Talka historiko baten azken kinka

Washingtonen eta Teheranen arteko harremanak tenkatu egin dira berriz ere; milizia xiita bateko kideek inguratua izan dute bi egunez AEBek Iraken duten enbaxada. Washingtonen ustez, milizia horrek Iranen babesa dauka

Herri Mobilizaziorako Indarrak talde xiitako kideak, AEBetako enbaxadaren kontrako protestetan, Bagdaden. Sayyid Ali Husseini Sistani Irakeko buruzagi xiitaren irudia du batek eskuetan. AHMED JALIL / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2020ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Jimmy Carter izan zen azkenekoa. 1978an elkartu zen hura Mohamed Reza Palevirekin. Aurretik, Ameriketako Estatu Batuetako beste bi presidente izan ziren Teheranen: Dwight David Eisenhower eta Richard Nixon. Carterrek eta Reza Palevik elkarrekin eman zioten ongietorria urte hari, artean jakin gabe hura aro diplomatiko baten azken argazkia izango zela. Irango xah erbestera joan zen, behartuta, handik urtebete luzera, eta erbestean zegoen aiatola jaioterrira itzuli zen: Ruhola Khomeini buruzagi xiitaren 1979ko iraultza islamikotik gaiztotuta daude bi herrialdeen arteko harremanak, eta talka historiko horrek azken kinka bizi du egunotan.

Ekialde Hurbileko geopolitika etengabe baldintzatu du bi herrialdeen arteko harremanak, eta oraingoan ere mugak zeharkatu ditu: Iraken izan du epizentroa. AEBek erasoak egin zituzten igandean herrialde hartan; Kataib Hezbola talde xiitareen bost biltegi bonbardatu zituzten, ustez miliziak armak gordetzeko baliatzen zituenak —Sirian ere egin zituen bonbardaketak—. Erasoan gutxienez 25 miliziano hil eta 55 zauritu zituzten, eta horrek protestak eragin ditu.

Washingtonek erakunde terroristen zerrendan sartu zuen Kataib Hezbola 2009an. AEBentzat, talde armatu horrek Iranen babesa du, baina kontua da babes zabala duela herrialdean, eta haren kideek eta jarraitzaileek erantzun irmoa eman dutela. Washingtonek Bagdaden duen enbaxadaren perimetroa inguratu, eta protestak egin dituzte han bi egunez, tartean eraikineko eremu batzuk errez, ateak eta leihoak hautsiz eta segurtasuneko kideen kontra eginez. Pentagonoak 120 militar eraman zituen enbaxadara, eta protestariei negar gasa, gomazko pilotak eta soinu bonbak bota zizkieten, sakabana zitezen. Apache helikopteroak ere baliatu zituzten horretarako.

Protestariak, aurretik kanpaldi mugagabea egingo zutela iragarri bazuten ere, atzo eguerdian erretiratu ziren enbaxadatik. Miliziak protesta bertan behera uzteko eskatu zien goizean bere jarraitzaileei. Irakeko Gobernuak bezperan egindako eskaerarekiko «errespetuz» egin zuen lasaitzeko deia; izan ere, errepublikako presidenteak, komunikatu baten bidez, gogor kritikatu zituen miliziaren kontrako erasoak. Barham Saleh Irakeko presidenteak subiranotasun nazionala urratu izana leporatu zion Washingtoni: «Irakek nazioartean duen ospe onarentzat kolpe gogorra izan zirela bonbardaketak».

Talka dialektikoa

Kataib Hezbolaren kontrako erasoak, bada, talka dialektikoa ere eragin du. Donald Trumpek Teheran egin zuen gertatutakoaren erantzule: «Iranek garesti ordainduko du, hark antolatu baitu hau guztia». Ali Khamenei Irango buruzagi gorenaren erantzuna berehalakoa eta irmoa izan zen: «AEBen maltzurkeria gogor salatzen dugu. Errepublika Islamikoak erronka jo eta borroka egitea erabakitzen badu, zalantzarik gabe egin egingo du». Teheranek ukatu egin du enbaxadaren kontrako protestak sustatu izana.

Irakek, talka horren erdian, bere jarrera finkatu du.Washington buru duen nazioarteko koalizioarekin duen harremana «berraztertu» egingo zuela ohartarazi zuen, baina kontua da batak besteari leporatzen diotela gertatutakoaren erantzukizuna, eta ez dagoela erabat argi noiz eta non dagoen krisi diplomatikoa eragin duen gatazkaren hasiera.

Washingtonek esan zuen talde xiitak bere base militar bati eraso ziola ostiralean, eta kontratista bat hiltzea eta bi militar zauritzea leporatu zion. AEBek gaur-gaurkoz 5.000 soldadu ditu herrialdean, eta milizia xiitak urritik bere baseen kontra misilak maiz botatzen dituela salatu izan du.

Okupazioaren zauriak

Kataib Hezbola, baina, gogor borrokatu da muturreko islamisten kontra, eta horregatik begi onez ikusten dituzte herritar askok —Herri Mobilizaziorako Indarren parte da taldea—. Okupazio indarren kontrako iritzia, berriz, oso zabaldua dago. AEBek 2003an abiatutako inbasioak zauri sakonak utzi ditu, eta xiiten eta suniten arteko arrakala zabaldu du.

Tahrir plazako protestak, bien bitartean, isilarazita geratu dira. Iranek herrialdean duen eragin politikoa salatzea dute helburu protesta horiek, gizartean dagoen zatiketa agerian utziz. Iranek, Siriako Baath alderdiarekin eta Libanoko Hezbollah miliziarekin aliatuta, monarkia suniten eta mendebaldearen kontrako ardatz xiita osatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.