Euskal Herriko hezkuntza alorreko eragileak kritiko azaldu dira Espainiako Hezkuntza Ministerioak atzo iragarritako neurriekin. Erkidegoekin elkarrizketa eta adostasuna irudikatu arren, erabaki guztiak «goitik behera» ezartzea egotzi diote Isabel Zelaa ministroari.
KOLDO TELLITU Ikastolen elkarteko lehendakaria
«Hemengo hezkuntzari dagozkion erabakiak hemen hartu behar dira»
Neurriak bainoago, horiek ezartzeko modua kritikatu du Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Haren irudiko, «Euskal Herriko hezkuntza sistemari eragiten dioten erabakiak Euskal Herrian hartu beharko lirateke». Hezkuntza arduradunek ebaluazioaz «ezer gutxi» aipatu eta, aldiz, «promozioa» lehenetsi dutela salatu du. Hala ere, planteamendua bera ez du gaizki ikusten: «Egungo egoera orokorra mantenduz gero, ebaluazio jarraitua izan daiteke aukerarik egokiena, baina kontuan hartu beharko da, batetik, noiz itzuliko diren ikasleak eskolara, eta, bestetik, ikasle askoren egoera berezia dela: egoera emozionala, familiarena edo teknologia baliabideei dagokiena».
IRATI TOBAR LAB sindikatuko kidea
«Aspalditik ari gara auzi hau salatzen: 155.a ezarri digute hezkuntzan ere»
Hezkuntzari lotutako erabaki guztiak «Madrilek ezarritakoak» izatea gaitzetsi du LAB sindikatuko kide Irati Tobarrek: «Aspalditik ari gara arazo hau salatzen: 155. artikulua ezarri digute hezkuntza alorrean, dekretu bidez, erkidegoen arteko negoziazio edo adostasunez mozorrotuta».
Emaitzak lehenesteko joera ere kritikatu du LABeko ordezkariak: «Erabaki guztiak edukien inguruan ardaztu dituzte, haurren ebaluazioa edukien metaketa hutsera eta emaitzei lotuta, konpetentzien garapenari garrantzirik eman gabe. Ikasle asko atzean geratu direla aitortu dute, arrakala digitala eta soziala onartuz. Beraz, ikasle guztien hezkuntza eskubidea ez da bermatu, eta lehenetsi egin da ikasleen tele-ikaskuntza, eredu produktibista bati guztiz lotuta dagoena». Azkenik, neurri berrien aplikazioa sindikatuekin adosteko galdegin die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.
AITOR IDIGORAS Steilas sindikatuko kidea
«Diagnostiko sakona behar da, eta aurkeztu dutena adabaki bat da»
Steilas sindikatuko eledun Aitor Idigorasek ez ditu begi onez ikusi Espainiako Hezkuntza Ministerioak iragarritako neurriak, eta «gogoeta sakona» eskatu du, «ikasturte hau ahal bezain txukunena bukatu eta hurrengoa berme osoz prestatzen hasteko». Idigorasek uste du ebaluazioek «irakasle taldeen esku» egon beharko luketela, eta, heldu den ikasturtean, ikasleek «ahalik eta arreta pertsonalizatuena beharko dutela», batez ere egoera zaurgarrian izan direnak: «Horregatik, ez du zentzurik ikastetxeak udan zabaldu nahi izateak, ez duelako ikasleen arteko arrakala gaindituko, eta kontrakoa ere ekar dezake: ikasle askoren gehiegizko nekea, opor garaia galtzearen sentsazio etsigarria...». Hori dela eta, «egiturazko aldaketak eta inbertsio sendoak» eskatu ditu, «eta ez aurkeztu dituzten adabakiak».
MIREN ZUBIZARRETA ELA sindikatuko kidea
«Sistemaren ardura osoa jarri dute familien eta langileen bizkar»
ELA sindikatuko ordezkari Miren Zubizarretaren ustez, «Madrilera begira» daude Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, «ustez, hezkuntza eskuduntza osoa duten arren». Horregatik, burujabetza aldarrikatu du, erabakiak hartu ahal izateko.
Irakasle eta sindikalistak salatu du familia eta langile ugari «ziurgabetasun egoera erabatekoan» daudela: «Sistema aurrera eramateko ardura osoa familien eta langileen bizkar jarri dute Hezkuntza Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta oraingo erabakiak ere norabide horretan doaz».
LURDES IMAZ EHIGEko koordinatzailea
«Zelaak gauza bat esan du, baina sailburuak beste batzuk esan ditu»
EHIGE gurasoen elkarteko koordinatzaile Lurdes Imazentzat, «ez dago garbi» ikasle guztiek ikasturtea gaindituko dutenik. «Isabel Zelaak gauza bat esan du, baina, hemen, sailburuak [Cristina Uriarte] beste gauza batzuk esan ditu». Imazentzat, azken hilabetean haurrak eta familiak egokitu egin dira, baita irakasleak ere, baina iruditzen zaio Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak «ahalik eta azkarren» zehaztu beharko duela maila bakoitzean zeintzuk izango diren «oinarrizko edukiak», eta nola «ebaluatuko» dituzten. «Hori da inportanteena. Lehenbailehen jakinarazi behar zaie familiei».
Imazek ez du uste Hezkuntza Ministerioak bere irizpidea inposatuko dienik erkidegoei. «Gainera, alarma egoerarako kaleratutako dekretuan argi adierazi zuten hezkuntzako eskumenak erkidegoek dituztela».
IÑIGO SALABERRIA Heizeko presidentea
«Hezkuntza Sailak erabaki beharko du, eskumena duelako»
Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak planteatutakoa «proposamen baten gisara» ulertu du Iñigo Salaberria Heize ikastetxeetako zuzendarien elkarteko presidenteak. «Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak erabaki behar du, horretarako eskumena duelako». Salaberriak dioenez, halere, «EAErako erabaki zehatzen esperoan» dago Heize. «Badakigu Hezkuntza Saila lanean ari dela». Zalantzak ditu, eta jakin nahi du ikasturtea amaitu bitartean nola egin dituzten ebaluazioak, «zein edukiren gainean», zein neurri hartu beharko diren eduki horiek ikasle orori «modu ahalik eta egokienean» heltzeko... «Aurki jakin beharko dugu».
Ez zaio iruditzen Madrilek bere irizpidea inposatuko duenik. «Erabiltzen ari diren erretorika kontuan hartuta, ez dut aurreikusten». Pentsatzen du, gainera, Espainiako Gobernuak planteatutako «gainditu orokor hori» ez dela «oso logikoa», kontuan hartuta ikastaroaren bi heren jorratu dituztela.
Koronabirusa
Hezkuntza burujabea aldarri
Espainiako Hezkuntza Ministerioak iragarritako neurriak ez ditu Euskal Herriko eragileak asebete: erabakiak inposatzea eta emaitzak lehenestea egotzi diote Zelaari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu