Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bizitza soziala eta aisialdia murrizteko hartutako neurriek izan dute eraginik Hego Euskal Herriko lan merkatuan. Hainbat hilabetez behera egin ondoren, berriro ere ugaritu egin dira ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean dauden langileak: azaroaren amaieran 41.714 ziren, hilabete lehenago baino 15.749 gehiago.
Datu txar horrek kontraste handia egiten du langabe kopuruaren bilakaera onarekin. Ohikoa denez, langabeziak behera egin du azaroan, baina aurten inoiz baino gehiago egin du: 171.963 lagun ageri dira langabe gisa erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan, urrian baino 5.416 gutxiago.
LANGABEZIA
Jaitsiera historikoa
Koronabirusaren krisiak kolpe gogorra eman dio lan merkatuari, eta, horren erakusgarri, duela urtebete baino 25.770 langabe gehiago zeuden azaroan. Baina, hurrengo hilabeteetan egoera izugarri okertzen ez bada, ez dira beteko aurreikuspenik beltzenak, eta langabe kopuruak ez du 200.000 lagunen langa gaindituko. Bide horretan zihoan udan,abuztuan 185.420ra iritsi baitziren, baina ordutik hona ez du okerrera egin, hobera baizik: abuztuan baino ia 13.500 langabe gutxiago daude orain.
Irailean eta urrian, zerbitzuak izan ziren langabeziaren jaitsieraren motor nagusia, hezkuntzari lotutako enpleguen eskutik. Azaroan ere zerbitzuetan jaitsi da gehien langabezia (-2.974), baina beste sektoreen ekarpena ere ez da gutxietsi behar. Aeronautikaren arazo latzak gorabehera, industrian 766 langabe gutxiago daude urrian baino, eta 490 gutxiago eraikuntzan, baina ehunekoetan hobekuntzarik handiena aurretik enplegurik gabekoen artean gertatu da (-979). Gazteak izan ohi dira horietako asko.
Langabeziaren jaitsierak batez ere gizonei egin die mesede, eta, horren ondorioz, emakumeek langabeen artean duten pisua lau hamarren igo da, %55,8raino. Horrela, SEPEren datuak INEren biztanleria aktiboarekin erkatuz gero, emakumeen %14,9 daude lanik gabe, eta gizonen %10,9.
Lurraldeei erreparatuz gero, Nafarroa da salbuespena, han gora egin baitu langabeen kopuruak (+619). Asko murriztu da kopurua Bizkaian (-2.349) eta Gipuzkoan (-1.547), baina, bere biztanleria kontuan hartuta, Arabak eman du daturik onena (-2.139). Ikusi beharko da, ordea, zer gertatuko den hurrengo asteetan, aeronautikan eta autogintzan iragarritako kaleratze gehienak gauzatzen direnean.
ERREGULAZIOAK
Berriro gora
Aldi baterako enplegu erregulazioan zeudenen kopuruak apirilean jo zuen goia, itxialdia ia erabatekoa izan zenean. Orduan 230.000 langile egon ziren behin-behinean lanetik kanpo, baina kopuru horrek behera egin zuen ekonomia zabaldu ahala. Urrian jo zuen behea, 25.955 langilerekin, baina, espero zen moduan, jauzi bat egin du gora azaroan, 41.704 izateraino. Ostalaritzako langileak dira batik bat, tabernak eta jatetxeak itxita egon baitziren ia azaro osoan. Joan den astean zabaldu ziren batzuk Nafarroan, eta horren eragina ikus daiteke datu batean: gehiago dira batez beste aldi baterako enplegu erregulazioan egon diren langileak (10.891) hilabetearen amaieran zeudenak baino (10.560). Hau da, pentsa daiteke zerbitzari batzuk erregulaziotik atera dituztela tabernetako jabeek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, kontrakoa gertatzen da, beranduago itxi zituztelako ostatuak —abenduaren 7an—, baina oraindik itxita daudelako; ondorioz, hilabetearen amaieran erregulazioan langile gehiago zeuden (31.149) batez beste azaroan baino (30.891).
Aldi baterako lan erregulazioan dauden langileak ez dira langabetzat hartzen, haien kontratuak ez baitaude hautsita, etenda baizik.
Ostatuen itxieraren eragina beste datu batean ere ikus daiteke: autonomoen prestazio berezia 21.344 lagunek jaso dute azaroan, eta urrian 7.653 baizik ez ziren izan. Hau da, ia 13.700 autonomo gehiagok jaso dute laguntza, beren negozioak itxita daudelako edo oso diru-sarrera apalekin.
AFILIAZIOAK
Hilabete motela
Langabe kopurua jaitsi den arren, ia ez da aldaketarik Gizarte Segurantzaren afiliazioetan. Batez beste, 1.247.587 lagunek kotizatu dute azaroan, urrian baino 180 gehiagok, eta iazko azaroan baino 23.548 gehiagok. Azaroko datu kaskarrena da 2014. urteaz geroztik, nahiz eta egia den azaroak ez duela arlo horretan oso kopuru esanguratsurik ematen. Edonola ere, kezkarako beste datu batekin uztar daiteke: sinatutako kontratu kopurua ia %15 txikitu da iazko azaroarekin alderatuz gero. Ostalaritza itxita egotearen ondorioa izan daiteke. Gainera, kontratu mugagabeen kopuruak oso maila apalean jarraitzen du: azaroan egindakoen %7,11 baizik ez ziren mota horretakoak.
Lan merkatua. Langabezia erregistratua
Langabeziak behera egin du, baina ia 16.000 lagun gehiago daude erregulazioan
Ostalaritzaren itxierak ABEEak ugaritu ditu, kontratuak gutxitu eta autonomoen prestazio bereziak biderkatu. Emakumeen %14,9 daude lanik gabe, eta gizonen %10,9
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu