UDAKO SERIEA. Klimaren larria (I). Mundua, aldaketa betean.

Aldaketatik larrialdira

Agintari askok aitortu dute klima krisian dela mundua, baina betiko joeran diraute erregai kontsumoak eta gas isuriek. Herritarrak hasi zaizkio erantzuten agintarien ekimenik ezari. Klima larrialdiari buruzko seriea argitaratuko du asteon BERRIAk.

Aldaketatik larrialdira.
inaki petxarroman
2019ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Inoizko urterik beroenetako bat izango da 2019a ere. Europa behin eta berriro astintzen ari diren bero oldeek eta Groenlandiaren izotzaren urtze handiak —zientzialarien ereduek 2050erako aurreikusitakoa 2019ko udan gertatzen ari da jadanik— alarma piztu dute zientzialarien artean. Duela zenbait urte klima aldaketa deitzen hasi zena klima larrialdi bihurtu da, eta munduko parlamentu askok adierazpen formaletan berretsi dute hori, besteak beste Erresuma Batuak eta Frantziak. Herritarren mobilizazioak ugaritzen ari dira —irailaren 20 eta 27rako mundu mailako grebarako deia egin du Fridays For Futurek— baina berotegi efektua eragiten duten erregai fosilen kontsumoa ez da apaldu, eta itsasertzean laino beltzak ageri dira, besteak beste, klima aldaketaren ukatzaile erradikalek dutelako esku artean Brasilgo, AEBetako, Australiako eta beste zenbait herrialdetako gobernuen lema. Euskal Herrian ere, CO2 isuriak handitzen hasi dira atzera ere, urte batzuetako geldialdiaren ostean.

MUGIMENDU BERRIEN PIZTEA





Greta Thunberg gazte suediarrak sortu eta mundu osora zabaldutako Fridays For Future mugimendua, Erresuma Batuko Extinction Rebellion, Alemaniako ikatz meategi handien aurkako desobedientzia mugimenduak —Ende Gelande eta beste— eta han eta hemen barreiatutako beste ehunka taldek mahai gainean jarri dute klima krisiari berehala ekiteko beharra. Inoizko protestarik jendetsuenak egin dituzte aurten Europako hainbat hiritan, eta protesta gehiago daude iragarrita. Fridays For Futurek grebarako deialdia egin du irailaren 20 eta 27rako. Euskal Herrian ere, hainbat talde lanean ari dira dei horri nola erantzun erabakitzeko.

ISURIAK, GORA





Parisko Akordioak indarrean jartzeko urtebete falta dela, ez dira gutxi munduan klima larrialdia aldarrikatu duten herrialdeak. Europan, Erresuma Batuak eta Frantziak jadanik egina daukate deklarazioa, eta Euskal Herrian Eusko Jaurlaritza izan da egiten lehena. Alabaina, isurketa datuei erreparatuz gero, ez dago baikortasunerako zirrikitu askorik. Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) 2018rako hartutako datuen arabera, hiru urte igo gabe igaro ostean, 2018an berriz ere handitu ziren berotegi gasen (BG) isurketak munduan: %1,7. Euskal Herrian ere —2017koak dira azken datuak— handitzeko joera hartu dute, krisiaren amaierarekin batera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %5,4 gehitu dira isuriak 2016tik 2017ra, eta Nafarroan, %3,8. Europak helburu bat jarri dio bere buruari: 2030erako gutxienez %40 jaistea gas isurketak 1990ekoekiko, eta %80 2050erako. Eusko Jaurlaritzak helburu bera jarri dio bere buruari, baina 1990. urtea abiapuntutzat hartu beharrean, 2005. urtea hartu du. Kontua da 1990ean 20,8 milioi tona isuri zituela eta 2005ean 25,6 milioi tona. Beraz, abiapuntuak guztiz aldatzen du konpromisoaren neurria. Mundu mailan ere, IPCC klima aldaketari buruzko gobernu arteko taldeko ikerlariek ohartarazi dute munduan bi graduko tenperatura igoera mugatzeko 2050erako %20-50 gutxitu beharko liratekeela BG isurketak. 1970etik 2016ra, ia bikoiztu egin dira mundu osoko isuriak.

TENPERATUREN ETENGABEKO IGOERA...





Zientzialariek aspaldi zehaztu zuten klima aldaketaren sintomatologia: muturreko fenomeno meteorologikoak ugaltzea, lehorteak, suteak, tenperaturen igoera orokorra, izotzen urtze etengabea, itsas mailaren igoera lurreko izotzen urtzeari lotuta... Habitaten aldaketa eta espezieen birkokatzea berotze prozesuaren ondorioen barruan kokatu dituzte. Azken lau urteak beroenak izan dira neurketak egin direnetik.

2018a inoizko urterik beroenetan laugarrena izan zen, eta 2019a ere bide bertsutik joango da. Meteorologoek abisatua dute hilabeteroko informazioetan: esaterako, azken ekain-uztailak neurtutako beroenak izan dira, eta sekulako bero boladek jo dute ipar hemisferioa. Inoizko tenperaturarik beroenak neurtu dituzte Europa osoan. Frantzian, esate baterako, uztailaren 25a inoiz neurtutako egunik beroena izan zen: batez beste 29,4 gradu izan zituzten. Uztailaren 24an, Alemaniako mendebaldean 40,5 gradu izan ziren: sekula jasotako tenperaturarik altuena. Horrez gain, errekor absolutuak gainditu zituzten Erresuma Batuan, Belgikan eta Herbehereetan ere. Igeldon (Gipuzkoa), uztailaren 23an, azken 92 urteotan neurtutako tenperaturarik altuena erregistratu zuten: 39 gradu. Eta ipar poloan, Norvegian, inoizko tenperaturarik altuena neurtu zuten Laskforsen: 35,6 gradu.

...ETA IZOTZEN URTZEA





Europa hegotik iparrera astindu duen bero boladak bete-betean jo du Groenlandia ere, eta horrek inoizko urtzerik bortitzenetako bat eragin du hango izotzetan. Adituen arabera, 40.000 milioi tona izotz urtu ditu bost eguneko beroaldiak, eta horrek 0,11 milimetro igo du itsas maila munduan. Uztail osoan, 200.000 milioi tona izotz urtu dira Groenlandian, eta mundu osoko itsasoen maila 0,5 milimetro igo da. Egun bakar batean, abuztuaren 1ean, 11.000 milioi tona izotz urtu ziren, inoizko gehientsuen eta 2012ko uztailean izan zenaren pare, Danimarkako erakundeen arabera. Groenlandiako izotz geruzaren %60 milimetro bat urtu zen egun bakar batean.

Urtze horiek ezohikoak ziren lehen, baina gero eta sarriago gertatzen ari dira. Ondorioz, aurten, abuztu hasierako inoizko izotz geruzarik meheena dago Artikoan. Zientzialariek 2050erako aurreikusitako hipotesiak 2019ko udan gertatzen ari dira jadanik, eta zenbait adituk uste dute agian berotze globala uste baino azkarrago gertatzen ari dela.

SUTEAK NONAHI





Ipar hemisferioko inoiz ez bezalako beroaldiek sute larriak eragin dituzte iparraldeko basoetan. Siberia ekialdean, 2,5 milioi hektarea kiskali dituzte suteek uztail amaieratik, Errusiako Gobernuaren arabera. Ez da lehen aldia. 2018an ere antzera gertatu zen: 3,2 milioi hektarea baso boreal erre zituzten sugarrek. Ezohiko tenperatura altuek eta ekaitz lehorretako tximistek eragin dituzte suteak, eta Errusiako agintariek, larrialdi egoera deklaratzeaz gain, armada bidali dute hara. Alaskan ere antzera gertatu da. Inoiz neurtutako tenperaturarik altuenak izan dituzte han ere (32,2 gradu), eta 300dik gora sute izan zituzten uztailean. 300.000 hektarea inguru erre zituzten sugarrek han. Sute horietan, CO2 asko isurtzen ari da, eta egoeraren larriaz ohartarazi dute klimaren adituek.

ESPEZIEEN GALERA ETA DEFORESTAZIOA





Klima larrialditik harago, mundua krisi ekologiko larri batean murgilduta dagoela adierazi dute Nazio Batuen Erakundeak aurten emandako beste datu batzuek ere. IPBES Ekosistemen Zerbitzuei eta Biodibertsitateari Buruzko Gobernu Arteko Plataformak bioaniztasunaren inguruan inoiz egindako txosten osatuenaren arabera, milioi bat animalia eta landare espezie inguru gal daitezke hamarkada gutxiren buruan. Egun existitzen diren zortzi milioi espezieetatik, milioi bat daude galzorian; horietako asko hamarkada gutxi batzuen buruan desagertuko lirateke, egungo erritmoan. Arrazoiak: jatorrizko habitat edo ekosistemak galtzea, lurrean eta itsasoan eragindako aldaketen ondorioz. Horrez gain, organismoen ustiapena, klima aldaketa, kutsadura eta espezie inbaditzaileen eragina aipatu dituzte. Egoera horretan, berebiziko garrantzia dute jatorrizko baso eta oihanek, eta alde horretatik ere albisteak ez dira lasaigarriak. Izan ere, Jair Bolsonaro Brasilgo presidente denetik —urtarriletik uztailera—, 3.000 kilometro koadro oihan galdu ditu Brasilgo Amazoniak, aurreko urteko tarte berean baino %39 gehiago. Bolsonarok zin egin zuen oihan babestuak zabalduko zizkiela meatzeei eta nekazaritzari.

BIHAR: Itsasoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.