Susperraldiaren botoiari sakatzeko prest dago makina-erreminta

Merkatuak bizi hasi du urtea, AFM klusterrak dioenez, eta %15 arteko hazkundea espero du aurten. Sektoreko fakturazioak %20ko galera izan du 2020. urte beldurgarrian

Susperraldiaren botoiari sakatzeko prest dago makina-erreminta.
xabier martin
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
DanobatGroup, Fagor Automation, Fagor Arrasate, EtxeTar Group, Ibarmia, Koniker, Zayer... Euskal industriaren abangoardia ordezkatzen duten ehundik gora konpainiak osatzen dute AFM makina-erremintaren klusterra; pandemiaren gordinaren lurrikara itzelari aurre egin behar izan diote enpresa horiek denek, baina gaur egun susperraldia hauspotzeko prest daude. Iazko izozte-egoerak %19,65eko jaitsiera ekarri dio sektoreari 2020an, AFMk atzo jakinarazi zuenez. Batez ere Gipuzkoak hartzen duen sektore teknologiko horren galerak, ordea, munduan izandakoen parekoak dira (%19,18), eta Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak uste du «itsaso zakarrean aurrera egiten» asmatu dutela enpresek, «pandemia etorri zenean eskaerak bazirelako, eta urritik aurrera eskera berriak sartu zirelako». Horiek horrela, 1.324,12 milioi euroko fakturazioa izan du alorrak azken urtean.

Azpisektoreka, ordea, badira aldeak. Alegia, enpresa batzuek besteek baino arazo gehiago dituzte. Esaterako, deformazioan aritzen direnei %21,82 apaldu zaizkie salmentak; harroketa makineriarekin aritzen direnei, berriz, %18,68. Dena den, azpisektore guztiek egin dute behera, nahiz eta batzuek hobeto eutsi dioten aparteko egoerari: osagaiek eta erremintek %15 egin dute atzera, eta mekanizazioak eta beste zerbitzu batzuek, berriz, bakarrik %9,31. Edonola ere, enpresek badute oraindik estres maila garrantzitsu bat, eta enpleguan ere sumatu da egoera hori, %5 inguru galdu baitu sektoreak, orotara. 7.600 enplegu inguru zuzen ematen ditu makina-erremintak.

Esan beharrik ere ez dago: esportazioek finkatu dute enpresen errealitatea joan den urtean, eta esportazioak apaldu egin dira, noski, pertsonak eta materiala garraiatzeko arazoak direla eta. %22,25 egin dute atzera atzerriko salmentek, eta 1.006 milioi eurorenak izan dira. Salmenta guztien %76 ordezkatu dute esportazioek, makina-erremintaren nazioartekotze handiaren erakusle.

Aldaketak esportazioetan

Produktu gehien esportatu duten herrialdeen zerrendari begira, ez dago ezuste handirik: Alemania (%11,8), AEBak (%10), Frantzia (%9), Italia (%7,3) eta Txina (%7,3) azaltzen dira lehen postuetan. Baina 2021ean mundu osoko ekonomia erakusten ari den joera bat islatu da lehen hiruhilekoko esportazioetan: Txina eta AEBak lehenago suspertu dira, eta horrek berekin ekarri du Txina izatea euskal enpresen lehen herrialdea esportazioetan.

«Baikortasunez baina errespetuz» begiratzen diote AFMn aurtengo urteari, eta iazko urrian hasita enpresak jasotzen hasi ziren eskaerek hauspotzen dute susperraldi espiritu hori. «2021eko lehen hiruhilekoan ere islatzen ari da merkatuaren bizitasuna», esan du Ortuetak, eta joera horrek zenbat iraungo duen, horren arabera islatuko du urte bukaerak sektorearen susperraldia; %12 eta %15 artekoa izango dela uste dute AFMko arduradunek.

Betiere, espezializazioaren arabera iritsiko da hobekuntza hori enpresetara. Ortuetak azaldu du autogintza sendo ari dela jardunean, nahiz eta galdera marka handi bat duen gainean, trantsizio ekologikoa dela eta. Aeronautikarentzat jarduten duten enpresek gehiago itxaron beharko dute: bi-hiru urte beharko dira normal hasteko. Trengintza eta energia berriztagarriak, ordea, makina-erreminta bultzatzen ari diren sektore gisa aipatu ditu klusterrak.

Hala, Cesar Garbalena AFMko presidenteak Txinaren inbertsio handia, Joe Bidenen susperraldirako planak eta Europako funtsak aipatu ditu makina-erremintaren susperraldiaren bideko mugarri gisa. «Aurtengo bigarren hiruhilekoan lehenaren eskaera mailari eusten bazaio, sektorea irmo haziko da 2021ean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.