Lan merkatua. Langabezia datuak

Langabeziaren igoerak eten bat egin du abuztuan

183.408 langabe zeuden erregistratuta uztailean Lanbiden eta Nafar Lansaren, ekainean baino 1.504 gutxiago. Beste 37.000 langile atera dira erregulaziotik; 50.000 geratzen dira

Iker Aranburu.
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Lau hilabetez zenbaki beldurgarriak eman ondoren, langabeziak igotzeari utzi dio. Uztailaren amaieran 183.408 lagun zeuden lanik gabe Hego Euskal Herrian, hilabete lehenago baino 1.504 gutxiago. Antzeko neurrian handitu da Gizarte Segurantzari kotizatzen dioten langileena ere (+1.472). Hobekuntza apala da, eta, ziur aski, faktore bati lotuta dago: udan ostalaritzan eta turismoari lotutako lanetan sortzen den aldi baterako enpleguari. Hau da, sortu den bezala desagertzeko arriskua du.

Ikusi beharko da zer gertatzen den udazkenean aldi baterako erregulazioan dauden langileekin. Uztailean 50.676 zeuden erregulazioan, Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera. Ekainaren amaieran baino 37.000 gutxiago dira, eta erregulazioek goia jo zutenean baino 180.000 gutxiago.

Erregulazioan dauden langileei buruzko kezka handia azaldu du Borja Belandia Lanbideko zuzendariak: «Arazo larria izango da aldi baterako erregulazioak ezin badira irailetik aurrera luzatu». Ez dirudi hori gertatuko denik, Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak azken egunotan baieztatu duelako baldintza bereziko erregulazioak luzatuko dituztela irailaren 31n amaitzen badira. «Ez dugu babes sistema bat sortu ondoren alde batera uzteko», argudiatu du. Atzo, berriro ere, aldi baterako erregulazioei eusteko deia egin zuten sindikatuek. «Enpleguaren suntsiketa eragozteko eraginkortasun handia erakutsi duen tresna bat da», azaldu zuen Nafarroako UGTk.

LANGABEZIA
Turismoaren ondorioa


Herrialde eta eskualde turistikoetan ez bezala, Hego Euskal Herrian uztaila ez da beti ona izaten enpleguarentzat. Turismoarekin lotutako negozioek enplegua sortu ohi dute, baina beste atal askotan kalera joan ohi dira ordura arte lanean egondako mila langile; hezkuntzan, esaterako. 2018an eta 2019an, gora egin zuen langabe kopuruak. Baina 2020a, nola ez, ezohiko urtea da lan merkatuarentzat ere, eta behera egin du langabe kopuruak, apal bada ere (-1.504).

Bi faktorek azal dezakete aldaketa hori: batetik, ohikoan udan lana galtzen duten batzuek udaberrian galdu dute aurten; bestetik, ostalaritzari lotutako jarduera batzuetan uztailera arte itxaron dute langileak kontratatzeko, herritarrak alde batetik bestera aske mugitzeko debekuak erabat kendu eta negozioak ireki diren arte.

Langabezia batez ere zerbitzuetan jaitsi da (-1.595), baina industrian ere pixka bat jaitsi izanak (-194) erakuts dezake sektore hori jarduera berreskuratzen ari dela. Hala ere, ohar bat egin du Belandiak: «Industria sektorea enpleguari eragingo dioten erabakien aurreko fase batean dago». Hau da, Lanbideko zuzendaria beldur da uda bukatutakoan ez ote den luzatuko kaleratze masiboak iragarri dituzten enpresen zerrenda.

Edonola ere, zantzu positibo horiek guztiek ez dute ezkutatzen egoera larria dela. Iazko uztailean baino ia 40.000 langabe gehiago daude Lanbiden eta Nafar Lansaren. Hau da, %27 handitu da langabezia azken urtean. Igoera handiago bat soilik 2008tik 2009ra ikusi zen, baina hilabete gehiagotan zehar izan zen. Lau urte egin behar da atzera antzeko langabe kopuru bat aurkitzeko.

Langabeen %55,5 emakumezkoak dira, eta %44,5, gizonezkoak. Alde horretatik, koronabirusaren krisiak ez du okertu andrazkoen egoera kaskarragoa, iazko uztailean langabeen %58,5 baitziren emakumeak.

AFILIAZIOAK
Iaz baino 38.000 gutxiago


Langabeak galtzeaz gain, langile batzuk berreskuratu ditu lan merkatuak: batez beste, ekainean baino 1.471 lagun gehiagok kotizatu dute Gizarte Segurantzan. Igoera txikia da, kontuan hartuta martxotik ekainera 38.000tik gora afiliatu galdu zituela sistemak; horietatik bi mila inguru, autonomoak, eta beste hainbat, etxeko langileak.

LANGABEZIA SARIA
Erregulazioek desitxuratutako datua


Aldi baterako erregulazioek guztiz baldintzatu dituzte langabeen babes sistemari buruzko datuak. Izan ere, Espainiako Lan Ministerioak ez ditu bere datuetan bereizten langabezia saria jasotzen dutenen artean zenbat dauden lanik gabe eta zenbat dauden aldi baterako erregulazioan; horiek, sailkapen guztien arabera, ez dira ofizialki langabeak. Horrela, ekainean 153.314 lagunek jaso zuten sari bat; hau da, hilabete horretan lanik gabe zeudenen %87k. Baina horien artean hamarnaka mila dira erregulazioan dauden langileak, Espainiako Gobernuak pandemiaren hasieran onartutako arauek egoera horretan dauden langile guztiei bermatzen baitiete saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.