Frantziako presidentetzarako bozetan gaitzik txikienaren alde egiteko deia egin zuten hainbat eragile politikok, eta ondo funtzionatu du Ipar Euskal Herrian. Frantziako Estatuan 17 punturen aldea atera dio Emmanuel Macron hautagai liberalak Marine Le Pen eskuin muturrekoari. Ipar Euskal Herrian, berriz, 31rena izan da aldea. Hala ere, Batasun Nazionaleko hautagaiak boto kopuruan nabarmen gora egin du orain dela bost urteko datuekin alderatuta. Boto zurien kopurua eta abstentzioa ere handiagoak izan dira lehen itzulian baino.
Macronek botoen %65,5 eskuratu ditu, 106.017 alegia. Le Penek, berriz, %35,5; hau da, 55.879 boz. Lehen itzulian lortutako bozak halako bi eskuratu ditu eskuin muturrekoak. Haatik, Macron nagusitu da hiriburu guztietan, eta baita hiririk handietan ere. Baionan botoen %66,4 lortu ditu, Miarritzen %71,8, Donibane Lohizunen %68,7, eta Angelun %68,5.
Eskuin muturrak Iparraldeko 159 udalerrietatik bakarrik lautan irabazi du, lau herri txikitan: Gixunen (Lapurdi), Bankan (Nafarroa Beherea) eta Etxarrin eta Ürrüstoi-Larrabilen (Zuberoa). Mendiben (Nafarroa Beherea) berdinketa teknikoa izan da. Lehen itzulian, Jean Lassalle nagusitu zen Bankan, Ürrüstoi-Larrabilen (Zuberoa) eta Mendiben.
EH Baik kezka agertu du hauteskundeen bigarren itzulian Ipar Euskal Herrian izan diren emaitzengatik. «Nahiz eta eskuin muturraren kontrako bozka nagusitu den, Marine Le Penen alderdiaren gorakada nabarmena da bai Frantzian bai Ipar Euskal Herrian», adierazi dute ohar batean. «RN alderdiaren ideien normalizazio bat gertatzen ari da, eta beldurgarria da ikustea herri batzuetan lortu dituen emaitzak». EAJk ere adierazi du kezka «muturreko populismoaren gorakada eta abstentzioa handiak» izan direlako: «Frantziak, bere erakunde demokratikoek eta agintariek lehentasunez eta berehala heldu behar diete bi fenomeno horiei». Jeltzaleek «poza» agertu dute Macronen garaipenagatik.
Emaitzei xehekiago begiratuta neur daiteke eskuin muturrak izan duen gorakada. Bost urtean anitz emendatu da errolda: 2017an baino 14.029 hautesle gehiago daude Ipar Euskal Herrian. Orduko emaitzekin alderatuta, Macronek 11.340 boz gutxiago eskuratu ditu aurten bigarren itzulian, eta Le Penek, 19.868 gehiago.
Boto zuria eta abstentzioa
Nabarmena izan da, ordea, eskuin muturra gelditzearren Macronen alde bozkatzearekin konformatu ez diren herritarren kopurua. Lehenengo itzulian 2.731 boto zuri zenbatu zituzten, eta bigarrenean, berriz, 16.079. Abstentzioa ere oso handia izan da halako bozketa baterako: %25,02 (lehen itzulian baino hiru puntu gehiago). Duela bost urte baino 7.757 hautesle gehiagok jo dute abstentziora bigarren itzulian. Zuberoako Lexantzü herriko emaitza aipagarria da alde horretatik, bozkatu duten gehienek boto zuri edo baliogabea eman baitute. 48 bototarik hamabost izan dira Macronentzat, zazpi Le Penentzat, hogei zuriak eta sei baliogabeak. 24 herritar abstenitu dira.
EH Baik ere Ipar Euskal Herriko hautesleen laurdenak bozkatzera joan ez izana azpimarratu du, eta boto zuri eta baliogabeen emendatzea. «Argi gelditu da LREMen proiektuak eta azken bost urteetan gobernuak eraman politikek ez dutela atxikimendurik».
Legebiltzarrekoei begira
Emaitzak jakin bezain laster, protestara atera ziren herritar andana igande gauean, Macroni hasiera-hasieratik oposizioa erakusteko. EH Bairen iritziz ere karrikan eraman beharko da eskuinaren eta eskuin muturraren kontrako borroka. «Eskuin muturra borrokatzeko engaiamendua berresten dugu, haren proiektu politikoak, xenofoboa izateaz gain, ez baitu ordezkatzen sistemari aurre egiteko aterabidea. Datozen bost urteetan, Macronen eta haren politika neoliberalaren aurka karrikan segitu beharko dugu». EAJk ere erran du «adi» egonen dela: «Presidenteak ez du erabili behar lortutako emaitza koartada gisa, euskal gizarte zibilaren artean hain zabalduta dagoen kritika oldeari entzungor egiteko».
Gainerako indar politiko, sindikal eta elkarteekin batera mobilizatzeko beharra azaleratu du EH Baik, eta hasi dira ekainean iraganen diren Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeei beha ere. Gaur eginen du prentsaurrekoa Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan aurkeztuko dituen hautagaiak aurkezteko.
Presidentetzarako bozak Frantzian. Ipar Euskal Herria
Frantzian baino beherago, baina goraka segitzen du Le Penek
Ipar Euskal Herrian Macron gailendu da Frantziako presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulian. Eskuin muturreko hautagaiak botoen %35,5 eskuratu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu