Koronabirusa

Salaketa gehiago, ekimen handiagoa

Ipar Euskal Herrian %60 emendatu dira indarkeria matxista salatzeko deiak: salaketa aurkezten dutenen kopurua gutxiago hazi da, %10. Elkartasun sare bat sortu dute, eta emakumeentzako babesguneak ugaritu nahi dituzte

Indarkeria matxista salatzeko kartelak, leihoetatik zintzilik. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Gorakada handia gertatu da Ipar Euskal Herrian indarkeria matxista salatzeko deien kopuruan. 2019. urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, %60 emendatu dira Poliziak jasotako deiak. Herve Jonathan Baionako suprefetak ohartarazi du departamenduan alde handia izan dela; Biarnon %25 emendatu dira deiak, eta Ipar Euskal Herrian, %60. Ez du jakin esplikatzen «departamendu barruko diferentzia» hori, baina segurtatu du «instituzioak eta elkarteak batera» ari direla lanean biktimei sostengua emateko. Dei kopuruak nabarmen gora egin badu ere, salaketen kopurua ez dator bat, %10 emendatu baitira.

Salaketa jartzeko zailtasunez ohartarazi dute talde feministek. «Pentsatzen dut egingarritasunarekin lotua dela: zailagoa da etxetik ateratzea. Gordeka irtetea are zailagoa da konfinamendurengatik», ohartarazi du Andrea Pebet Ipar Euskal Herriko Elkartasun Sareko kideak. Azaldu du ohiko egoeran ere salaketak jasotzen dituzten instituzioak ez direla «ongi formatuak» hartzeko, eta asteotan egoera gogortu dela.

Ezohiko egoeran beste neurri batzuk hartzen ari direla azaldu du Emilie Pelissier Pirinio Atlantikoetako Departamenduko emakumeen eskubideen ordezkariak. «Farmazietan, adibidez, maskara 19 kodea erranez gero, langileak ulertzen du biktima bat duela parean, eta babesa eskaini behar diola». Izan ere, harrera egiteko leku publiko anitz hetsirik daude pandemiarengatik, eta irekiak dauden toki gutxietan harrera segurtatzea «ezinbestekotzat» jo du Pelissierek. «Supermerkatuak irekiak dira, eta jende guzia erosketak egitera joaten da. Erabaki dugu Angeluko BAB2 supermerkatuan harrera gune bat irekitzea emakumeentzat».

Apirilaren 27an ireki zuten. ACJPB biktimak artatzeko elkarteak eta CIDFF emakumeen aurkako bortizkeriaren aurkako elkarteak segurtatzen dute harrera psikologikoa eta juridikoa. Supermerkatuko toki bakartu eta sekretu batean jarduten dute, eta saltokiko langileek soilik dakite non den lekua. Emakumeei soilik komunikatzen ahal diete nora joan. Afixak jarri dituzte gunea irekita dagoela azaltzeko eta biktimak bideratzeko. Pelissier: «Egitasmo horiek larrialdi zenbakien osagarri dira: 19, 39 eta 114».

Zenbaki kezkagarri bat eman du Pelissierek. Konfinamendu hastapenetik, normalean irekiak diren aterpetxeez gain, hoteletan 271 gau pagatu ditu departamenduak, 30 emakume inguru babesteko. «Gorakada bat badela iruditzen zaigu, baina konfinamendutik ateratzean ikusi beharko dugu iazko zenbakiekin konparatuz zinezko emendatze bat den ala ez».

Leku seguruak sortzen

Ipar Euskal Herriko Elkartasun Sarea konfinamendu hastapenean sortu zen. Indarkeria matxistaren gorakada ikusirik, Ez dezagun arazoa konfinatu dinamika abiatu dute. Pebet: «Eraso horiek eta sistema patriarkala ezin ditugu borrokatu antolatu gabe eta sistema kapitalista bera dudan ezarri gabe. Ez genuen nahi problema molde bakartuan ulertu». Hala, babesguneak ugaritzeko kanpaina abiatu dute, afixa informatiboak ezarriz eta etxeko ateetan laguntza eskaintzeko mezuak itsatsiz.

Pebetek uste du instituzioek «minimoki» aterabideak prestatu dituztela egoerari erantzuteko, baina «hurbiltasuna» falta dutela. «Herritarrek berek antolatu behar dute. Sistema honek mugak erakusten dituelarik, batzuk profesionalizatzen dira hori kukutzeko. Haatik, problema bizi dutenei ez zaie aukera eta gaitasunik ematen muga horietarik libratzeko». Egoera ikusirik, erakundeen hutsuneei erantzuteko antolatu ziren. «Ez ditugu ukatzen instituzioek ematen dituzten aterabideak, baina entseatu nahi dugu gure tresnak sortzen».

Konfinamenduaren amaierari begira kezkati mintzatu da Pebet. «Ukanen dugun askatasun politikoaren bidez erasoak salatzen eta antolatzen segitu beharko dugu, mementoz birtuala baita». Gehitu du: «Erasoen kopurua ez da baitezpada txikituko; jarrera matxistak areagotzen ahalko dira bestetan, adibidez. Posible da konfinamenduan sorturiko frustrazioak emakumeek are gehiago pairatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.