Hiru hilabeteko lasterraldia

Aldaketarik ezean, martxoaren 8an amarengandik banatuko dute Irati, bi euskal presoren alaba. Sei orduko elkartasun ekitaldia egin zuten atzo Bilboko Areatzan, umea gurasoekin Euskal Herrira ekar dezatela eskatzeko

Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak antolatutako ekitaldia, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Bi urteko umea da Irati; Beatriz Etxebarria eta Iñaki Zapirain euskal presoen alaba da, eta espetxean jaiotakoa. Oraindik hiru urte bete ez dituenez, Espainiako legediaren arabera badu amarekin egoteko eskubidea; orain biak daude Aranjuezen (Madril, Espainia). Baina gauzak aldatu egingo dira datorren urteko martxoaren 8an. Orduan, haurrak hiru urte beteko ditu, eta amaren magala utzi beharko du. Hori galarazi nahi du Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak, eta horretarako ekinbide ugari ari dira antolatzen. Atzo, esaterako, elkartasun ekitaldia egin zuten Bilbon.

Euskal Herritik 450 kilometrora dago Aranjuez, eta tarte hori bizikletaz osatzea zen xedea. Arriaga plazan bost bizikleta estatiko jarri zituzten olana baten azpian, eta umeentzako seigarren bat ere bai. Sei orduz, 11:00etatik 17:00etara, Irati eta bere gurasoak Euskal Herrira ekartzeko eskaerarekin bat egiten zuten herritarrek pedalei eragin zieten, eta zenbagailu batek ordura arte egindako kilometroak adierazten zituen. Ekitaldia amaitu zutenerako aise gainditua zuten aldez aurretik ezarritako helburua.

Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataforma osatzen dutenek badakite denboraren kontrako lasterraldi batean ari direla. Hiru hilabete falta dira martxoaren 8rako, eta horregatik ari dira ahaleginak ugaritzen: «Garaia delako, eta gizalegezkoa delako», plataformako kide Julen Orbeak esan duenez.

«Gurea salaketa dinamika bat da», azaldu du Orbeak, «baina proposamen dinamika bat ere bai. Irtenbide posibleak jarri nahi ditugu mahai gainean egoera bideratzeko». Horietako bat izan daiteke gurasoak eta alaba familientzako modulu batean elkarrekin egotea, baina horrek badu oztopo bat: gaur egun, Euskal Herrian ez dago horrelako modulurik daukan espetxerik: «Oso deigarria egiten zaigu inork hori buruan eduki ez izana Zaballako espetxea (Araba) egin zutenean, kontuan hartuta 2011n inauguratu zutela». Horregatik, Zaballan bertan modulu misto bat zabaltzeko eskatzen dute.

Espetxeen kudeaketa badago Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak datozen hilabeteetan hitzartu behar dituzten eskumenen artean. Azkenean eskumen hori euskal erakundeetara transferituko balitz «espetxe politika beste bide batzuetatik eramateko» aukera zabalduko litzatekeela uste dute plataformakoek, eta, gurasoak espetxean dituzten ume txikien kasuan, erregimen irekiko zaintzapeko etxeen sare bat osatzea proposatzen dute.

Umeen ongizatea babestea eta haien eskubideak urratuak ez izatea du helburu plataformak proposamen horiekin: «Ume horiek ez dute inolako errurik, eta eskubideak dituzte; Espainiak aspaldian sinatu zituen eskubide horiek jasotzen dituzten nazioarteko hitzarmenak», azaldu du Orbeak.

Hogei minutuko txandak

Lehenengo txandako bost lagunek 11:00etan ekin zioten bizikleta gainean hankak astintzeari. Gogor hasi ziren, baina denbora igaro ahala nekezago egiten zitzaien pedalei eragitea. Edonola ere, aparteko arazorik gabe bete zuten txanda, eta, hogei minutu igarota, hurrengoei utzi zieten tokia. Antolatzaileek xehe-xehe garbitzen zituzten bizikletak hurrengo txanda hasi aurretik.

Lehenengo txanda horretan aritu zirenetako bat da Jokin Etxebarria, Iratiren osaba: «Arin pasatu zaizkit hogei minutuak. Honekin aldarrikatu nahi dugu Iratik, eta antzeko egoeran dauden gainerako umeek ere, eskubidea dutela bizimodu ahalik eta normalena izateko, eta, horretarako, Euskal Herrian eta gurasoekin egon behar dutela».

Irati Gurasoekin Euskal Herrian plataformak ekitaldi eta mobilizazio ugari antolatu dituhilabeteotan: esaterako, agiri bat plazaratu dute, horren aldeko sinadurak biltzen ari dira, eta EAEko Arartekoari auzia azaldu zioten bilera batean. Eta hilak 8 dituenetan mobilizazio bat antolatu ohi dute kalean. Hurrengoa urtarrilaren 8an izango da. Baina bitartean ez dute geldirik egoteko asmorik: «Hainbat eragilerekin harremanak izaten ari gara: Bilboko eskolak, hezkuntza arlokoak, medikuak...», azaldu du Orbeak. «Alderdiekin hitz egiteko ere prest gaude; gustatuko litzaiguke gaia Eusko Legebiltzarrera eramatea.Eta Gabonetarako posta txartelak aterako ditugu, Iratiri Aranjuezera bidaltzeko». Hiru hilabeteko lasterraldia dute aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.