«Salatu nahi dugu oraindik ere egoitzetan duten egoera erabiltzaileei ezarritako bakartze neurriei dagokienez». Gipuzkoako zahar etxeetako egoiliarren senitartekoak batzen ditu Gipuzkoako Senideak elkarteak, eta orain dela aste batzuk egin zuten salaketa da hori, COVID-19a hesitze aldera hartutako neurriak gaitzesteko. Orain, bereziki, kezkarako motibo da, gizartean nabarmen arindu baitira murrizketak. Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun larrialdia bertan behera utzita dago atzotik, eta ordutegi eta edukiera mugarik gabe ari dira ostatuetan-eta. Nafarroan, bihar bertan behera geratuko dira neurri guztiak, oro har. Salbuespenak gutxi dira, eta tartean daude zahar etxeei buruzkoak: osasun ziurtagiria, adibidez, ezinbestekoa da horietan. Bakartze gogorrak pasatu dituzte egoitzetan bizi direnek bi urteotan, gehienek pairatu behar izan dituztenak baino gordinagoak izan dira, eta familiak arduratuta daude: are «bakartuago» ikusten dituzte orain.
Bertan behera utzitako —eta mugekin egin beharreko— bisiten eta irteeren abisuak ohikoak dira. Senitartekoen arrangura ulertzen duela esan du Matia fundazioko egoitzetako zuzendari mediko Cinzia Sanninok: «Adinekoak, komunitate orokorrarekin alderatuta, bazterrean geratu dira». Horren atzean, hein handi batean, adinekoak babestu beharra egon dela gogoratu du Matiako ordezkariak. Egoitza asko handiak dira, batera bizi dira ehunka pertsona, eta denak oso zaurgarriak dira COVID-19aren aurrean. «Ondo planifikatu behar dira egoerak», azaldu du. «Ondo antolatu behar izaten dira, adibidez, egoitzarako sarrerak eta irteerak». Eremutan banatu dituzte egoitza gehienak, birusaren transmisioa eragozte aldera, baina zailtasun handiak izan dituzte. Eta argi du: bisita «seguruak» lortu behar dituzte. Baina bat dator: «Egoitzetan oso-oso zorrotzak izan dira baldintzak». Eta egoera malgutu egin behar dela uste du: «Beldurra galdu behar dugu, hein batean».
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zentroek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako irizpideen arabera erabakitzen dute kutsatuta dauden egoiliarrekin-eta nola jokatu; bisiten gaineko irizpideak aldundiek ezartzen dizkiete, Jaurlaritzako Osasun Sailarekin hitzartuta. Aurki neurriak «arintzea» espero du Sanninok. Gainera, uste du azken hilabeteotako egoera epidemiologikoak modua eman dezakeela horretarako: «Oraindik, COVID intzidentzia oso handia da, baina hilkortasuna apaldu egin da». Esan du egin beharko diren urratsak eraginkorrak izate aldera garrantzitsua dela egoerari buruzko «azalpenak» ondo eta jori ematea adinekoei eta haien senitartekoei, hor egin behar dela lana: «Ahaldundu egin behar dute».
Egoiliarren senitartekoeksentitzen dute egoitzetako kudeatzaileek eta instituzioek askotan esan dizkietela hitz onak, baina ez daude konforme egoerarekin. «Egoitzetako egoerak ez du zerikusirik gizartean, oro har, gertatzen ari denarekin: ghetto bat dira», salatu du Madalen Ibañezek. Gipuzkoako Senideak elkarteko kidea da, eta ama Donostiako egoitza batean du; han egin du izurri osoa. Bisitetan-eta hobekuntza batzuk izan direla onartu du, baina galdera bat du buruan jiraka, horiekin konformatu behar duten: «Aski da?». Berez, egoitzetan bizi direnen askatasuna «mugatuta» egon ohi dela gogoratu du, eta tentuz aztertu behar dela horietan zer gertatzen den. Izan ere, instituzio batek ezarritako arauen arabera bizi behar dute ezinbestean egoiliarrek, eta, askotan, oso zaurgarriak dira: burua galduta daudenak, adibidez, asko dira. Eta zurrunduta ikusten dituzte oso haiei ezarritako mugak. «Lehen ere bazeuden; orain, gehiago».
Txaro Markinezek Bizkaiko egoitza batean du ama, eta eskubide galera hori orain askoz ere nabarmenagoa dela adierazi du berak ere: «Helburua da hildakorik ez izatea; berdin zaie nola», adierazi du: «Hildakorik ez badago, ez da ezertxo ere gertatzen».
Bide meharragoak
Horiek horrela, mehartu egin zaizkie senideengana heltzeko bideak. «Senide batzuekin berba egin dut, eta, egoitza askotan, adibidez, ezin dira logeletan sartu», azaldu du Markinezek. Urrizek ere jaso ditu antzeko kexuak familiartekoen partetik: «Bisita ezinbestean kanpoan egin behar da askotan». Eguraldi txarrarekin, oztopoa da hori. Ordua aurrez eskatuta egin behar dira bisitak orain toki askotan, baldintza «zorrotzekin». Aldatu egiten dira egoitzaz egoitza, egoera epidemiologikoaren arabera ere bai, baina estuegiak dira sendientzat. «Hori ez da normaltasuna».
Beste arazo bat ere badago muinean. Egoitzetako langileak protestan ari dira, oro har, Hegoalde osoan. Lan baldintza hobeak eskatzen dituzte, eta, bide batez, adinekoak zaintzeko asti gehiago. Eratuta dauden senitartekoen elkarteek ulertzen dute langileen kexuaren zioa. «Gutxieneko baliabideekin ari dira lanean», onartu du Urrizek. Horixe ikusi du Markinezek ere: «Lantaldeak oso eskasak dira». Eta horrek dena zaildu du. «Lantaldeak ez dituzte indartu. Esaten dute ratioak betetzen dituztela, baina ez dute balio. Pandemia baino lehen gaizki zegoen, eta halaxe dago orain ere».
Ondorioak
Horrek guztiak, batera, ondorio larriak izan ditu adinekoen ongizatean, edade oso handia izateak berez dakartzan arazoei gehituta. «Hilabeteotan, hainbat adinekok bakarrik jateari utzi diote; beste askok, berriz, ibiltzeari...», azaldu du Urrizek. Bakartzeek eragindako narriadura ikusten dute oso sarri senitartekoen eboluzioan. «Ez dute orekarik topatu osasun irizpideen eta horrek ekar dezakeen galera kognitiboaren artean», salatu du Markinezek.
Horiez gain, sarri familiartekoek egoitzetan hartzen diren neurrien gainean «informazio urria» jasotzen dutela kritikatu dute. «Ez dakigu zer gertatzen den egoitzetan. Atea ixten dute, eta ez gara ezertaz jabetzen. Hitza eman behar ligukete», adierazi du Ibañezek. Markinez bat dator: «Familiok informazio oso gutxi dugu». Onartu du egoera ez dela iguala zahar etxe denetan: «Denak ez dira berdinak; hori ere esan behar da». Baina arazo antzekoez mintzatzen dira gehienetan familiartekoak.«Ekintza gutxi izaten dituzte egoiliarrek egiteko». Egonean ikusten dituzte maizegi. Gaiaren gaineko kontzientzia handiagoa nahi lukete, baina Ibañezek uste du ez ikusi nahi bat dagoela arazoaren muinean: «Adinekoak munduan daude, baina ez ditugu ikusi nahi».
Koronabirusa
Gehienak baino «bakartuago»
COVID-19aren harira ezarritako murrizketak arintzeko astea da, eta sendi asko arduratuta daude zahar etxeetan indarrean diren neurri «zorrotzekin». Egoitzak irekitzea nahi dute, beste arloen pare
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu