Gipuzkoa ez da salbuespena. Bizkaiko Foru Aldundiak bihar piztuko ditu ordainketa arkuak N-240 eta BI-625 errepideetan, eta, horrenbestez, bide horiek erabiltzeagatik ordaindu beharko dute ibilgailu astunek. Nafarroan, berriz, urtearen amaieran ezarri nahi du lehen bidesaria, A-1 autobiaren bere zatian (N-1).
Ikusi gehiago: Garraiolarien protesta artean, Gipuzkoa bidesariak ordainarazten hasi da berriro
Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa zen urtarrilaren 1erako jartzea bidesaria honako bi errepide hauetan BI-625an (Basauri eta Arakaldo artean) eta N-240an (Ubide-Galdakao). Lehenengoak ia hamabost kilometro ditu, eta egunean 1.700 kamioik erabiltzen dute; 1.600 kamioik zeharkatzen dute N-240a.
Azken unean, ordea, Bizkaiko Aldundiak erabaki zuen bidesariak kobratuko dituzten makinak ez piztea, eta aste gehiago ematea garraiolariei ordainketa sistemak ezartzeko eta eskainiko dituen deskontuetako izena emateko —636k jada egin dute—.
Gipuzkoan indarrean dagoen free-flow sistema baliatuko dute Bizkaian ere. Ibilgailuak kameraz betetako arkuen azpitik igaroko dira, geratu gabe, eta horiek aterako dituzten argazkiekin jakingo du aldundiak kamioi bakoitzak errepidearen zer zati erabili duen. Ordainketa Via-T eta antzeko ordainketa sistema elektronikoen bitartez egin beharko dute ibilgailuen jabeek; halakorik ez badute, ordainketa agindua ibilgailuaren jabearen helbidera iritsiko da. Ordaintzen ez dutenei isuna jarriko diete.
BI-625 osorik zeharkatzen dutenek 4,50 euro ordaindu beharko dituzte, eta 17,34 euro, berriz, N-240tik doazenek. Deskontuak izango dira, ordea, errepidea askotan baliatzen dutenentzat —%13 gutxiago ordainduko dute hilean gutxienez hogei aldiz erabiliz gero— eta gutxiago kutsatzen duten ibilgailuentzat —%25eko deskontua—.
Bigarren epe batean, udaberrian ziur aski, ordainpekoak izango dira beste hiru bide: Txorierriko korridorea (Erletxe-Barakaldo), Kanpazarko bidea (Gipuzkoako mugatik Abadiñoraino) eta A-8aren zati bat (Abantotik Kantabriako mugaraino).
Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegitura diputatuak gezurtatu egin du neurriaren helburua diru bilketa hutsa denik. Ibilgailu astunak herriguneetatik eta errepide estuetatik atera eta ordainpeko autobideetara bidali nahi dituzte, eta dirua bildu errepide sarean mantentze lanak egiteko. Aldundia bereziki kezkatuta dago Hegoaldeko Saihesbidearen erabilera txikiarekin.
Okupatu gehiago
Nafarroako Gobernuak ere progresiboki ezarri nahi ditu bidesariak gaur egun kamioien trafiko handia duten bideetan. A-1 (N-1) autobiako bere zatiarekin hasi nahi du, Gipuzkoako mugatik Arabakora, Etzegaratetik Ziordiara, 2023. urtea amaitu aurretik, Bernardo Ziriza Lurraldeko Kohesioko kontseilariak urrian Parlamentuan azaldu zuenez. Ordutik hona berritasunik ez dela izan esan diote sail horretako iturriek BERRIAri.
Iazko ekainean onartu zituen Nafarroako Parlamentuak bidesariak, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren botoekin. Europako Batzordeari bidesariak jartzeko baimena eskatu dio gobernuak, baina oraingoz ez du erantzunik jaso. Hori lortutakoan, Nafarbide sozietate publikoa osatuko dute bidesariak kudeatzeko. Parlamentuko iturrien arabera, kanpoko aholkularitza etxe bat ari da haren estatutuak lantzen uneotan, baina oraindik ez zaie zirriborrorik aurkeztu taldeei.
Bildutako bidesariarekin Nafarroako errepide sarean egin beharreko konponketak egingo dituela ziurtatu du gobernuak, azken urteetan arlo horretan motz geratzen ari dela uste baitu. Haren kalkuluen arabera, urtero gutxienez 70 milioi euro behar dira 3.821 kilometroko errepide sarearen mantentze lanak finantzatzeko. Alta, azken hamar urteetan batez beste urtean 28 milioi euro inbertitu dira zeregin horretan; erdia baino gutxiago, alegia. Bidesariekin urtean 45 milioi jasotzea da asmoa.
2024an beste bi bide ordainpeko bihurtzekoak dira. Urtearen lehen erdian, A-68 autobidea, Castejon eta Cortes artean; amaieran, berriz, A-15a (Irurtzun-Leitza) eta A-10a (Irurtzun-Altsasu).
Gehiago itxaron beharko da N-121-A errepidea ordainpekoa izateko: 2026 amaieran edo 2027 hasieran izango da, errepide hori zabaldu eta 2+1 moduko bide bat bihurtzen denean.
Edonola ere, Zirizak ohartarazi du data horiek behin-behinekoak direla eta alda daitezkeela.
Bizkaiak bihar piztuko ditu arkuak N-240an eta BI-625ean
Aldundiaren asmoa da udaberrian kamioientzat ordainpeko egitea beste hiru errepide. Nafarroa Bruselaren baimenaren zain dago garraiolariei bost bide ordainarazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu