Mendigorrian D ereduko lerro bat zabaltzeko trabak salatu dituzte familiek

Esan dute herriko eskola publikoan euskarazko eredua hautatzea galarazi dietela. Hezkuntzak aukera aztertuko du, «baina soilik zortzi ikasleko taldea sortzen bada»

Euskarazko hezkuntzaren aldeko protesta bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Aurrematrikulazio kanpainaren lehen egunean, D eredua polemikarekin lotu du, beste behin ere, Nafarroako Gobernuaren erabaki batek: Mendigorriko 11 familiak salatu dute Hezkuntza Departamentuak ukatu egin diela haurrak herriko eskolan D ereduan aurrematrikulatzeko aukera: euskarazko eredua nahi izanez gero, Garesko eskolara joatea beste aukerarik ez diete eman.

Gobernuaren irizpide aldaketa salatu dute familiek: «Euskarazko lerro bat zabaltzea ez da goizetik gauera egin daitekeen zerbait, eta azarotik daramagu Hezkuntzako ordezkariekin harremanetan, hori bermatzeko. Hasieran, Eleaniztasun zerbitzuko arduradun Ignacio Catalanekin hitz egin genuen, eta, duela gutxira arte, ez zigun trabarik jarri. Gure eskaera aztertu zuten gobernuko teknikariek, eta horiek ere ez zuten oztoporik ikusi. Horrela jasota dago txostenetan. Eguberrietan, ordea, Gil Sevillanok, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, telefonoz hots egin zigun, eta esan zigun ez zigutela aurrematrikula eskaera onartuko», azaldu du Josu Goñik, auzia azaleratu duten gurasoetako batek.

Familien esanetan, Mendigorriko eskolan D ereduan izena emateko aukera bera ezabatu dute Hezkuntza Departamentuaren webgune ofizialetik, eta gobernuak jakinarazi die eskaera orriak ikastetxean bertan entregatuta ere ez dituztela tramitatuko. Beste biderik uzten ez zietela iritzita, Iruñera joan ziren atzo Mendigorriko sei familiatako ordezkariak, matrikula Hezkuntza Departamentuan bertan tramitatzeko. «Ez dizkigute agiriak onartu», esan du Goñik. «Etxera bidali gaituzte, azalpenik eman gabe».

Zenbait gurasok salatu dute, gainera, azken egunetan «mehatxuzko tonua zuten deiak» jaso dituztela, Hezkuntza Departamentuaren izenean: «Orain arte, familiak Garesko eskolara joan izan dira, eta Nafarroako Gobernuak ordaindu egiten zizkien garraioa eta jantoki zerbitzua. Bada, orain, ohartarazi digute laguntza horiek ere kentzen ahal dizkigutela, aurrematrikulazioa Mendigorriko eskolan eginez gero». Goñiren esanetan, familien lehentasuna da haurrei euskarazko hezkuntza ematea, «Mendigorrian ez bada, inguruan»; hortaz, Garesko aukera ere kolokan egon daitekeela iradokitzea «mehatxu garbia» dela nabarmendu du.

Ratioa, eztabaidaren erdian

Mendigorriko gurasoek eginiko salaketaren ostean, Hezkuntza Departamentuarekin harremanetan jarri da BERRIA, eskualdean D eredua antolatzeko asmoez galdetzeko. Departamentuko iturrien arabera, «ez da egia» gobernuak euskarazko lerroa Mendigorrian ezartzea galarazi duela: «Ez da debekurik jarri, ezta biderik itxi ere». Mendigorriko familiak Garesko eskolara «bideratu» dituztela onartu dute departamentuko ordezkariek, baina aurreko gobernuari egotzi diote horren erantzukizuna: «2019ko abuztuan, ikastetxeen mapa berria osatu zuen Uxue Barkosen gobernuak, eta horren arabera, Gareskoa da D ereduko erreferentziazko ikastetxea eskualde osoan».

Hala ere, «Mendigorrian eskaintza nahikoa dagoela egiaztatuko balitz», han ere euskarazko lerro bat zabaltzeko prest legoke gobernua, foru agindu baten bidez. Horretarako, baina, «aurrematrikulazio datu zehatzak» ezagutu behar direla adierazi dute kontseilariaren kabineteko arduradunek: «Orain arte azaleratu diren datu bakarrak dira familiek eman dituztenak, baina horiek ez dira ofizialak. Agian, aurrematrikula epea bukatuta, D ereduko talde bat osatzeko adina eskaera daudela egiaztatuko da, eta orduan hartuko ditugu erabakiak».

Nolanahi ere, gutxieneko ikasle kopuruaren auzian «zorrotz» jokatuko dutela esana du Carlos Gimeno kontseilariak. Horrek esan nahi du, gutxienez zortzi ikasleko talde bat sortuko ez balitz, Hezkuntza Departamentuak ez lukeela euskarazko lerro berria baimenduko. Mendigorrian, 11 haurren gurasoek agertu dute D eredu publikoan izena emateko asmoa. Oztopo bakarra dago: ez direla denak urte berekoak. Haur horietatik, sei hasiko lirateke aurtengo irailean; beste bost, berriz, heldu den urtean.

Hezkuntza Departamentuak zortzi ikasleko gutxieneko ratioa ezarria du D ereduko lerro berri bat zabaltzeko. Orain arte, baina, malgutasunez jokatu du landa eremuko ikastetxeetan. Hala, adin bereko zortzi haur ez zegoen herrietan ere D ereduko taldeak osatu izan ditu; hiru, lau edo bost urteko neska-mutilak ikasgela berean elkartuta, adibidez. Hezkuntza Departamentuak BERRIA-ri aurreratu dio ez duela halakorik baimenduko: «Departamentuko aurreko arduradunak [Maria Solanak] irizpide malguagoa aplikatu zuen auzi horretan, baina Gimeno kontseilariak behin baino gehiagotan esan du legean ezarritakoa bete behar dela, eta legeak dio, gutxienez, zortzi ikaslerekin ireki daitekeela gela berri bat».

Mendigorriko gurasoen esanetan, ordea, aukera legoke herrian bertan euskarazko lerroa zabaltzeko: «Mendigorria herri txikia da, landa eremuan dago, eta ezin zaizkigu herri handiagoetako irizpideak aplikatu. Zenbait urtetan ezin da zortzi ikasleko talde bat osatu, ez daudelako hainbeste ume. Horregatik proposatu dugu bi belaunalditako ikasleak elkartzea».

Gobernuaren erabakiaren atzean «asmo politikoa» dagoela diote Mendigorriko gurasoek, eta «borondate falta» egotzi diote kontseilariari: «Hezkuntzako teknikarien txostenen arabera ez legoke arazorik D eredua zabaltzeko: lekua badago, eta egin liteke. Baina ez dute nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.