Bizkaiko metalgintzako langileen gehiengoak itun berria onartu du

CCOOko, LABeko eta UGTko afiliatuek ontzat jo dute Jaurlaritzaren azken proposamena barne bileretan. Lau urtean soldata %15 igotzea adostu dute

CCOO, LAB eta UGT sindikatuen protesta bat, Bizkaiko metalgintzarako lan itun duin bat eskatzeko. OSKAR MATXIN / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Ez da ezustekorik egon, eta Bizkaiko metalgintzan diharduten CCOOko, LABeko eta UGTko afiliatuek onartu egin dute FVEM patronalarekin adosturiko azken hitzarmen eskaintza. Hiru sindikatuen artean sektoreko langileen %59 ordezkatzen dituzte, proposamena berresteko adina. Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak bi aldeen arteko artekari rolari ekin zion urte hasieran, eta hark diseinaturiko proposamena da onartu dena. ELAk, bestalde,iritzi dio ez dela nahikoa, eta ez du babestu—%41eko ordezkaritza du—.

Amaitu da urtebetetik gorako negoziazio maratoia, eta, ondo bidean, hiru urterako bake soziala bermatu beharko luke Bizkaiko metalgintzan. Euskal Herrian langile kopuru handienari eragiten dion lan ituna da —56.000 ingururi—, eta lurraldeko enpresa handi askotako lan harremanen oinarria da. Akordioa 11 greba egunen eta hogeitik gora bileraren emaitza izan da, eta gehiengoa osatzen duten sindikatuak asebete ditu. Akordioak babes zabala izan du, hiru sindikatuek iragarri baitute eginiko «batzar guztietan» jaso duela baiezkoa.

Lau urterako akordioa da, iaztik hasita. Alegia, 2025eko abenduaren 31n amaituko da. %6,5eko soldata eguneraketa adostu dute iazko urterako; %4koa aurtengorako; %2koa 2024rako, eta %2,5ekoa 2025erako. Guztira, %15eko igoera da. Dena den,2025a amaitzean KPIaren igoera handiagoa izan bada, haren araberako eguneraketa egingo da 2026ko urtarrilean. Soldata tauletan egingo den eguneraketa bat da. Azken puntu hori da ELAk egin duen kritiketako bat, haren iritziko ez baita islatuko lantoki askotako soldata errealetan.

Gutxieneko soldata bermeari dagokionez, aurreko ituneko baldintza berei eutsiko die, baina haren xehetasunak zehazteko eta idazteko denbora eskatu dute bi aldeek. Subrogazio eskubidea zabaldu egin da, eta, aurrerantzean, telefono eta telekomunikazio sareetako azpikontratek ere izango dute. Itunean ez da ageri inolako mugarik aldi baterako enpresen erabilerari dagokionez. Negoziazioko azken bileretan, sindikatuek eskatu zuten haien erabilera sei hilabetera mugatzeko, postu edo langile bakoitzeko. Azkenean ez dute lortu.

ELA, bestalde, kritikoa izan da lan hitzarmenarekin eta Jaurlaritzak izandako rolarekin. Eskaintza «eskasa» dela uste du, eta ez du ulertu beste sindikatuen jarrera: «Orain dela bi hilabete zeuden eduki ia berak daude oraingo eskaintzan. Orduan, CCOOk, LABek eta UGTk grebaren alde egin zuten, eta, orain, sinatzea defendatzen dute. Edukiak ez dira aldatu: antzezpena da aldatu den elementu bakarra, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza dela medio». ELAren ustez, Jaurlaritza ez da neutrala izan, negoziazio osoan patronalaren alde egin duelako, eta horren adibide da Ertzaintzak izan duen jarrera.

Sindikatuek ez ezik, FVEMek ere berretsi behar zuen akordioa bazkideen artean. Goizean egin zuen bilera, eta baiezkoa eman zuten. Enpresek eginiko «ahalegin handia» nabarmendu du patronalak, eta, hitzarmen berriarekin, bermatutzat jo du sektoreak behar duen «egonkortasuna».

Gipuzkoa falta da

Bizkaikoa sinatuta, lurraldeko hiru lan hitzarmen berrituta daude metalgintzan. Arabakoa eta Nafarroakoa iaz berritu ziren, lau eta hiru urterako; 2025era eta 2024ra arte, hurrenez hurren. Araban CCOOk, UGTk eta LABek babestu zuten. Nafarroan, baina, CCOOk eta UGTk bakarrik. Horrenbestez, egun Gipuzkoakoa da sinatzeke dagoen bakarra. Iragan abenduan iraungi zen aurrekoa, eta negoziazioak hasi baino ez dira egin. Gipuzkoako metalgintzan ELAk (%47,7) eta LABek (%35,7) dute ordezkaritzarik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.