Indarkeria «bidegabea» dela adierazi dute biktimen egunean

Nafarroako Gobernuak azaldu du biktimen erreparazioaren alde lan egingo duela. Biktimak «umiliatzea» egotzi dio AVTk Espainiako Gobernuari, presoak hurbilduta

Nafarroako eragile politiko eta instituzionalek atzo Iruñean eginiko ekitaldia. JESUS DIGES / EFE.
Gurutze Izagirre Intxauspe - Jon O. Urain
2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuko ordezkariak, Parlamentukoak eta Segurtasun Indarrenak elkartu ziren atzo Iruñean, Terrorismoaren Kontrako Europako Eguna zela eta, biktimak gogoan izateko. Besteak beste, «indarkeria terroristaren» izaera «bidegabea eta legez kontrakoa»nabarmendu zuten: «Giza eskubideen erabateko urraketa da, eta demokrazia eta bizikidetzarako mehatxu handi bat da».

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea buru, bertan izan ziren, halaber, Unai Hualde parlamentuko presidentea, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, Martin Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Vicente Pigueiras Nafarroako AVTko ordezkaria, eta PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezkerrako ordezkariak. Baita Espainiako Poliziako, Guardia Zibileko eta Armadako ordezkariak ere. Navarra Sumak uko egin zion joateari, argudiatuz ez duela bat egiten adierazpenarekin.

Minutu bateko isilunearen ostean, adostutako adierazpena irakurri zuten: Txibitek, gaztelaniaz, eta Ollok, euskaraz. Adierazpenean jasotzen denez, Nafarroako Gobernuak babesa eta elkartasuna agertu die «ETAren biktimei, Martxoaren 11koei eta beste erakunde terroristetako biktimei». Halaber, berretsi du gobernuak lanean segituko duela biktimen elkarteekin eta biktimekin egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak egon daitezen.

Gobernuak errefusatu egin du biktimen memoria eta duintasuna «bortxatzea» helburu daukan edozein ekintza, eta erantsi du biktimen bizipenak eta gogoetak dokumentatzen eta testigantzak biltzen segituko duela, «ez ahazteko eta haiekiko gertutasuna eta enpatia adierazteko». Era berean, giza eskubideak errespetatu eta indarkeria deslegitimatuko duen hezkuntza proiektuak sustatzeko konpromisoa ere agertu du. Navarra Sumak ez du bat egin adierazpenarekin, haren ustez «terrorismoaren gaitzespen esplizitua saihesten duelako, Bildu deseroso ez sentiarazteko eta alderdi bat gehiago balitz bezala hartua izateko».

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoek ere hizpide izan dute eguna. Ahal Dugu-k, esaterako, nabarmendu du «ETAren biktimak sozialki isolatuta» egon direla urte luzez, «sufrimenduaren aurrean enpatia gutxi adierazi zuen gizarte batean». Halaber, adierazi du 2004ko martxoaren 4ko biktimek «gizartearen zati baten eta politikarien aldetik ulertezintasuna ere» jasan zutela: «Atera behar dugun ikaskuntzarik handiena da hori ezin dela berriro gertatu».

Ahal Dugu-ren iritziz, indarkeriaren biktimen zati bat «ez dago pozik haien erabilera politikoa dela eta». Gogorarazi du biktimak «askotarikoak» direla «identitate eta afiliazio politikoetan», eta inork ez duela «horien oinazeaz jabetzeko eskubiderik».

Kritikak Madrili

Biktimen elkarteak ere mintzatu ziren atzoko egunean, eta horietako batzuek gogor egin zuten Pedro Sanchezen gobernuaren kontra. AVT elkarteko bozeramaile Maite Araluzek, esaterako, Espainiako Gobernuari egotzi zion «ETA zuritzearen defentsaren konplize» izatea eta biktimak «ikusezin» bilakatu nahi izatea, «nolabait justifikatuz ETAren krimenak». Angeles Pedraza AVTko ohorezko presidentea, berriz, «suminduta» agertu zen Sanchezen gobernuarekin, uste baitu biktimak «umiliatzen» dituztela presoak gerturatuta.

Ekitaldian izan ziren Rafael Perez Espainiako Segurtasunerako Estatu idazkaria, Pablo Casado PPko presidentea, Ines Arrimadas Ciudadanoseko presidentea eta Guardia Zibilaren nahiz Espainiako Poliziaren arduradunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.