Elikagaien prezioen igoera ez da moteldu: iaz baino %10,1 garestiago daude

Inflazio orokorraren jaitsiera eten egin da, %2,2tik %2,6ra igaro baita uztailean. Hilabete bakar batean %6 garestitu da fruta, eta %5 olioa. Erregaien prezioa ere gora doa

Iker Aranburu.
2023ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Jaisteari utzi dio inflazioak. INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, KPI kontsumo prezioen indizeak lau hamarren egin du gora ekainetik uztailera Hego Euskal Herrian, %2,2tik %2,6ra. Erregaien eta zenbait elikagairen garestitzeari batu zaio turismoari lotutako gastu batzuen igoera.

Uztaileko datuarekin, inflazioa urrundu egin da EBZ Europako Banku Zentralak gogoko duen %2ko mailatik, baina, hala ere, iazko uztailekotik oso behera dago, orduan %10,7ra iritsi baitzen, Ukrainako gerrak energian lehenik eta elikagaietan ondoren puztutako prezio igoeraren olatuan.

Orduz gero, baretu egin dira gauzak energia merkatuetan, Europako Batasuna gai izan baita bere berokuntza premiak betetzeko eta argindarra sortzeko, Errusiako gas gutxiago lortu arren. Horrela, argindarraren eta gasaren prezioak neurtzen dituen atala da gaur egun inflazioari beherantz tira egiten dion faktore nagusia: uztailean, duela urtebete baino %30,3 merkeago zegoen—%26,6 ekainean—.

Gaur egun, elikagaiak dira inflazioari gorantz tira egiten diotenak, eta uztaileko berri txarra da haren prezioak merkatzeari utzi diola. Otsailean eta martxoan jo zuen goia atal horrek, %15,8 garestituta, baina, orduz gero, prezioak jaitsi ez diren arren, motelago igo dira.

Ekainean %10,1era heldu zen, eta maila horretan geratu da uztailean ere; besteak beste, hilabete eskas batean fruta %6,3 garestitu delako eta olioa eta koipeak, berriz, %5. Azken horietan oliba olioa nabarmentzen ari da, iazko lehorteari aurtengoa ere batu baitzaio, eta Andaluziako ekoizpena ohi baino txikiagoa baita.

Erregaiak, garestiago

Uztailean inflazioak gora egitearen beste arrazoietako bat erregaietan dago. Udako oporretan gertatu ohi den moduan, aurten ere erregaiak garestitzen ari dira. Aurten, gainera, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea eta haren aliatuek ekoizpena txikitu dute, eta horrek berekin ekarri du petrolio upelaren prezioek berriro goranzko joera hartzea. Ekainaren amaieran 73 dolarrean saltzen zen Brent upela, baina, orduz gero, ia etenik gabe egin du gora, eta atzo 87 dolarren atarian zegoen.

Igoera hori antzeman egiten da Euskal Herriko gasolindegietan ere. Atzo, batez beste, 1,624 euroan saldu zen gasolio litroa; uztaileko lehen astean 1,485 euro balio zituen. Gasolina, berriz, 1,637tik 1,725era igaro da tarte horretan.Iaz baino merkeago da hori, baina aurreko urtearekiko aldea murriztu egin da ekainarekin alderatuz gero, orduan jo baitzuen goia.

Uda izanik, eta turismoa gora egiten ari denez, asko garestitu den beste atal bat pakete turistikoena da: hau da, ostatua eta garraioa batera kontratatzeko paketeak. INEren arabera, iazko uztailean baino %17,9 garestiagoak izan dira aurten. Jatetxeak eta hotelak, berriz, %5,8 garestitu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.