BERTSO JARRIAK

Osotasunean

Gorritin (Nafarroa) jaio zen, 1987an. Iruñeko bertso eskolan trebatua da, eta Nafarroako Eskolarteko txapeldun izan zen 2003an, 2004an eta 2005ean. 2006an sartu zen, lehen aldiz, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean. 2010., 2011., 2015. eta 2017. urteetako txapelduna da.

Julio Soto.
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
1

Ez barru bilaketa
ez poztasunean
dena neurtzen denean
gaur osasunean
bat, existentziaren
orotasunean
zail da ikusten bere
osotasunean.

 

2

Ez garenez hilezkor
edo inmortalak
badu behar fisiko
bat gorputz karnalak
baina hor daude behar
emozionalak
psikologiko eta
espiritualak.

 

3

Transzendentzia sen bat
badator muinetik
harremantzeak badu
hainbat bikainetik
ez bagara bakarrik
odola zainetik
nola jarri behar bat
besteen gainetik?

 

4

Auto-zentsura eta
legeen ordena
izateko aukera
da lehengo laurdena.
Badakit osasuna
zaindu behar dena
ez dakit baldintzatu
behar lukeen dena.

 

5

Neurriokin sentitzen
bagara seguru
errealizatuko
garela, seguru?
Bizitza bat bizi nahi
bada buruz buru
ez gaixotzeak ezin
du izan helburu.

 

6

Gerora hau izango
bada bizitzea
ez al da gehiegitxo
bizitza deitzea?
Hausnarrean jartzen naiz
zenbait aldiz, ea:
horren garrantzitsua
al den ez hiltzea?

Doñua: Lo hadi aingürüa



 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.