Koronabirusa

Nafarroan eta Araban bikoiztu egin zen heriotza kopurua birusak goia jo zuenean

Erregistro Zibiletako datuek azaleratu dute nola eragin duen COVID-19ak heriotzetan: bost astean, espero baino 2.100 gehiago hil ziren, datu ofizialetan 1.400 azaldu arren

Nafarroan eta Araban bikoiztu egin zen heriotza kopurua birusak goia jo zuenean.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Koronabirusak arrasto beltza utzi du Euskal Herrian, bereziki Araban eta Nafarroan: heriotza kopurua bikoiztu egin zen birusak goia jo zuen garaian, martxoaren 16tik apirilaren 25era. INE Espainiako Estatistika Institutuak argitaratu ditu herrialdekako heriotzei buruzko datuak —lehen aldia da, orain arte erkidegokako zenbakiak bakarrik eman baitituzte—, eta bistan geratu da datu ofizialetan ageri diren baino gehiago direla hildakoak. Hara: martxoaren 16tik apirilaren 19ra, 4.760 lagun hil ziren Hegoaldean, batezbestekoen arabera espero baino 2.100 gehiago —%80ko igoera—; kontua da egun tarte horretan 1.400 hildako ageri direla koronabirusaren estatistiketan. Alegia, datuek esan baino 700 hildako gehiago azaleratu dira Erregistro Zibilean orain.

INEk, izan ere, Erregistro Zibiletako datuetan oinarrituta prestatu du heriotzei buruzko estatistika. Informazio pisuzkoa da: hilabeteotan agerian geratu da datu ofizialetan baino heriotza gehiago izan direla pandemiarekin lotuta. Erakundeek aitortu dute, esaterako, testik egin gabe ehortzi zituztela sintomekin hildako ugari. Erregistro Zibilek dute heriotzei buruzko zuzeneko informazioa, heriotza akta guztiak kudeatzen baitituzte. BERRIA asteotan ahalegindu da Hegoaldeko erregistroen datuak biltzen, baina arazoak izan ditu; erregistro batzuk gainezka eginda daude, eta atzeratuta dauzkate dokumentuak. Kasu horietarako, heriotzei buruzko estimazio batzuk egin ditu INEk. Horregatik, oraingoz ez dago eskualde edo udalerrietako daturik.

Ipar Euskal Herriko zenbakiak eman ditu asteotan INSEE Frantziako Estatistika Institutuak, hilabeterokoak. Orain arteko datuen arabera, ez da igoera adierazgarririk izan heriotzen kopuruan.

Nafarroako desfasea

Koronabirusak Araba jo du gogorren, eta heriotza datuetan nabarmena da hori. INEk astea hartu du erreferentzia gisa: astelehenetik igandera zenbat herritar hil diren. Hara: 2016ko urtarriletik aurtengo martxora zenbat hil diren kalkulatuta, Araban batez beste 53 lagun hil dira astean; birusak goia jo duen bost asteetan, 122. Nafarroan 111 lagun hil ohi dira astean, eta bost horietan, 242. Hildakoen kopurua bikoiztu baino gehiago egin zen, beraz. Igoera sumatu da Bizkaian eta Gipuzkoan ere, baina leunagoa proportzioan: Bizkaian, 229 heriotza izan ohi dira, eta 392 izan dira; Gipuzkoan, 133 batez beste, eta bost asteetan, 197.

Heriotzen zenbakiak eta koronabirusari buruzko datu ofizialak alderatuta, bistakoa da desfasea: bost aste horietan zenbatu gabeko 700 heriotza daude Hego Euskal Herrian. Diferentziarik handiena Nafarroan dago: espero baino 656 lagun gehiago hil ziren martxoaren 16tik apirilaren 19ra, eta aldi horretan ia 368 lagun jo zituzten koronabirusarekin zendutakotzat; alegia, ia beste 300 hildako izan ziren bost astean. Bizkaian eta Gipuzkoan antzekoa da desfasea, %50 ingurukoa: Bizkaian espero baino 815 herritar gehiago hil ziren, eta koronabirusak jota 535 erregistratu zituzten; Gipuzkoan, 318koa da igoera, eta 206 zeuden estatistiketan. Araban da txikiena estatistiken arteko aldea, nahiz eta heriotzen kopurua han areagotu den gehien proportzioan: 343 gehiago hil dira, eta 299 zeuden estatistiketan.

Adinekoak bereziki

Koronabirusak adinekoei eragin die bereziki, eta heriotzen datuetan nabarmena da hori. 70 urtetik gorako herritarren artean izan da eragina handiena: batez beste, astean 436 lagun hil dira 2019ko urtarriletik aurtengo martxora arte Hego Euskal Herrian; koronabirusak goia jo zuen asteetan, 823. %88ko gorakada. Igoera ageri da 50-70 urte artean ere, leunagoa: 79 hildako izaten dira batez beste, eta 108 izan dira bost aste horietan. Hortik beherako adinetan ez dago diferentzia esanguratsurik. Sexuari buruzko datuetan ere ez.

Heriotzei buruzko datu totalak kaleratu ditu INEk, heriotzaren kausak zehaztu gabe. Uste izatekoa da koronabirusa dagoela gorakadaren oinarrian: atzemandako kasuak eta atzeman gabekoak. Osasun arduradunek badute beste hipotesi bat ere: beste osasun arazo batzuk larritu izana asteotan sortutako krisiaren eraginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.