Apirilean antzemandako suspertze zantzuak guztiz baieztatu dira maiatzean. Kopuru hutsei erreparatuta, hilabete ia historikoa izan da Hego Euskal Herriko lan merkatuan. SEPE Espainiako enplegu zerbitzuak apirilean baino 7.549 langabe gutxiago zenbatu ditu enplegu bulegoetan. Bitan soilik gainditu da kopuru hori: 2014ko ekainean (-9.152) eta 2015eko maiatzean (-7.628).
Markarik ez du Gizarte Segurantzaren afiliazioak, baina enplegu sorrera sendoa adierazten du batez beste apirilean baino 8.200 langile gehiagok kotizatu izanak.
Baina datu guztiek dute beren ifrentzua. Langabeziarena da gaur-gaurkoz oraindik 10.000 langabe gehiago daudela koronabirusa hedatu aurretik baino; enpleguarena, berriz, artean 2020ko otsailean baino 5.000 lanpostu gutxiago daudela, eta kontratazioaren prekaritateak ez duela etenik: kontratuen %7 baizik ez dira mugagabeak izan.
Lan merkatuaren ahulgune horiei erreparatu diete sindikatuek. «Prekaritateak bere horretan jarraitzen du», nabarmendu du ELAk, eta gogorarazi du Hegoaldeko langabezia tasa (%12,2) EBkoaren (%7,3) gainetik dagoela. Lan erreforma aldatzeko eskatu du ELAk, eta ildo horri eutsi dio LABek ere: «Prekaritatearen rankinean ere Europako buruan gaude, baina azken lau hamarkadetako erreformek ez dute lagundu aldi baterako kontratazioaren abusua murrizten». Maiatzeko datuek «hobekuntza» erakutsi arren, «ezin da triunfalismoan erori, egoera txarra baita», EAEko CCOOren arabera.
Baikorrago agertu da Mari Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialetako kontseilaria, Nafarroan inoiz baino jende gehiago ari delako Gizarte Segurantzan kotizatzen: «Enpleguari eta afiliazioari dagokienez, pandemiaren aurreko egoerara itzuli gara».
LANGABEZIA
Hobera, baina okerrago
Lanbideren eta Nafar Lansaren 161.178 langabe zeuden erregistratuta maiatzaren amaieran, hilabete lehenago baino 7.549 gutxiago. Lurralde guztietan apaldu da langabe kopurua, baina batez ere Nafarroan (-3.185). Lurralde horrek eman ditu daturik kaskarrenak azken hilabeteotan, eta hura izan da azkena urte arteko tasa negatiboetara itzultzen.
Iazko maiatzean baino 21.614 lagun gutxiago daude langabezian; datu ikusgarria da, baina tentuz hartu beharrekoa. Izan ere, iazko maiatzean konfinamendutik poliki-poliki ari zen ateratzen euskal ekonomia, eta udazkenera arte ez zen murrizten hasi langabeen kopurua.
Agian egokiagoa da urte arteko konparazioak 2019arekin egitea, eta hor ikusten da koska ederra dagoela oraindik gainditzeko, orduan baino 16.000 lagun gehiago baitaude langabezian. Oso litekeena da kopuru hori txikitzea ekainean eta uztailean, hilabete onak izan ohi baitira enpleguarentzat. Turismoan, esaterako, hobekuntza nabaria espero da.
Maiatzean langabeen kopuruak izan duen jaitsiera pandemiaren aurkako murrizketak arintzearekin lotu daiteke; izan ere, zerbitzuak izan dira orain arte mugatuenak, eta sektore horretan aritzen direnen artean txikitu da gehien langabezia(-4.810). Edonola ere, nabarmendu behar da industriak jarraitzen duela urratsez urrats enplegua berreskuratzen (-1.123 langabe). Udaberria iristearekin batera, uzta batzuen bilketak ia 500 langabe gehiago ekarri ditu nekazaritzara.
Sexuen arteko arrakala pixka bat gehiago zabaldu da: langabeen %56,7 dira emakumeak (%14,3ko langabezia tasa), eta %43,3 gizonezkoak (%10,2). Lan merkatuaren inguruko inkestek ez dute alde handi hori erakusten.
ENPLEGU ERREGULAZIOAK
Zerrenda arintzen ari da
Aldi baterako erregulazioan dauden langileen kopurua ere behera doa pixkanaka. Apirilean, 2.522 lagunek utzi zuten egoera hori, eta beste 3.479 izan dira maiatzean. Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera, 28.995 lagun daude aldi baterako erregulazioan. Horietatik, %61ek lanaldi osoa dute etenda, eta %39ek, berriz, partzialki.
AFILIAZIOAK
Galdu dena berreskuratzen
Pandemiaren lehen lau hilabeteetan Gizarte Segurantzak galdutako ia 39.000 kotizatzaileak berreskuratzeko beste urrats bat egin du maiatzak, 8.200 afiliatu gehiagorekin. Kopuru handia da, baina are handiagoak izan ziren udazkenaren hasieran, udan kalera joandako hezkuntzako langileak lanera itzuli zirenean.
Enplegua. Langabeziaren datuak
Ekonomia suspertzeak jaitsiera handia eragin du langabezian
Apirilean baino 7.549 langabe gutxiago daude Hegoaldean. Bi aldiz baizik ez da langabezia hainbeste txikitu hilabete batean. Gizarte Segurantzak 8.200 lagun berreskuratu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu