INOR EZ DA IRLA BAT
Bigarren hezkuntzako ikaslea nintzela, globalizazioaren kontrako manifestazio batzuk izan ziren. Behin baizik ez nuen parte hartu, eta desilusio handia sentitu nuen. Ez nuen ongi ulertu zein zen gure kexa zehatza: abstraktuegia zen dena, orokorregia. Egia esan, globalizazioa ia gustukoa nuen: musika onaren eta bidaia zoragarrien promesa zekarren.
Gaur den egunean ere globalizazio hitzak nahasi egiten nau, ideia lausoa baita, proteiformea, baina, gutxienez haren silueta sumatzen dut, dituen albo-kalteek ingurua marrazten bai ote. Adibidez, pandemia bat. Adibidez, guztiona den erantzukizun partekatu zabal berria, inork ere bazter uzterik ez duena.
Inork ere ez, hala da. Gizakien arteko harremanak boligrafoz eginiko arrastoekin adieraziko bagenitu, mundua zirriborro erraldoi eta bakar bat litzateke. 2020an ermitau zorrotzenak ere bere gutxieneko konexio-kuota du. Matematikoki esanda, barnean ikaragarrizko konexioak dituen grafo batean bizi gara. Eta birusa boligrafoaren arrastoetan barna doa bazter eta txoko guztietara. «Inor ez da irla bat». John Donneren gogoeta ezagunak esanahi berria eta iluna du orain.
LEKUALDATZEAK
Mundua leku zoragarri eta basatia da oraindik. Uste dugu dena esploratu dugula, baina badira mikrobio-unibertsoak erabat ezezagunak zaizkigunak, eta badira espeziearteko elkarreraginak susmatu ere egiten ez ditugunak.
Ingurumenarekin dugun agresibitatea dela-eta, gero eta gertatzen errazagoa da guk kontaktua izatea patogeno berri horiekin, berriki arte lasai baitzeuden beren txoko naturaletan.
Deforestazioak gure presentzia aurreikusten ez zuten habitat batzuetara hurbildu gaitu, eta hirigintza bridagabeak beste horrenbeste.
Hainbat animalia-espezieren ahitze azeleratuak haien hesteetan bizi ziren bakterioak beste norabait aldatzera behartzen ditu.
Abeltzaintza intentsiboak, nahi gabe ere, kultibo berriak sortzen ditu, eta, haietan denetik ugaltzen da.
Gutako nork jakin dezake zer askatu duten Amazonian joan den udan gertatutako suteek? Nork aurreikus dezake berrikiago Australian izandako animalia hondamenditik zer etorriko den? Zientziari ezagunak zaizkion mikroorganismo batzuek agian aberri berri bat behar dute berehalaxe, eta zer aberri hoberik gu baino, asko baikara eta gero eta gehiago izanen baikara, hain erraz kutsatzen baikara, elkarri estuki lotuak eta egun guztia hara eta hona ematen baitugu?
SUPERMERKATUAN
Badut lagun bat, neska japoniar batekin ezkondua. Milango probintzian bizi dira eta bost urteko neskato bat dute. Atzo berean ama-alabak supermerkatuan ziren, eta tipo batzuk oihuka hasi zitzaizkien esanez dena haien errua zela eta hobe zutela etxera itzultzea, Txinara.
Beldurrak gauza bitxiak eginarazten dizkigu. 1982an, ni jaio nintzenean, hiesaren lehenbiziko kasua diagnostikatu berria zen Italian. Nire aita orduan hogeita hamalau urteko kirurgialari bat zen. Kontatu didanez, hasiera hartan ez berak ez bere lankideek ez zekiten nola jokatu, inork ez baitzeukan ideia garbirik birus hari buruz. Norbaiti ebakuntza egin behar ziotenean, bi eskularru pare janzten omen zituzten. Egun batean, operazio-gelan, odol-tanta bat erori omen zen lurrera paziente seropositibo baten besotik, eta anestesistak atzera egin omen zuen salto, garrasika. Medikuak ziren denak, baina beldurrak zeuden. Inor ez dago prestatua eginkizun erabat berri baterako. Gaurko kinka larrian ez dira harrigarriak honelako erreakzioak: amorrua, izua, axolagabekeria, zinismoa, sinesgogortasuna, etsipena... Hobe genuke horretaz oroitu eta ohi baino zuhurragoak izan, bihozberaxeagoak, supermerkatuetako korridoreetan garrasika besteak iraintzen ibili baino.
Dena dela, eta Asiako etniak bereizteko dugun zailtasun gaindiezina alde batera utzita, kutsatzearen erru guztia ez dute «haiek»: errua, errudun bat bilatu behar bada, gurea da dena.
EURIA ETA EGUZKIA BATERA
Laurogeiko hamarkadan, ile harrotua zegoen modan. Egunero laka mordoa botatzen zen airera, litroak eta litroak. Gero jakin genuen klorofluorokarbonoak ozonosfera zulatzen ari zirela eta eguzkiak kiskaliko gintuela baldin eta araurik jartzen ez bagenuen. Denek aldatu zuten orrazkera, eta salbatu zen gizateria.
Orduko hartan efizientzia erakutsi genuen, baita lankidetzarako jarrera ere. Baina ozono-zuloa erraza zen irudikatzen, zulo bat zen, eta denok gara zulo bat bisualizatzeko gai. Gaur egun, ordea, gogoan harrapatzen askoz zailagoa den zerbait irudikatzeko eskatzen digute.
Hona gure garaiko paradoxa bat: errealitatea gero eta konplexuagoa bihurtzen ari den bitartean, guri gero eta zailagoa egiten zaigu konplexutasuna bere horretan onartzea.
Errepara diezaiogun, esate baterako, klima-aldaketari: lurreko tenperaturaren igoeran zerikusia dute petrolioaren prezioari buruzko politikek eta oporretarako gure planek, korridoreko argia itzaltzeak eta Txinaren eta Estatu Batuen arteko lehia ekonomikoak; zerikusia du azokan erosten dugun haragiak eta deforestazio basatiak. Arlo pertsonala eta arlo globala hain modu enigmatikoan txirikordatzen dira, non akitu egiten baikara arrazoinamendu bat bilatzen hasi baino lehenago ere. Ondorioak are okerragoak dira: alde batetik Amazoniako suteak, bestetik Indonesiako eurite uholdezkoak; mendeko udarik beroena, baina baita negurik hotzena ere. Zientzialariek ohartarazten digute agian ez dugula biziraunen, gero esaten digute egun sargoriei buruz ditugun irudipenek ez dutela ezer esan nahi, egun batek ez duelako estatistika egiten eta kexatzen den pertsona batek are gutxiago.
Ziurtasun bakarra, azken batean, hau da: gure garunak ez dirudiela behar bezain ongi hornitua. Baina mesede eginen liguke lehenbailehen hornitzeak. Klima-aldaketak areagotu ditzakeen gaixotasunen artean, Ebolaz aparte, beste hauek daude: malaria, dengea, kolera, Lymea, Nilo mendebaldeko birusa eta beherakoa, guretzat ezongi xume bat besterik ez dena agian, baina beste lurralde batzuetan arrisku larria dena. Mundua galtzetan kaka egiteko zorian dago. Epidemia hau, beraz, gogoeta egiteko gonbidapena da. Berrogeialdiko denbora une egokia da horretarako. Zer pentsatu behar dugu, ordea? Ez garela bakarrik gizateriaren partaide, baizik eta ekosistema hauskor eta bikain bateko espezierik inbaditzaileena
LIBURU AURRERAPENA
Kutsaldian
Koronabirusaren pandemian ardaztutako saiakera bat idatzi du Paolo Giordanok (Turin, Italia, 1982). Ereinek argitaratu du, eta doan deskargatzeko aukera emango du BERRIAk, bihar eta etzi; egileari egindako elkarrizketa ere argitaratuko du kazeta honek bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu