Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiak gobernuei eskatu die diru gehiago emateko emakumeen eskubideen aldeko mugimenduei. Eta, horretarako, data eta kopuru zehatzak ere finkatu ditu: 2026rako funts hori %50 handitzea nahi du.
Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean egin zuen eskari hori NBEren idazkari nagusiak, atzo. Guterresen arabera, «orain da garaia» emakumeen eta nesken kontrako indarkeria amaitzea helburu duten «ekintza eraldatzaileak» egiteko, eta, horregatik, agintariei esan zien beharrezkoa dela «ekintzarako plan nazionalak diseinatu, diruztatu eta inplementatzea».
Horrek zera esan nahi du, NBEren idazkari nagusiak azaldu zuenez: lehenik, gizarte zibileko taldeek eta mugimenduen oinarriek «erabakitze prozesuaren etapa guztietan parte hartzea»; bigarrenik, legeak ezartzea eta horiek errespetaraztea, «bizirik iraun dutenek justiziarako duten eskubidea» bermatuta ikus dezaten; eta, hirugarrenik, «arau patriarkalei erronka jotzen dieten eta misoginia eta indarkeria ukatzen duten» kanpaina publikoak babestea.
«Biztanleriaren erdia jomugan duten diskriminazio, indarkeria eta abusu horiek kostu handia dute. Emakumeen eta nesken parte hartzea mugatzen dute bizitzaren arlo guztietan, beren oinarrizko eskubideak eta askatasunak ukatzen dizkiete eta gure munduak behar duen bidezko suspertze ekonomikoa eta hazkunde jasangarria blokeatzen dituzte», Guterresek atzo salatu zuenez.
Hilketa bat 11 minututik behin
Egun, NBEren datuen arabera, 11 minututik behin emakume bat edo neska bat hiltzen du senide batek edo bikotekideak.
«Eta badakigu beste estres batzuek, COVID-19aren pandemiatik hasi eta nahasketa ekonomikoraino, halabeharrez eragiten dutela abusu fisiko eta hitzezko abusu askoz ere handiagoa izatea», nazioarteko erakundearen idazkari nagusiak azaldu zuenez.
Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna
NBEk dirua eskatu du emakumeen eskubideen aldeko taldeentzat
Guterresek esan du gobernuek %50 handitu behar dutela mugimenduentzako funtsa 2026rako. Emakumeen eta nesken kontrako indarkeria giza eskubideen urraketa «nagusitzat» jo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu