Koronabirusa

Jaurlaritzak ez du onartu ikasturte hasierarako akordioa

Datorren ikasturtea hasteko hamalau puntuko akordioa aurkeztu du Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak. Nafarroako Gobernuak bat egin du

Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Datorren ikasturte hasierarako akordio bat lortu du Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak autonomia erkidegoekin. EAEk ez du onartu; Nafarroak, ordea, bai. Hamalau puntu ditu Zelaak autonomia erkidegoetako ordezkariekin hitz egin ostean aurkeztutako akordioak. Horren arabera, 2020-2021eko ikasturtea ohiko datan hasiko da, 175 eskola egun izango ditu, eta aurrez aurreko jarduera «printzipio orokorra» izango da ikasturte osoan.

Beste hainbat puntu ere jasotzen ditu akordio horrek. Esaterako, ikastetxeek maila guztietako programazioak egokitu beharko dituzte, autonomia erkidegoek ezarritakoaren arabera, ikasleek azken hilabeteetan egin ezin izan dituzten «ezinbesteko jakintzak» berreskuratzeko, eta jarraipen eta laguntza planak egin beharko dituzte «zailtasun gehien» duten ikasleentzat.

Garbitasunari ere erreparatu beharko diote. Akordioaren arabera, autonomia erkidegoek protokoloak egin beharko dituzte, ziurtatuta egon dadin ikastetxeetako higienea, garbitasuna eta osasun kontrola. Horrez gain, eskoletarako kontingentzia planak egin beharko dituzte, eta «beharrezko neurriak» hartu, besteak beste, jangela eta garraioa bermatuta egon daitezen.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazpenak egin zituen atzo,Zelaarekin bildu ondoren. Azaldu zuenez, bilera horretan kontatu zuten egoera nola bizitzen ari diren eta datorren ikasturtean nola hastea espero duten. Haren hitzetan, bi dokumentu aurkeztu zizkieten: higiene eta osasun neurrien dokumentuaren zirriborroa eta hezkuntza akordioen dokumentua. «Guk jada esan dugu horiek direla momentu honetan garatzen ari garen lanak eta ildoak, eta guk, gure eskumenak erabiliz, ez dugula ikusten hori adostu behar dugula». Ziurtatu du datorren ikasturtearen hasiera lantzen ari direla, hainbat bilera izan dituztela eragileekin, dokumentu batzuk garatzen ari direla eta ekarpenak jasotzen dihardutela. «Espero dugu lehenbailehen amaitzea eta dokumentu horiek ikastetxeetara bidaltzea, bakoitzak prestatu dezan datorren ikasturtearen planifikazioa eta hasiera».

Presentzialki eta 'online'

Ikastetxeetan ez ezik, unibertsitateetan ere ari dira 2020-2021eko ikasturtea antolatzen. Espainiako Unibertsitate Ministerioa aurrez aurreko klaseak eta online modalitatea uztartzearen aldekoa da, ikasle kopuruarengatik metro eta erdiko distantzia mantendu ezin denean. Manuel Castells Espainiako Unibertsitate ministroak unibertsitate bakoitzaren esku utzi du euren instalazioetako okupazio koefizientea kalkulatzeko lana. Bertan behera geratu den aukera klaseak bikoiztearena da, «epe motzera dagoen irakaskuntza baliabide eskasiagatik». Gainera, unibertsitateek kontingentzia plana egin beharko dute, osasun egoerak hala eskatuz gero online hezkuntzara aldatzea ahalbidetzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.