Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politikoaren testu artikulatua idazteko proposatutako adituek atzo aurkeztu zuten txostena Eusko Legebiltzarrean. Testu nagusia EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk adostu dute, eta EH Bilduk testu propioa aurkeztea erabaki du. Atzo adituek eginiko bileran, bakoitzak idatzi bat eraman zuen, txostenean erantsiko dena, beren boto partikularrak eta abarrak azaltzeko. Hala egin zuen Iñigo Urrutia EH Bilduk izendatutako ordezkariak ere, eta, idatzi horretan, azaldu du oinarri eta printzipioak «ezagutezinak» direla hirukoaren testuan, «ez ikusiarena» egin zaiela edo haien kontrakoa dela. «Batzorde teknikoak ezin du ordezkatu lantalde parlamentarioa», ohartarazi duenez.
Testu nagusiarekiko desadostasunen artean, Urrutiak azaldu du testu horrek «erabat bere» egin duela «marko autonomikoa», oinarriak «beste bide batean» bazihoazen ere: «Bestelako erakunde bat sortzeko bidean, Euskadiko Autonomia Erkidegoa bilakatuta erkidegoei dagozkienak baino gaitasun handiagoak izango dituen erakunde bat». Gainera, azpimarratu du Euskal Herriko gainerako lurraldeekiko harremanetan ez dagoela aldaketarik 1979ko estatutuaren aldean, oinarriek «barne harremanen sistema berri bat» proposatzen bazuten ere, eta salatu du euskal naziotasunaren kontzepturik ez dela jaso testu artikulatuan, oinarriek berariaz aipatu arren.
Kontzertu Politikoari dagokionez, Urrutiak uste du testu nagusian jasotako Batzorde Mistoak eta haren egitekoak ez dutela nahikoa bermerik ematen Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagozkien eskumenak babesteko; besteak beste, oinarrietan jasotzen zelako Espainiako Auzitegi Konstituzionalean sala berezi bat sortzeko aukera, eta halakorik ez delako ageri testu artikulatu nagusian. Horren ordez, Urrutiak proposatu du ezen, Kontzertu Politikorako Batzorde Mistoan Espainiaren eta «Euskal Estatu Erkidegoaren» arteko adostasunik ez badago, Eusko Legebiltzarrak«foru baimena» ezarri ahalko duela gehiengo absolutuz, erkidegoan ezar ez dadin arau hori.
Bestalde, Legardaren, Elizondoren eta Lopez Basagurenen dokumentuko eskubideen zerrenda bere egin du Urrutiak, EH Bilduren agirian ere horiek jasota. Izan ere, Autogobernu Lantaldeak onartutako oinarri eta printzipioetan, atal horrek izan zuen babes zabalena —EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosena—, eta adostasun horrek iraun zuen batzorde teknikoan ere. Adituek landu zituzten lehen gaietako bat izan zen eskubideena, eta EH Bilduk azken asteetan hartu du testu nagusitik kanpo geratzeko erabakia.
Irteerarako mekanismoa
Erabakitzeko eskubidearen atalean, berriz, Urrutiak azaldu du ez litzatekeela xedapen gehigarri batean jaso behar, bertan sartzen baitira arau baten testuan lekurik izan ez duten elementuak, «baina erabakitzeko eskubidea ez zen horrela eratu behar, askoz zentralitate handiagoarekin baizik, estatu berriaren ardatzetako bat den neurrian». «Erabakitzeko eskubidea da Estatutu Politiko berriaren jatorria eta oinarria, eta, beraz, tresna demokratiko legitimoa da euskal herritarrek momentu historiko bakoitzean nahi duten autogobernu mailak eskuratzeko», erantsi du Urrutiak bere dokumentua azaltzeko idatzian.
EH Bilduren proposamenak 22. artikuluan jasotzen ditu parte hartze politikorako eskubideak, eta, haien artean, adierazten du «erreferendumak eta galdeketak, herritarren nahiz erakundeen ekimenez eginikoak, edozein gai publikori buruz» planteatu ahal izango direla, «baita euskal herritargoak modu librean beste lurralde nahiz erkidego politiko batzuekin ezarri nahi dituen harremanei buruz» ere.
Adierazpenaz harago, 170. artikuluan xehatzen da zer prozedurari jarraitu Euskal Estatu Erkidegoak Espainiarekiko harremana eten dezan. Batetik, Eusko Legebiltzarrak egitasmoa onartu beharko du, gehiengo absolutuz, eta, legebiltzarra desegin eta hauteskundeak egin ostean, parlamentu berriak berriro onartu beharko du, gehiengo absolutuz berriz ere —proposamena legealdian behin aurkeztu ahal izango da, gehienez—. Hala onartzen bada, Espainiako Estatuarekiko ituna berrikusteko borondatea jakinaraziko zaie Europako Batasunari eta nazioarteko beste erakunde batzuei, eta, sei hilabeteko epean, herritarrek erreferendum bidez berretsi beharko dute erabakia.
Gero, Espainiako Estatuak eta Euskal Estatu Erkidegoak akordio bat negoziatuko dute, itun konfederala berrikusteko forma eta baldintzak ezarriko dituena. Azkenik, Espainiarekiko ituna indarrean sartzen denean, utzi egingo zaio Espainiako Konstituziotik eratorritako ordenamendu juridikoa erkidegoan ezartzeari. Bi urteko epean adostasunik lortu ezean, Espainiako Konstituzioa ezartzeari utziko lioke Euskal Estatu Erkidegoak.
Estatus politikoa. EH Bilduren proposamena
EH Bilduk foru baimena lukeen «Euskal Estatu Erkidegoa» eskaini du
Aditu taldean aurkeztutako agirian, Espainiarekiko ituna aldatzeko prozedura jaso du: gehiengo osoa, erreferenduma eta negoziazioa. Urrutiak uste du testu nagusiak desitxuratu egin dituela oinarriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu