeko asmoz, zerbitzu asko jartzen ari dira martxan Euskal Herrian. Psikologoen elkargoek abiatu dituzte arreta zerbitzu horietako batzuk: telefonoz edo postaz laguntza psikologikoa eskaintzen ari zaizkie herritarrei, doan.
Larrialdi eta hondamendietarako psikologoen taldeak ari dira kudeatzen kontsultak, martxoaren amaieratik. Koronabirusak eragindako «krisiari» unean uneko erantzuna ematen ari zaie ehunka profesional, larrialdi egoerak herritarrengan sortutako desoreka emozionalak bideratuta. «Gure helburua da ezinegona duen pertsona hori laguntzea, entzutea eta orientatzea». Arabako Psikologoen Elkargoak martxoaren 26an jarri zuen martxan doako arreta psikologikoa, eta Mertxe Rodriguez koordinazio taldeko kideak beste 70profesionalekin batera lan egiten du boluntario gisa. «Gure lana krisi egoera baterako zerbitzu gisa ulertu behar da; hau da, unean uneko esku hartze bat da». Azaldu duenez, egungo egoera zehatzari erantzuna ematen ari dira soilik, eta euren helburua ez da inolako terapiarik egitea. Hala, zerbitzua erabiltzen duenari «euskarri emozionala» eta «berehalako laguntza» ematen saiatzen dira.
Araban, arreta zerbitzua jarrizutenetik, 160 lagun baino gehiago artatu dituzte, eta azken asteotan denetarikoak izan ari dira jasotako kezkak.«Lehen fasean, gaixotasunen bat izan eta desegonkortu direnen kasuak artatu genituen gehienbat; orain, berriz, egoerak gainezka egin eta kontrola galtzen ari direnak dira nagusi». Izan ere, koronabirusaren krisiak ugaritu egin ditu antsietate eta larritasun egoerak, eta sintoma horiek dituztenak dira, alde handiz, kontsulta gehien egiten dituztenak. «Erdiak baino gehiago dira kezka hori dutenak». Etxe barruko arazoengatik ere asko izan dira laguntza eske deitu dutenak: «Familian bizi diren asko kezkatuta daude etxeko adinekoek gaitza izan dezaketelako edo haurrak ezin direlako etxetik irten». 65 urtetik gorako emakumeak dira, nagusiki, Araban zerbitzua erabiltzen dutenak. «Andreek zaintza lanak egiten dituzten heinean, logikoa da desoreka gehiago izatea», dio Rodriguezek.
Pandemia hildako asko uzten ari da, eta doluarekin lotutako kontsultak ere jasotzen ari dira Arabako psikologoak. «Doluaren fasea behar bezala egiteko, ezinbestekoa da hildakoa agurtzea, baina orain ezinezkoa da, eta ezintasun eta etsipen hori azaleratzen ari dira herritar asko».
Antzeko kezkak jasotzen ari dira Psikobizin, Bizkaiko Psikologia Elkargoak abiatutako arreta zerbitzuan. Hildakoei agur egokirik ezin emateak sortzen duen «oinazea» kudeatzeko laguntza ematen ari dira, Rosa Izquierdo Psikobiziko koordinatzaileak dioenez: «Gaixotutako senidea zaindu ezin dezaketenek eta hildakoa agurtzeko aukerarik ez dutenek deitzen digute, etsita eta, sarri, gaindituta».
Zerbitzua martxan jarri zutenetik, 250 pertsona baino gehiago artatu dituzte Psikobizin. Egoera zaurgarrian daudenak, bakarrik bizi direnak edo etxe barruan indarkeria pairatzen dutenak dira, besteak beste, egunotan arreta psikologikoa eskatzen duten kolektiboak. «Bereziki kezkagarria da bakarrik bizi diren pertsonen egoera eta aurretik emozionalki desorekak zituztenena. Segurtasuna galtzen ari dira alor guztietan».
Osasun alorreko profesionalek ere askotan jotzen dute Psikobizira: «Gehienak beldurtuta eta akituta daude, eta oso kezkatuta daude etxekoak kutsatu ditzaketelako. Sarritan, gainera, familia unitatea bera berrantolatu behar izaten dute, eta etxean ez dute jasotzen behar duten babesa». Mediku eta erizain askori «zama emozionala» arintzeko aholkuak ematen ari zaizkie egunotan, Izquierdok azaldu duenez.
Gazteen higadura, orain
Alarma egoera luzatu ahala, etxe barruko harremanak tenkatuz doaz, eta gero eta gehiago dira egoera bideratu nahian laguntza eske deitzen dutenak, Izquierdok jakinarazi duenez. «Higadura bat sumatzen ari gara». Pertzepzio bera dute Arabako arreta zerbitzukoek: azken egunotan gazte gehiago ari dira deitzen arreta telefonora, asko eta asko «gainezka» egiten ari direlako itxialdiarekin. «Itxialdiaren amaiera atzeratu ahala, etsipenak gora egiten du, eta bere buruarengan kontrol gutxiago duenak egiten du eztanda; hau da, gazteak».
Egoera berrira «egokitzea»nekeza izaten ari da herritar askorentzat, Lidia Ruperez Nafarroako arreta psikologikoa eskaintzen duen zerbitzuko buruak dioenez. «Egoerari eusteko baliabideak amaitzen ari zaizkie, eta nekea eta tristura loratzen ari dira». Hilabete baino gehiago etxean itxita egotea«herstura» sortzen ari zaie herritar askori, eta, ondorioz, lau hormaren arteko elkarbizitza ere okertzen ari da. Jasotako kontsultetan kezka hori sumatu du Ruperezek, eta nabarmendu du etxean egoteagatik antsietate krisiak dituztenek maiz jotzen dutela zerbitzura.
Herritarren kezkak artatzen dituzten psikologoak bat datoz: egoera hau berria da, inork ez daki nola kudeatu, eta «normaltzat» hartu beharko genuke askotariko emozioak sentitzea. «Guk tresnak eskaintzen dizkiegu egunerokoari eusteko eta euren buruak eta ingurukoenak zaintzeko», dio Izquierdok. Ruperez: «Etxekoei norbere emozioen berri ematea gomendatzen dugu, eta konfiantza dugun horrekin enpatia erabiltzea».
Koronabirusa
Euskarri bat barruak husteko
Psikologoen Elkargoa doako arreta psikologikoa eskaintzen ari da, telefonoz eta posta elektronikoz. Antsietatearekin, izuarekin eta doluarekin lotutako kezkak dira nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu