Ezohiko irudi bat utzi zuen atzo Madrilek: lehen aldiz, EH Bilduko ordezkariak jendaurrean elkartu ziren Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu izateko PSOEren hautagaiarekin, inbestiduraz hitz egiteko. Hain zuzen, Mertxe Aizpurua Kongresuko eleduna eta Gorka Elejabarrieta Senatukoa izan ziren bileran. Koalizio abertzaleak mugarri garrantzitsutzat jo zuen bilkura, «elkarrizketan, negoziazioan eta akordioan oinarritutako konfiantzazko ziklo bati ekiteko». Eta hautagai sozialistari adierazi zioten prest daudela azken legealdiko «neurri positiboenei» jarraipena emango dien «agintaldia garatzen eta sendotzen laguntzeko». Era berean, «anbizioa» exijitu zioten Sanchezi, «zintzilik» dauden gaiak landu ditzan.
EH Bilduren arabera, bilera giro «eraikitzaile» eta «positiboan» egin zuten. Eta gehitu zuten atzoko topaketek jarduera politikoa ulertzeko eta egungo momentu historikoan kokatzeko modu bat erakusten dutela, «erantzukizunean eta errespetuan oinarrituta». Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkariak eta Maria Jesus Montero Ogasun ministroak ere bileran hartu zuten parte.
Uztaileko hauteskundeek utzitako agertokiaren analisia egin zuen EH Bilduk bileran, eta bere asmoa argi utzi zuen: «PP eta Vox buru dituen bloke erreakzionarioari gobernua osatzen ez uztea». Izan ere, hala adierazi zuen Aizpuruak joan den hilabetean, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaiaren inbestidura saioan. «Ezezko borobila» eman zion Feijoori, eta esan zuen euren esku zegoena egingo zutela «gobernu erreakzionariorik» ez egoteko. Bileran, konpromiso «irmo» hori berretsi zuten, alderdiarentzat «ultraeskuina geldiaraztea agindu demokratikoa» baita.
«Pauso sakonak»
Feijooren inbestiduran, Aizpuruak Sanchezi esan zion «egungo eredua eraldatuko duten politika sozial aurrerakoiak» beharrezkoak direla. Eta atzoko bileraren ostean, EH Bilduk helarazi zuen laster hasiko den legealdiak «pauso sakonak» eman behar dituela: «Euskal langileen eta estatukoen eskubide sozialak eta ekonomikoak zabaltzeko, Euskal Herrian bakea eta bizikidetza demokratikoa egonkortuko dituzten politikak egiten jarraitzeko eta Estatuaren nazioaniztasunari eta gure herriaren eskubide nazionalei buruzko eztabaida irekitzeko».
Orain arte, koalizio abertzalea PSOEren bozeramaileekin bildu izan da: azken legegintzaldian, izan ere, PSOEk garai hartan zuen Kongresuko bozeramaileak egin zituen inbestidurarako harremanak, hau da, Adriana Lastrak. EH Bildurekin ez ezik, hautagai sozialista Miren Nogueras Juntsek Kongresuan duen bozeramailearekin ere bildu zen atzo lehen aldiz.
EH Bilduk anbizioa eskatu dio Sanchezi, zintzilik dauden gaiak lantzeko
Inbestidurarako bilera sortan, lehen aldiz elkartu da Sanchez EH Bildurekin. «Neurri positiboenei» jarraipena emango dien agintaldia babesteko prest dago koalizioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu