Martxoaren 3a oroitzeko zentroa 2026rako ireki nahi dute

Jaurlaritzak azaldu du zentroa kudeatuko duen fundazioa «berehala» sortuko dutela. Arabako Foru Aldundiak esan du langileak «omentzeko gune» bat izango dela

Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroaren inguruko prentsaurrekoa, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Espero dugu 2026rako Gasteizek Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa izatea». Hala adierazi zuen Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren sailburuordeak. Arabako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, Gasteizko Udaleko eta Gasteizko Elizbarrutiko ordezkariek Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa sortzeko «konpromisoa berretsi» zuten atzo eginiko agerraldi batean. Jakinarazi zutenez, zentroa kudeatuko duen fundazioa «berehala» eratuko dute. Baina, Rodriguez Ranzen hitzetan, ezer ez da ziurra, eta «beharrezko barne izapideengatik prozesu konplexu eta luzea» izan daitekeela ohartarazi zuen.

Duela urtebete erabaki zuten zentro hori San Frantzisko Asiskoaren elizan -sarraskia gertatu zen plazan dagoen eraikinean- jarriko dutela, Gasteizko Zaramaga auzoan. Ainhoa Campo Arabako Foru Aldundiko Berdintasunerako eta Giza Eskubideetarako zuzendariak ziurtatu zuen 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak hil zituen bost langileak «omentzeko gune bat» izango dela: «Martxoaren 3ko memoriak guztion memoria izan behar du, guztiontzakoa».

Lau erakundeek «hilabeteak» daramatzate proiektua aurreratzen, Rodriguez Ranzen esanetan, eta «aurrera» egin dute zentroa kudeatuko duen fundazioaren estatutuak prestatzeko lanetan ere. Horrez gain, azaldu zuen zer pauso eman nahi dituzten fundazioa sortu eta gero: «Fundazioa sortu eta gero, zentrorako ideiak eta proposamenak jasotzeko tarte bat egongo da, proiektuari ekarpenak egiteko».

Gasteizko Gotzaindegiak berretsi egin zuen zentroa elizan jartzeko asmoa. Carlos Garcia Gasteizko Elizbarrutiko bikario nagusiak nabarmendu zuenez, San Frantzisko Asiskoaren elizako eta haren inguruko gertakarien «zama emozionala handia» da, eta, beraz, «leku aproposa» da oroimenezko zentroa egiteko. Are, bikarioak jakinarazi zuen eraikinaren «benetako egoera» zer-nolakoa den argitzeko lehen urratsak egin direla.

Bestalde, Rodriguez Ranzek adierazi zuen gizarte eta memoria erakundeekin eta biktimen senideekin duten «lankidetza sendotu» egin dutela. Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteko kideek, ordea, kontrakoa esan zuten sare sozialetan: «Egunkarian irakurrita jakin dugu nolakoa izango den gure ordezkaritza patronatuan. Ez dugu dokumentu ofizialik jaso organo horretan parte izatea aztertzeko eta onartzeko (edo ez onartzeko)». Atzoko agerraldia «euren kabuz» egin izana salatu zuten, eta memoria «guztien artean» eraiki behar dela nabarmendu.

Ia 46 urte pasatu dira Espainiako Poliziak Jose Castillo Garcia, Bienvenido Pereda Moral, Romualdo Barroso Chaparro, Francisco Aznar Clemente eta Pedro Maria Martinez Ocio erail zituenetik. 17 eta 32 urte bitarteko gazteak ziren. Gainera, poliziek ehunka pertsona zauritu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.