Otsailaren 8tik aurrera maskara ez da beharko Hegoaldeko garraio publikoan

Espainiako Osasun ministroak esan du adierazleak «oso egonkorrak» direlako kenduko dutela. Halere, osasun zentroetan eta farmazietan derrigorrezkoa izango da

Pertsona batzuk, maskara jantzita, autobusean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Edurne Begiristain - Julen Aperribai
2023ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Garraio publikoan maskara janzteko derrigortasuna bertan behera geratuko da otsailaren 8an, Espainiako Gobernuak hala erabakita. Ministroen Kontseiluak otsailaren 7an sinatuko du maskararen erabilera garraio publikoan bertan behera utziko duen agindua, eta hurrengo egunean sartuko da indarrean, behin BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean neurria jaso eta gero. Maskara janztea derrigorrezkoa izango da aurrerantzean ere osasun zentroetan, erietxeetan eta zentro soziosanitarioetan, hala nola optika dendetan, farmazietan eta hortz kliniketan.

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak adierazi du egoera epidemiologikoa «oso egonkorra» delako hartu dutela maskara garraio publikoan kentzeko erabakia. Azaldu du gobernuaren asmoa zela maskara garraio publikoan erabiltzen segitzea arnas aparatuko gaitzen sasoia amaitu arte martxo amaiera arte, baina arduradun teknikoekin eztabaidatu ostean ondorioztatu dute egoera epidemiologikoak aukera ematen duela debekua lehenago kentzeko. Gabonetan ere ez da egon ospitaleratzeetan gorakada nabarmenik, aldi horretan aukera handiagoa badago ere, ministroaren arabera.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak elkarrizketa batean adierazi du «ondo» legokeela maskararen derrigortasunaren gaineko erabakia «irizpide medikoetan eta zientifikoetan» oinarrituta hartzea, eta «logikoa» litzateke Europako herrialde guztiek «erabaki berberak» hartzea.

Edonola ere, Zupiriak adierazi du ez duela uste Espainiako Gobernuak erabakiaren berri eman zienik autonomia erkidegoetako agintariei. Hala ere, ñabartu du eskumen osoa dutela Espainiako Gobernuak eta Espainiako Osasun Ministerioak.

Ipar Euskal Herrian, iazko maiatzaz geroztik ez da derrigorrezkoa garraio publikoan maskara jantzita izatea, «gomendatua» baizik. Osasun etxeetan soilik izan daiteke derrigorrezkoa, baldin eta zentro bakoitzeko arduradunak hala erabakitzen badu.

Gaur, OMEren erabakia

OME Osasunaren Munduko Erakundeak bilkura izango du gaur, erabakitzeko COVID-19aren hedapenaren ondorioz ezarri zuen larrialdi globaleko egoera mantentzen duen edo ez. 2020ko urtarrilaren 30ean ezarri zuen.

Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendari nagusiak berriki egindako adierazpenetan, ez du aurreratu erabakia zein izango den, baina, hala ere, aitortu du egoera «oso kezkagarria» dela, hildakoen kopurua «oso handia» delako oraindik ere. Azken asteetan kopuru hori handitu egin dela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.