Hendaiako atxikitze zentrotik lekutzea erabaki du CIMADE elkarteak

Sute bat izan zen igande gauean, eta 24 pertsona atera behar izan zituzten. CIMADEk uste du segurtasun baldintzak ez direla betetzen

Hendaiako atxikitze zentroa, artxiboko irudi batean. SYLVAIN SENCRISTO.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
«Atzotik, CIMADEko zuzendaritzak Hendaiako atxikitze zentroan duen taldea erretiratzea erabaki du. Ez dugu esku hartuko giltzapetuak direnen segurtasuna bermatzen ez den bitartean». Horrela dio etorkinen eskubideen alde diharduen CIMADE elkarteak, hedabideei bidali dien oharrean. Sute bat piztu zen igandean Hendaian (Lapurdi), paperik gabeko migratzaileak atxikitzeko zentroan, eta elkarteak uste du gutxigatik saihestu zela «are ondorio dramatikoagoak» ez izatea. «Arrazoi horiengatik guztiengatik, CIMADEk berresten du, beste behin, amaitu egin behar dela atzerritarren aurkako borroka eta itxitura politika hau, drama baizik ez dakarrelako, eta Hendaiako atxikitze zentroa ixtea beharrezkoa dela».

Igande gauean sutea piztu zenean, bertan atxikita zeuden 24 pertsona ebakuatu behar izan zituzten. Sutea zentroko ziega batean piztu zen, 21:15 aldera, eta suhiltzaileak sugarrak azkar itzaltzeko gai izan ziren. Dena den, jasandako kalteen ondorioz, bi lagun eraman zituzten ospitalera. Bat, sutea sortu zen ziega barruan zegoen 22 urteko gizona; larri zegoen arnasturiko kearen ondorioz, baina haren bizia ez dago arriskuan. Bestea, 28 urteko beste gizon bat; zorabio bat jasan zuelako artatu zuten, baina goizerako ondo zegoen.

Poliziak ikerketa bat abiatu du gertaturikoa argitzeko, eta zentrotik ebakuaturiko pertsona guztiak Bordeleko eta Tolosako (Okzitania) atxikitze zentroetara eraman dituzte oraingoz. Gaur goizean, Nimesera (Okzitania) eraman dituzte beste bederatzi. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak jakinarazi duenez, sutea nahita eragin zuen atxikitako pertsona batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.