Hitz egiten guztia konpondu daitekeela dio uste zaharrak, baina ekonomiak mantra hori askotan jarri du ezbaian. Izan ere, batzuetan, gatazka bateko aldeak legeak behartuta biltzen dira mahai beraren bueltan. Enplegua erregulatzeko espedienteen kasua da, eta tankera bertsuko kaleratze kolektiboena. Enpresak, neurriaren berri ematen duen unean, negoziazio prozesu bat hasi beharra dauka langileen ordezkariekin. Hamabost eguneko edo hilabeteko negoziazioa da, langile kopuruaren arabera, eta haren helburua, «kaleratze kolektiboak saihestu edo leuntzea». Aernnova, PCB ITP Castings eta Kelvion Thermal Solutions enpresetako langileak prozesu zail horretan murgilduta daude egun.
Aernnovako (Berantevilla, Araba) eta Precision Castings Bilbaoko langileek (Sestao eta Barakaldo, Bizkaia) bilera izan zuten atzo. Zuzendaritzek 101 eta 136 kaleratze egiteko asmoa dute, hurrenez hurren. ITP Aeroren menpe dagoen enpresa bat da PCB, hura dute bezero nagusi. Oihana Guenaga langile batzordeko kidea da (LAB): «Enpresaren aldetik ez da eskaintza berririk egon. Erregulazioa du buruan, eta gu ez gaude ados. Guk argi dugu krisi hau koiunturala dela eta beste tankera bateko neurriak har daitezkeela». Hilaren 23ra arteko tartea dute neurria aldatzeko.
Denboraz justuago dabil Karlos Gomez Aernnovako langile batzordeko presidentea (ELA). Negoziazio epea hilaren 18an amaituko da, eta atzokoa laugarren bilera izan zen. «Kaleratzeak eta kaleratzeak baino ez dituzte buruan. Guk eskaera zehatza egin diogu: urtebeteko aldi baterako erregulazioa, gero egoera berriz aztertzeko. Eta enpresak? Ezetz. Eta hori egoera ekonomiko bikaina duela kontuan hartuta».
Urtzi Aurrekoetxea (LAB) Kelvioneko (Igorre, Bizkaia) langile batzordeko presidentea da. Bertako egoera larriagoa da, erregulazioak 147 kaleratze eta plantaren itxiera eragingo bailuke. Negoziazioan itxaropen gutxi jarria du. «Orain arte bueltaka ibili dira, ezer zehatzik esan gabe. Batzuetan uste duzu ez duela ezertarako balio, baina itxaropena dugu azken astean taxuzko eskaintzaren bat egingo dutela».
Etsipen sentsazioa nahiko zabaldua izaten da batzordeen artean. Beharturiko negoziazioa ez da loteslea, eta, legeak «fede onez» negoziatu behar dela esan arren, ez du zehazten zer den fede ona. Hor du hutsunerik handiena. Langileek proposamena onartzea ez da beharrezkoa enpresak neurria har dezan. Aldiz, ez sinatzeak gero auzitara jotzeko aukera ematen du. «Negoziazio mahaiek kaleratzeen prezioa ezartzeko baino ez dute balio, eta guk esan diegu ez ditugula sinatuko», gehitu du, kritiko, Gomezek.
Gakoa, azken astea
Negoziazioen azken astera begira daude Kelvioneko langileak, ez baita arraroa enpresak azken unean mugitzea. Udazken honetan, ITP Aerok Zamudion duen plantako langileak ere negoziatzen ibili ziren, eta, hiru astez bilerak egin ondoren, enpresaren eskaintza bakarra azken astean iritsi zen. Kasu hartan, hasieran 194 kaleratze zirenak 121 bilakatu ziren, aldi baterako erregulazio zorrotz baten eraginez eta erretiro behartuak derrigorrezko bihurtuz. GTS eta Matriceria Deustoko batzordeak ere 253 kaleratzeak eragozten saiatu ziren, eta Gestampen mugimendu bakarra azken astean iritsi zen, birkokatze eta erretiro aurreratu batzuekin.
Bitartekaririk gabeko bilerak dira, eta, hasieran, enpresak informazio ekonomikoa ematen du. Sindikatuetako adituen garaia iristen da orduan. Atzo hori gertatu zen PCBren bileran. Guenaga: «Ekonomisten eguna izan zen. Guk LABekoa eraman genuen, eta sekulako txostena egin zuen. Beste sindikatuetako delegatuak ere pozik geratu ziren haren lanarekin. Galdera zorrotzak egin zizkien zuzendariei, eta agiri gehiago eskatu zituen PCB eta ITPren arteko harremana ezagutzeko». Agiri horiek, baina, ez dira beti iristen; Aernnovako batzordeak atzo jaso zituen bigarren bilerarako eskaturiko txostenak.
Mahaitik kanpoko partida
Ez dira traba bakarrak izaten. Bereziki harrigarria da Kelvionennegoziazioen egoera. «Ostiralean dugu hurrengo bilera, eta ez dakigu non izango den. Aurrenekoa Santanderren (Espainia) izan zen, bigarrena Bilbon, eta hau ez dakigu. Kide batek Madrildik etorri behar du, eta ez daki non izango den». Aurrekoetxearen harridura haratago doa. «Bigarren bileran, kaleratzeak saihetsezinak zirela esan ziguten lehenbizi; eta, gero, txoritzar batzuek, funts batzuek alegia, erosteko interesa zutela. Ezin da kontraesan handiagorik egon, eta hau gauza serioa da».
Hiru enpresetako langileak mobilizazioak egiten ari dira: bilerak, lanuzteak... eta argi dute«garrantzitsuak» direla. Gomezek eskarmentua du, gainera. «Erakundeek estu hartu behar dute enpresa. 2016an 145 kaleratze egin nahi izan zituen, eta Jaurlaritza eta aldundia irmo agertu ziren aurka. Orain gauza bera egin behar dute, baina ez dakit prest dauden». Aernnovako langileaklegebiltzarrean agerraldia eginikoak dira, eta ate publiko asko jo dituzte. Orain, PCBkoek hartuko dute bide hori. «Partida mahaitik kanpo ere jokatzen da: kalean, bulegoetan... Eta lortzen duguna horri esker lortuko dugu», gehitu du Guenagak.
Lan merkatua. Negoziazioak enpresetan
Tramite hutsa ala leungailua?
Aernnova eta PCBko langileei ez diete ezer berririk esan zuzendaritzarekin eginiko bileretan. Enplegu erregulazioak eskatzen dituzten enpresak behartuta daude hilabetez negoziatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu