Lur arraroak eta dibisak dira merkataritza gerraren munizio berriak

Trumpen betoa konstituzioaren aurkakoa ote den ebazteko eskatu dio Huaweik Texasko epaitegi bati. Yuan-dolar aldaketa manipulatu dela dio AEBetako Altxortegiak

Yuanak eta dolarrak zenbatzen Txinako banku batean. EP.
xabier martin
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Ez da berria Txinako diruaren balioaren inguruko eztabaida, baina bai AEBetako Altxortegiak haren inguruko esku hartzeari zuzenean hitz egitea. Washingtonek dibisaren auziari heldu dio merkataritza gerra puri-purian jarraitzen duela gogorarazteko, eta Pekinek berehala erantzun du, garbi utzita dolar-yuan aldaketa tasa ezartzeko sistemak bere horretan jarraituko duela. Kontua da Altxortegiak iradoki duela moneten aldaketa merkatuaz besteko zioei loturik legokeela; «kezka esanguratsuak» ditu erakunde horrek Txinako dibisa «gutxietsia» legokeelako. Alegia, tasa aldaketa horrek Asiako potentziaren alde jokatuko luke AEBekin duen merkataritza superabitari eusteko; 419.000 milioi dolarreko superabita da hori. Egoera horrek leherrarazi zuen Washingtonen eta Pekinen arteko gerra komertziala, Donald Trumpen txioei kasu eginez gero.

Bada, Pekinek erantzun du dibisaren balioa ezartzen duen sistemak berdin jarraituko duela. «Txina ez da dibisa manipulatzaile bat; zentzu onak esaten du, eta nazioarteko adostasunak ere bai. Espero dugu AEBek errespetatu egingo dituztela merkatuaren legea eta aldagai objektiboak; eta dibisaren gaia ez duela politizatuko». Trumpengandik hori espero duela esatean, Pekin esaten ari da ia segurua dela AEBetako presidentea dibisaren auzian buru-belarri sartuko dela berriro. Lu Kang Atzerri ministroak, atzo, erantsi zuen jarraituko dutela dibisaren balioa ezartzen duen tasa aldaketaren erreformarekin. Tasa aldaketa berdin jarraituko duela esateko beste era bat.

Lur arraroen mehatxua

Baina dibisa ez da gerra komertzialean baliatzen ari den munizio bakarra azken orduetan. Lur arraroak zer diren arratsalde bateko ikastaro batean jakin behar izan dute askok Txinako Alderdi Komunistaren egunkarian mineral baliotsu horien inguruko mehatxu zuzena iragarri eta gero.

Trumpen muga zergen politika oldarkorra giroa berotuz joan da Txinan, baina Xi Jinpingen gobernuak orain arte zuhur jokatu du adierazpenen atalean, tarifa bereziei tarifa bereziekin erantzun dien arren. Alderdiaren hedabide ofiziala beste gauza bat, ordea. «Ez esan ez genizuela abisatu», zioen berripaperak atzo, lur arraroak AEBei saltzeari uztea aukera oso erreala dela azaltzen zuen albistean.

Lur arraroak hamazazpi elementu kimiko dira, goi teknologia duten gailuetan ezinbestekoak. Txinak dauka lur arraro gehien munduan, eta haien salneurria garestitzea edota zuzenean AEBei saltzeari uztea beste urrats bat litzateke potentzia bien arteko gerra komertzialean. Pekingo gobernuak ez du esan orain arte horrelakorik egitekoa denik, baina mehatxua hor dago, eta egunkari ofiziala aho bilorik gabe ari da gaiaren inguruan.

Besteak beste, Huawei smartphone-ak egiteko baliatzen dira lur arraroak. Gerra komertzialaren zurrunbiloan jarraitzen du Txinako teknologiaren ikurrak, Texasko epaitegi batera jo du-eta Trumpen betoaren aurka. Eskaera bat egin dio justiziari Defentsa Nazionalerako Baimen Legea konstituzioaren aurkakoa ote den ebazteko. «AEBetako Gobernuak ez du frogarik erakutsi Huawei segurtasunarentzat mehatxu gisa azaltzeko. Ez dago ez pistolarik, ez kerik: espekulazio hutsak dira», esan zuen Song Liuping konpainiako zerbitzu juridikoetako buruak, atzo.

«Zibersegurtasuna aitzakiatzat hartuta Huaweiri betoa ezartzeak ez du lagunduko segurtasuna hobetzen sareetan». Songek gaineratu zuen Etxe Zuriak «nazio oso baten indarra baliatu duela enpresa pribatu baten aurka joateko»; «hau da ez normala; kasik ez da inoiz ikusi historian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.