Alberto Peroteren eta Pedro Gomez Nietoren arteko elkarrizketan, Gomez Nietok dio atxilotu bat torturatu zutela hark eta Jose Pindado guardia zibilak. Gerra zikinaren hainbat pasartetan ageri da Pindado. 1955ean jaioa da, eta 1983ko urriaren eta 1985eko azaroaren artekoa da Gomez Nietok aipatzen duen tortura kasua. Epe horretakoa da Pindadok jasotako Guardia Zibilaren Ordenaren Merituari dagokion domina ere, bereizgarri zuriduna; 1985eko uztailean eman zioten.
Beste kasu batean ere nahastu zuten: Lutxi Urigoitiaren auzian. 1987ko uztailaren 23an hil zuten. Lehenengo tiroa jaso ondoren, lurrean zegoela jo zioten bigarrena, buruan, oso distantzia laburrera. Bertsio ofiziala indartzeko, frogak faltsutu eta suntsitu zituztela onartu zuen CESIDek, eta hori Pindadok koordinatu zuela jaso zuen txosten batean. Pindadok aitortu zuen hilketaren ondoren etxebizitzara sartu zela, baina gezurtatu zuen berak Urigoitiari tiro egin edo frogak faltsutu zituela.
Pindado Zerbitzu Berezietako Unitatean aritu zen 1980 eta 1988 artean. Urte horietan, torturez akusatu zuten, baina ez zuten inoiz zigortu. 1992an, ordea, atxilotu egin zuten, drogaren aurkako unitatean ari zela, konfidente batzuei drogarekin ordaintzea eta drogarekin trafikatzea egotzita. Baina ez zen edozein, El Pais-ek 1995eko irailaren 17an argitaratutako informazioen arabera: «Pindadoren figura, auzipetuen kolektiboaren barruan, begirune bereziarekin tratatu zuten Guardia Zibilean. Lerro artean, aipatzen zen ofizial horrek operazio antiterrorista delikatuen berri zeukala». Artikulu horren arabera, Segurtasunerako Estatu Idazkariak bost milioi pezeta —30.000 euro— eman zizkion aske geratzeko bermea ordain zezan.
Pindado: torturen eta frogak faltsutzearen itzala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu