Hamar urtera, lehen urratsa

Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak eskubide urraketen zantzuak ikusi ditu Asel Luzarragaren auzian. Duela hamar urte espetxeratu eta Txiletik kanporatu zuten

Asel Luzarraga 2018an, Bioklik liburua aurkeztu zuenean. GORKA RUBIO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen Batzorde Interramerikarrak IACHR aintzat hartu du Asel Luzarragak Txileko Estatuaren kontra jarritako salaketa, Luzarraga atxilotu eta herrialdetik kanporatu zuenean haren giza eskubideak urratu zituelakoan. Batzordeak ez du giza eskubideen urraketen inguruan ebazteko eskumenik, baina hark egindako txostenak atea zabalduko dio auzibideari. Batzordeak adierazi du Luzarragaren auzia urteko txostenean sartuko dutela, eta ikertzen jarraituko dutela.

Abenduaren 5eko data du ebazpenak, eta, bertan, batzordeak adierazi du giza eskubideen urraketak izan daitezkeela «[Luzarragaren etxera sartuta] egoitza bortxatzea, hura herrialdetik kanporatzea, auzibide penala egitea eta Luzarraga publikoki terrorista gisa aurkeztu izana»; zehazki, berme judizialerako eskubidearen, ohorearen eta duintasunaren babesaren, pentsamendu eta adierazpen askatasunaren eta legearen aurreko berdintasunaren kontrako urraketak.

Hamar urte igaro dira harrezkeroztik. Asel Luzarraga idazlea (Bilbo, 1971) 2008ko abenduan jarri zen Txilen bizitzen. Handik urtebetera, 2009ko abenduaren 31n, Txileko Polizia haren etxera sartu zen, eta atxilotu egin zuten. «Terrorismoa» leporatu zioten, eta horren froga gisa zenbait argazki aurkeztu zituzten, zeinetan leherkariak egiteko erabil zitezkeen osagaiak agertzen ziren, ustez Luzarragaren etxean atzemandakoak. Luzarragak, baina, deklaratu zuen gai horiek ez zeudela bere etxean bera atxilotu zutenean, eta geroago jarri zituztela. Gainera, salatu zuen argazkiak manipulatuta zeudela, egin zireneko data eta ordua desagerrarazteko. Poliziak ez zituen jatorrizko argazkiak inoiz aurkeztu.

Pelikula batean bezala

«Ezusteko itzela izan zen», gogoratu du Luzarragak. «Nik ordurako ikusita neukan Txile oso herrialde errepresiboa zela; gure eskualdean polizia asko ikusten zen kalean, eta giro hori sumatzen zen. Beraz, etxean nengoela karabineroak kanpoan ikusi nituenean, ez zen erabateko ezustekoa, banekielako hori gerta zitekeela, baina ez nuen espero horrelako azpijoko bat prestatuta edukiko zutenik nire aurka. Pelikula batean sartu ninduten, eta ez nekien zein zen haren argumentua, baina oso argi zegoen izorratuta nengoela».

Hasieran, leherketa batzuetan parte hartu izana leporatu zioten, baina frogatu zenean leherketak gertatu zirenean Luzarraga Euskal Herrian zegoela eta ez Txilen, akusazioa aldatu eta leherkariak edukitzea egotzi zioten. Kartzelan atxiki zuten, eta etxean egotera behartu zuten gero; epaiketa iritsi zenean, 220 eguneko kartzela zigorra ezarri zioten. Kartzelan hura baino denbora gehiago pasatu zuenez, aske utzi zuten, baina Txiletik alde egiteko aginduarekin.

Luzarragak ez du oso oroitzapen txarra ordukoaz; dioenez, espero baino denbora gutxiago eman zuen espetxean, eta batez ere lagunen elkartasunak arindu zion zigorra: «Jende askok erantzun zuen: idazleek, musikariek, anarkistek, antimilitaristek eta abarrek. Oso babestuta sentitu nintzen. Irudipena nuen kanpoan zeudenek neuk baino askoz gehiago egin zezaketela; azken finean, barruan apur bat txotxongilo sentitzen zara».

Poliziak aurkeztutako txostenean Luzarragaren ideologiaren inguruko aipamenak agertzen ziren; idazlea eta euskal herritarra dela nabarmentzen zuten, Luzarragak maputxeen eskubideen alde idatzitako artikulu bat aipatzen zuten, eta «Txileko gazteei ideia arrotzak txertatu nahia» leporatzen zioten. Horretan guztian oinarrituta, Luzarragak eta haren abokatuak argudiatu zuten jazarpenak jatorri ideologikoa izan zuela: «Orain, batzordearen ebazpenak arrazoia eman digu horretan».

Are gehiago: Luzarragaren auzian esku hartu zuten fiskala eta polizietako batzuk orain auzipetuta daude —haietako batzuk espetxean ere badaude—, beste afera batzuetan akusatuen kontra antzeko trikimailuak erabili izana eta horretarako sare bat osatu izana leporatuta. Luzarragak «oso garrantzitsutzat» jo du hori, eta uste du auziak aurrerantzean egingo duen ibilbidea baldintza dezakeela horrek.

Izan ere, atxiloketa gertatu zenetik hamar urtera iritsitako hau «lehen urratsa» baino ez da, Luzarragaren aburuz. Horrek atea zabaltzen du auziak aurrera egin dezan eta etorkizunean nazioarteko auzitegi batek Txileko Estatua zigor dezan, egoki irizten badio. Baina prozesu hori «luzea. astuna eta garestia» izango da, Luzarragaren esanetan: «Hurrengo urratsa izango da txosten bat prestatzea. Lau hilabeteko epea dugu horretarako. Eta prozesua seguru asko urtetan luzatuko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.