Europan hegan egitea debekatu diete Boeing 737 Max hegazkinei

Hegaldiak bertan behera utzi dituzte hainbat herrialdek eta konpainiak, badaezpada, Etiopiako istripua eta gero. Hegazkinak kontrolatzeko MCAS sistema dago auzitan

Boeing 737 Max 8 hegazkin bat aireratzen, atzo, New Yorken. AEBetan ez dute debekatu hegaldirik. JUSTIN LANE / EFE.
jakes goikoetxea
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Bi istripu bost hilabetean. Bietan Boeing 737 Max 8 hegazkin berriak, bietan arazoak aireratu eta berehala eta bietan dozenaka hildako. Horixe da orain arte jakin dena. Nahikoa munduko hainbat herrialderentzat eta aire konpainiarentzat Boeing 737 Max 8 eta Max 9 hegazkinen hegaldiak debekatzeko, konpainiek hegazkinak geldirik edukitzeko eta haien hegaldiak beste hegazkin batzuekin ordezkatzeko. EASA Europako Aire Segurtasuneko Agentziak atzo 20:00etatik aurrera debekatu zituen Boeing 737 Max 8 eta 737 Max 9 hegazkinen hegaldi komertzial guztiak —Europako Batasunetik abiatu beharrekoak, EBra iritsi beharrekoak eta EBko aire eremutik pasatu beharrekoak—, «prebentzio neurri gisa» eta «bidaiarien segurtasuna ziurtatzeko». Ikusteko dago erabakiak nola eragingo duen hegaldietan eta aireportuetan.

NON DEBEKATU DIETE HEGAN EGITEA BOEING 737EI?

Europako Batasunak erabakia hartzerako munduko hainbat herrialdek onartua zuten debekua, tartean baita EBko bertako zenbaitek ere. Mundu osoan zabaldu den erabakia da: Txinan, Indonesian, Singapurren, Australian, Afrikako hainbat herrialdetan eta baita Ipar eta Hego Ameriketako beste batzuetan ere.

30 konpainiak baino gehiagok erabaki dute modelo horietako hegazkinak geldirik uztea, Boeing 737 Max 8 eta 9 hegazkin guztien %60tik gora. Mota horretako ia 400 hegazkin dituzte aire konpainiek.

Ameriketako Estatu Batuak eta Kanada dira salbuespen nagusiak. Southwest Airlinesek eta American Airlinesek, Boeing 737 Max 8ak erabiltzen dituzten AEBetako konpainiek, eutsi egin diete hegaldiei. Nabarmendu dute ehunka hegaldiren datuak aztertu dituztela eta ez dutela aurkitu ezer susmagarririk.

ZERGATIK JARRI DITUZTE AUZITAN BOEING 737AK?

Bi istripu izan dituztelako hilabete gutxian, bata Indonesian, bestea Etiopian: 189 bidaiari hil ziren iazko urriaren 29an Indonesiako Lion Air konpainiaren hegaldi batean, eta 157, berriz, Etiopiako Ethiopian Air konpainiaren hegaldi batean, igandean. Etiopian aireratu eta sei minutura izan zituen arazoak. Pilotuek esan zuten hegazkina kontrolatzeko arazoak zituztela.

BA AL DAGO BOEING 737EN AKATSEN FROGARIK?

Oraingoz, ez. Etiopiako istripua ikertzen ari dira, bai herrialde horretako agintariak, bai Ameriketako Estatu Batuetako Garraio Segurtasunerako Erakundea, hangoa baita Boeing hegazkin diseinatzaile eta ekoizlea. EASAk berak esan du: «Goizegi da istripuaren arrazoiei buruzko ondorioak ateratzeko». Horixe nabarmendu zuen AEBetako Nabigazio Administrazioak ere. Ikerketaren lehen urratsetan baino ez daude, kutxa beltzean jasotako hegaldiaren datuak eta kabinako elkarrizketen grabazioak aztertzen.

ZEIN IZAN DAITEKE ARAZOEN JATORRIA?

Hegazkina gobernatzeko sisteman aldaketa batzuk egin dituzte Boeing 737aren Max bertsioetan, aurrekoekin alderatuta. Hegazkina bera aldatu egin zuten: motor handiagoak jarri zizkioten, baina handitze hori orekatzeko lurreratze trena pixka bat luzatu, aurreratu eta altxa egin behar izan zuten. Ondorioa: zenbait egoeratan hegazkinaren muturra gehiegi altxatzen dela. Horri aurre egiteko,MCAS sistema automatikoa jarri zieten, muturra gehiegi altxatzen denean eta baldintza jakin batzuk betetzen direnean muturra jaitsarazteko.

Indonesiako istripuaren hipotesietako bat da, hegazkina aireratzen ari zela, MCAS sistema aktibatu egin zela eta hegazkina behera egitera behartu zuela, lurra jo arte.

HIPOTESI HORREK BA AL DU OINARRIRIK?

Bai, ez da susmo hutsa. Indonesiako istripua gertatu eta egun gutxitara, AEBetako Nabigazio Administrazioak direktiba bat kaleratu zuen gaiari buruz. Konpainiei nabarmendu zien gerta daitekeela MCAS sistemak muturraren angeluari buruzko datu okerrak bidaltzea, hegazkina behera egitera behartzea, altuera galtzea, pilotuek kontrolatzeko zailtasunak izatea eta lurra jotzea. Beraz, konpainiei eskatu zien pilotuei gogorarazteko halako kasuetan jarraitu beharreko prozedura. Kontua da prozedura ez dela ezaguna hainbat piloturentzat, istripuak eta gero izan baitute MCAS sistemaren berri.

Eta Boeingek berak agindu du Boeing 737 Max hegazkinen kontrolerako softwarea eguneratu egingo duela apirilerako —Nabigazio Administrazioak behartu du—, hegazkinak «seguruagoak izan daitezen». Indonesiako istripua gertatu eta gero hasi zen softwarea hobetzen. Hobekuntzen artean dago MCAS sistemaren eragin ahalmena mugatzea eta pilotuak MCAS sistemari buruz prestatzea. Konpainiak berak sistema berrian jarri du aldaketen fokua.

NOLAKOAK DIRA BOEING 737 MAX HEGAZKINAK?

Boeingen 737 modeloaren bertsio berrienak dira eta 138 eta 230 bidaiari artean garraia ditzakete, aulkien banaketaren arabera. 35 eta 43 metro arteko luzera dute. 737 hegazkinak 1967an egin zuen lehen hegaldia; Max motako hegazkinen lehen hegaldia, berriz, 2016an izan zen.

NOLA ERAGINGO DIO BOEINGI?

Burtsan izan du bat-bateko eragina: enpresaren akzioek balioaren %5 eta %6 galdu dute egunotan. Ikusteko daude, ordea, luzera begirako ondorioak, hau da, ea konpainiek eutsi egingo dieten lehendik eskatutako hegazkinei edo eskatzeko asmoa zutenei. Izan ere, 737 Max hegazkinak egiteko 5.000 eskaera baino gehiago ditu AEBetako ekoizleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.