Gureak taldeak beste 155 langile hartu ditu, eta 5.800 daude lantaldean

Elbarritasunen bat duten beharginen enpresak sei milioi euroren mozkinak lortu zituen iaz. Diru laguntzetan jasotako euro bakoitzeko hiru gizarteratzen dituela dio

Asier Vitoria, Iñaki Alkorta eta Ainhoa Askasibar Gureak taldeko zuzendaritzako kideak. GUREAK.
xabier martin
Donostia
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Edozein konpainiarentzat orban txiki bat izaten da emaitza gordina ez hobetzea, baina Gureak taldean ez dauka hainbesteko garrantzirik, izan baduen arren. Zeregin sozial bat betetzeko jaio baitzen, orain 44 urte, Gipuzkoan: urritasunen bat duten pertsonei lanpostu bat ematea. Eta eginkizun horretan, berriro ere, helburuak bete ditu. 2018an, 155 langile gehiago hartu zituen taldera, eta gaur-gaurkoz 5.817 dira lantaldean, horietatik 4.707 elbarritasunen bat duten pertsonak. Egoitza nagusia Donostian du taldeak; sei milioi euro irabazi ditu iazko ekitaldian (-%21), eta salmentak 250 milioi eurora eraman ditu. %2,4ko errentagarritasuna dauka, eta esportazioak %20 igo ditu. Alegia, zuzendaritza pozik dago enpresaren martxarekin, merkatuen ezegonkortasunari adi-adi jarraitzen dion arren.

Azken lau urteetan 1.500 langile enplegatu ditu Gureak taldeak; lantaldearen %83k elbarritasunen bat dute, arestian esan moduan: %27k, intelektuala; %22k, adimenekoa; %26k, fisikoa; eta %7k, zentzumenekin loturikoa. Iñaki Alkorta Gureak-eko presidenteak atzo azaldu zuenez, lantaldean sartutako azken 155 langile horietatik %81 «laguntza premia gehien duten pertsonak» dira. Langile horiek formakuntza handia behar dute, etengabea, eta azken urtean taldeak 1,9 milioi euroko inbertsioa egin du trebakuntzan: alegia, 150.000 ordu. Enpleguarekin lotutako beste datu bat ere azpimarratu zuen: 2018an, Gureak-eko 54 langile ohiko lan merkatura pasatu dira.

Laguntzak, gizartera berriro

Bestalde, presidenteak Iñigo Oiartzabal zuzendari nagusi izan zena gogoratu zuen; aurki urtebete izango da Oiartzabal bat-batean zendu zela, eta Alkortak esan zuen zuzendaritza berregituratu behar izan dutela pertsonalki kolpe handia hartzeaz gain: «Ez da erraza izan». Haren lekua Asier Vitoriak hartu du.

«Jasotzen dugun euro bakoitzeko hiru gizarteratzen ditugu», azaldu zuen Vitoriak; lansariak, Gizarte Segurantzan eragiten duten aurreztea —kotizaziorik gabeko pentsioen alorrean—, eta, ratio hori azaltzean, zuzenean sortutako aberastasuna —BEZ, PFEZ eta sozietate zerga— aipatu zuen. Horrek eraman du Gureak taldea gaur egun duen autofinantzaketa mailara: %80. Zuzendariak gogoratu zuen halako enpresetan Europako batezbestekoa %50 dela. «Gureak-ek 47,7 milioi euro jaso zituen diru laguntzetan iaz, batez ere desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasuna sustatzeko, eta, soilik zergetan, 48,5 milioi euro bueltatu ditu kutxa publikora».

Taldearen esparruei dagokienez, zerbitzu eta marketin sailek egonkor eutsi diote jarduerari, baina, industria denez «taldearen motorra», horri begiratu behar zaio mozkinen beherakada azaltzeko. «2018ko azken lauhilekoan, moteltze argi bat sumatu genuen autogintzarekin lotutako hornikuntzan, eta horrek eragin digu pixka bat», esan zuen Asier Vitoriak. Eta ez zuen ezkutatu autogintzan ikusten den merkatu ezegonkortasuna «luzerako etorri dela». Salmenten laurdena autogintzari lotua dago Gureak taldean.

Era berean, zuzendari nagusiak jakinarazi zuen lan hitzarmenak indarraldian daudela taldeko enpresa batean ez beste guztietan, «batzuetan herrialdekoak eta beste batzuetan enpresakoak». Ez dago Bizkaiko Lantegi Batuak taldeak islatu duen lan gatazkarik, alegia. Gureak-eko langileen %90 indarrean dagoen lan hitzarmen batek babesten ditu, eta besteak ituna berritzeko negoziaziotan daude.

Iñaki Alkorta presidenteak esplikatu zuen «normaltasunez» negoziatu dutela sindikatuekin beti, «negoziazio kolektiboak berekin dakartzan tentsioekin, noski, baina normaltasun osoz». Erantsi zuen laguntzen duela enpresaren emaitzak eta gainontzeko informazio guztia «gardentasunez helarazteak». BERRIAren galderei erantzunez, argitu zuen Gureak-en ez dagoela estatalizaziorik, lan itun guztiak herrialdekoak edo enpresakoak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.