Haranburu baldintzapean aske uztea ukatu dute, beste behin

Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak adierazi du Haranburu «arrisku bat» litzatekeela ETAk jarduera armatua berriz hartuko balu. Kasazio Auzitegira jotzea aztertzen ari dira

Elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Senperen, auzitegiaren erabakiaren kontra protesta egiteko. GILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Preso segituko du. Frederic Haranburu Xistor euskal presoa baldintzapean aske geratzeko eskaera errefusatzea erabaki du Zigorrak Ezartzeko Auzitegiko epaileak. Presondegian 30 urte iragan ondoren, Haranburu askatzea ordena publikoa «azkarki trabatzea» litzatekeela, eta uste du «arriskua» litzatekeelaETAk jarduera armatua berriz hartuko balu.

Haserre mintzatu da Maritxu Paulus Basurko Haranbururen abokatua: «Beste garai bateko erabaki baten aurrean gara», salatu du. «Gaur egun, nola erran dezakegu badela arriskua ETAk borroka armatua hartzeko, eta nire bezeroa berriz horretan sartzeko? 65 urte ditu, osasun arazo larriak ditu. Nola aurreratu halako argumentuak inolako justifikaziorik gabe?». Paulus Basurkoren hitzetan, argumentu orokorrak baizik ez ditu ekarri epaileak, aitzinetik prokuradoreak emandako berak. «Ez dio erantzuten nik aurkeztutako dosierrari. Bere proiektua, bermeak, bere alde mintzatzen ziren jendeak... sekulako elementuak genituen, eta erabat baztertuak izan dira». Azaldu du bi urteko prozeduraren ondoren datorren erabakia dela: «Lehena baikorra izan zen [uztailaren 5ean Haranburu askatzearen alde egin zuen epaileak]; esperantzak sortu zituen, eta, orain, ezezkoa». Mina eta dezepzioa aipatu ditu abokatuak.

Gaur-gaurkoz, Kasazio Auzitegira jotzeko aukerak aztertzen ari direla azaldu du Paulus Basurcok; beste aukera prozedura berriz hastea litzateke. «Gaur egun ez da horretan, ez du indarrik». Prozedura «luzeak eta pisuak» direla ohartarazi du: «Eskaera egin ahal izateko, batzorde baten oniritzia behar du; horretarako, presoari egonaldi bat eginarazten diote zentro berezi batean —Frantzian hiru zentro baizik ez daude—. Sei astez joaten dira, eta hainbat aditurekin elkartzen dira han, zenbait txosten egiteko haien egoeraren inguruan. Prozedura luze eta pisuak dira, presoaren engaiamendu handia eskatzen dutenak». Beste aukera zigorrak kommutatzea litzateke: bizi guztiko zigorra 30 urtera ekartzea, zigor hori izanen zuketelako Espainian epaituak izan balira. Frantziako presidenteak hartu beharko luke erabakia. Prozedura abiatua dute, baina oraindik ez dute baiezkorik izan.

Erabaki gehiago

Frantziako Dei Auzitegiak gaur emango du Iratxe Sorzabal euskal presoaren aurkako euroagindu eskaeraren ebazpena. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu zuen, ETAren 1995eko Alacanteko (Herrialde Katalanak) atentatu bategatik presoa Espainian epaitzeko. Xantiana Cachenaut defentsa abokatuaren arabera, Sorzabalek 2001ean Guardia Zibilaren atxiloaldian torturapean egindako adierazpenetan oinarritzen da Madril akusazioa aurkezteko.Orain arte, Auzitegi Nazionalak presoaren aurka eskatutako hiru euroaginduetatik bi onartu ditu Parisek, beste atentatu batzuekin lotuta.

Urriaren 16an, Josu Urrutikoetxearen kontrako euroagindu eskaerak aztertuko dituzte. Bezperan, Lorentxa Beirie baldintzapean aske uzteko eskaera ebatziko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.