Unibertsitateen esanetan, hobetu egin behar da irakasleen trebakuntza

Hezkuntza akordiorako agerraldiekin segitu dute Eusko Legebiltzarrean. Ikastolen Elkarteak proposatu du ikastetxe denak behartzea ikasle zaurgarriak hartzera

Hezkuntza akordioaren oinarriak zehazteko batzorde txostengilea batuta, atzo, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Hezkuntza akordiorako ekarpenak jasotzen segitzen dute Eusko Legebiltzarrean. Batez ere irakasleen formakuntza hobetzeari buruz aritu dira hitzarmenaren oinarriak zehazteko sortutako batzorde txostengilearen bigarren saioan. Irakasle ikasketetarako sarbidean aldaketak egitea proposatu dute, eta behin ikasketak amaituta ere irakasleek «etengabe trebatu» behar dutela nabarmendu.

Legebiltzarrean izan dira EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekano Igor Camino eta Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano Beñat Amenabar; EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekano Asier Romero; Deustuko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekano Maria Isabel Arizeta; Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekano Nagore Ipiña, eta Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako ordezkari Loreto Garcia eta Santiago Larrañaga. Horietaz gain, Daniel Innerarity filosofoaren eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu eta zuzendari nagusi Jose Luis Sukiaren agerraldiak ere izan dira.

Irakasleen prestakuntza ardatz hartuta aritu dira Camino, Amenabar eta Romero. Azken urteetan, hobekuntza nabaritu du Caminok, Irakasle ikasketetako lizentzia gradu bilakatu delako. Esaterako, praktikei «garrantzia handiagoa» ematea ekarri duela adierazi du. Halere, hobetzeko beharra ikusten du oraindik. Ikasleak hezkuntza fakultateetara sartzen diren garaiari egin dio erreferentzia: haren irudiko, «ikaslerik kualifikatuenek» aritu behar dute irakasle. Egun, gradu batzuetan sarrera notarik altuenetakoak dituztela esan du, baina zalantza azaldu du horrek «ikaslerik kualifikatuenak» erakartzen ote dituen. Horregatik, besteak beste, Irakasle ikasketara sartzeko «irizpide osagarriak eta proba espezifikoak» eskatu ditu.

Unibertsitate ikasketak amaitzen dituzten garaiaz aritu da Amenabar. Haren hitzetan, irakasle lanbiderako sarrerak ere «berrikuspen sakon bat» behar du, eta lanean hasterako «berme batzuk» eskaini. Bigarren hezkuntzako irakasleen formakuntzan ere ikusten du zer hobetua. Egun, jakintza alor jakin bateko gradua eta irakasle izateko urtebeteko masterra nahikoa dira lan horretan aritzeko. Caminori egokiagoa iruditzen zaio bi urtekoa izatea.

Hezkuntzak etorkizunean izango dituen erronkak eta euskara izan ditu hizpide Romerok. Eredu dualaren alde egiteko eskatu du, baita EHUn Irakasle ikasketetan eskaintza areagotzeko eta aldatzeko burokrazia murriztea ere, iruditzen baitzaio horrek desabantailak izatea eragiten duela unibertsitate pribatuekin alderatuz. Euskararen arloan, berriz, «arazo oso serioa» ikusten du, eta uste du « zeharkako ekintza koordinatuak» behar direla horiek konpontzeko.

Antzeko bideetatik jo dute Mondragon Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako ordezkariek ere. Arizetaren irudiko, eskolen eta fakultateen arteko harremana sustatu behar da, eta irakasleak lan munduan sartzeko sistema ere berrikusi, programa baten bidez edo: «Karrera ezin da amaitu lanpostu finko bat eskuratzean: etengabeko prestakuntza egon behar da». Etengabeko prestakuntzaren alde egin du Ipiñak ere, eta irakasteko beste modu batzuk defendatu, beharrezkotzat baititu «hezkuntza proposamen eta testuinguru eraldatzaileak». Larrañagak «konpetentzietan oinarritutako» irakaskuntzaren alde egin du.

Publiko-pribatuaz harago

Ikastolen Elkarteko ordezkarien iritzia ere entzun dute. «Publiko-pribatu eztabaida» alde batera uztea nahi dute, haien ustez sistema publikoaren parte direlako «izaera sozial nabarmena» duten ikastetxeak, irabazi-asmorik gabekoak, «gizarte ekonomian kokaturikoak» eta hezkuntzaren arloan ongizate estatuaren oinarrizko helburuekin bat egiten dutenak. Segregazioari konponbidea jartzeko asmoz, proposamen bat ere egin dute: ikastetxe guztiak behartzea ikasle zaurgarriak era progresiboan jasotzera, beren eremuaren arabera dagozkien kopuruan, oreka bat ezarri arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.