Koronabirusa

TERMOMETROA (41)

Koronabirus aroko eguneroko bat hemen, bost ahotsetara. Salbuespeneko errutinari tenperatura hartzeko termometro bat, poliedrikoa: Antzuolatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Baionatik, Donostiatik eta, halabeharrez —ahotsetako batek bere anonimotasuna gordetzea eskatu duenez—, Bizkaiko herri zehaztugabe batetik kontatuta.

BERRIA / BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
«Zer babestu nahi dugun erabakitzeko garaia da;ni, txikien alde»

Josebe Blanco Baserritarra

Ardo kultura bat daukaten tokietan, lehen, ardo ekoizpen txiki bat zegoen kasik etxe bakoitzean. Hori joan zen. Ardoa egiteari utzi zioten batzuek, mahatsa beste bati saltzea erabakita. Upategi txikiak sortu ziren; handiagoak ere bai. Ardogile batzuk ez dira jada mahastizain, eta ez dago garbi zer den nekazariaz.

Mahastia zaindu, ardoa egin eta saldu egiten dute ABRA Arabako Errioxako ardogileen elkartekoek. Txikiak dira. Oso egoera zailean daude, tabernetan eta esportazioan saltzen dutelako gehien, eta orain ezin dutelako. Zuzenean saltzea erabaki dute, Biba ardoen bitartez. Supermerkatuetan eta tabernetan, berriz, upategi handien ardoak daude. Inork pentsatzen al du horiek zergatik dauden toki guztietan eta hain merke? Ardoa ez baita merkea, prozesu guztian parte hartzen dutenei behar bezala ordainduz gero. Zer ekoizpen eredu dago atzean? Zenbat kutsatzen du? Zenbat ordaintzen zaio mahatsagatik nekazariari? Eta jornaleroari? Zenbat diru publiko jasotzen du? Europak emandako laguntzetatik, esaterako, handiek dirutzak jasotzen dituzte. Diruoi turismo sarea eransten diezu, eta espekulazioa agertzen da, ardotan blai. Ez da bizigarria.

Zer babestu nahi dugun erabakitzeko garaia da. Ni, txikien alde.

«Azkenean, ez dakit nola esan, jendearekin ez egotera ohitu egiten zara»

Markel Flores Larrialdietako erizaina

Atzo txandalarekin atera nintzen, baina euria hasi zuen eta ordu erdian etxean nintzen. Egia esan, itxialdian joan-etorriak bizikletaz egin ditudanez, ez dut kirol beharrik sentitzen.

Gaur lanik ez. Kontrako abisurik ezean, halaxe izango naiz larunbat goizera arte, sofan lasai arraio botata. Euriari begira egon beharko. Neuzkan liburuak bukatu ditut, eta aurrekoan beste sei-zazpi erosi nituen Katakraken, internetez. Ez dira oraindik iritsi, eta esperoan nago. Martxa hartu dut irakurketarekin, eta gustura. Motibatuta.

Aspaldi ez dut etxekoekin hitz egin. Ez didate deitzen, eta ondo egongo dira. Deitu beharko diet, hala ere. Egia esan, orain posible dugu elkartzea, afaltzeko-eta, baina ez dugu ezer antolatu oraindik. Hemendik gutxira bisitan joango natzaiela pentsatzen dut.

Lagunak ere elkar gaitezke, hamarreko taldea osatu arte, baina hori ere ez dugu egin. Lanean ari garenez denok, aste egunetan baino errazago izan daiteke asteburuan elkartzea. Azkenean, jendearekin ez egotera ohitu egiten zara, eta, ez dakit nola esan, hainbesteko beharra ez duzu sentitzen. Bideo-joko saioak ere bukatu dira ia. Hau izango da Errealitate berria deitzen dioten zerako zera hori.

«Plazer handia eman dit jendearekin jateak eta mintzatzeak»

Aña Iriart Unibertsitate ikaslea

Adiskide baten urtebetzea zela eta, lagun batzuk jin dira atzo gure etxera. Barnealdekoak denak, neu bezala; haiek etxera sartu ziren konfinamendu garaian, ez ziren Baionan geratu. Lehen bisitaldia izan da itxialdia hasi zenetik, eta plazer handia eman dit jendea ikusteak, elkarrekin jateak, mintzatzeak. Ez nuen lanik hartu sukaldean, kanpoan hartu genituen hanburger batzuk, garagardoa bagenuen, eta hala. Gero atera ginen itzuli bat egitera, arratsaldeko bostetan. Jendea bazen karriketan. Ez dakit zein orenetan erretiratu ginen. Berandu. Ez zen arorik aproposena horretarako, baina topatu genuen non babestu. COVIDari buruz mintzatu ginen asko. Eta ikasketetan eta partzialetan garenez denak, nola pasatzen ziren eta eskolek nola funtzionatzen zuten.

Atzo lagunak jin ziren barnealdetik, hara noa gaur ni, Bithiriñara. Oraintxe finiko dut poltsa prestatzeko lana. Lasai nago, eta kontent; ikusiko ditut. Normalki, behar dugu utzi distantzia sozial bat, ezin dugu elkar ukitu. Zail da. Atzo ere, zail zen. 9, 13 eta 15 urteko anai-arrebak ikusi, eta haiei besarkadarik ez ematea; aitatxi eta amatxi ez estutzea... Atzemanen dugu beste manera bat.

Heldu den asteartean izanen dut azken azterketa. Hori egin eta gero, lasai izanen naiz.

«Bizikletaeta busa lanera joateko zain dauzkagula oroitzen dugu»

Urko Rodriguez Autobus gidaria

Esfortzu edota denbora gehiago eskatzen digun egoera batetik askoz ere errazagoa den beste batera aldatuz gero, zein neurritaraino geundeke prest lehenengo egoerara itzultzeko? Askok azterketa bat egin eta analisi horren arabera bat edo beste hautatuko genukeen arren, egoera xamurrari eutsiko liokete beste batzuek, inolako barne-eztabaidarik eduki gabe. Norberaren ideologiak hor eragin lezake, auskalo, baina ez naiz hor sartuko (oraingoz).

Mikel lankideak eta biok mugikortasunaren eremura eraman genuen dilema hori, solasaldi batean, asteotako bidaiari kopuru jaitsiera handiaren ondoren izan ginena izatera noiz helduko ote garen elkarri galdetu genionean. Izan ere, martxotik hona lanera joateko busa utzi eta kotxea hartzen hasiko (itzuliko?) zirenak ez dira gutxi izango; eserita, bakarrik, goxo-goxo, gustuko musikaren konpainiaz, eta, telelanaren eraginez, lantokitik oso gertu aparkatzeko aukerarekin. Pagotxa.

Beste mundu bat posible dela uste dugunok, baina, badakigu egungo egoera eroso hau trantsiziozkoa dela. Lanera joateko busa eta bizikleta zain dauzkagula oroitzen dugu. Espero dut arestiko ohiko bidaiarien gehiengoaren parte izatea.

«Behin lanean hasita, bukatu artean ezin da etenik egin; hala dio arauak»

X.X. Etxeko zaintzailea

Bizkarreko mina arinduta jaiki naiz gaur. Beharrera abiatu baino lehen, luzatze gurutzatu batzuk egin ditut, eta on egin didate, baina leher eginda atera naiz lantokitik, berdin-berdin. Behin lanean hasita, hala dio arauak, bukatu artean etenik ezin baita egin; eta irten orduko banku batean eseri behar izan dut, zangoak luzatzeko. Erantzuna ere prestatu dut, norbaitek ezer esango balit leihoren batetik: «Atseden hartzen ari naiz, ez aisialdian».

Nire lagunik onenak, alabatzat daukadanak, lanera joan gabe segitzen du. Bikote gazte batentzat egiten du lana; ume txiki-txiki bat daukate. Etxekoandreak ostiralean deitu zion, apirileko soldata kontu korrontean sartu ziotela, eta, biharamunean, larunbatean, ez zirela etxean egongo. Ez omen dute inorekin kontakturik izan nahi, ezta nire lagunarekin ere, eta, bertan ez zirenez egongo, etxera garbitzera joateko eskatu zioten. Halaxe joan zen, larunbatean, lanera. Askoz lasaiago dago orain adiskidea, kobratu egin duelako. 300 bat euro ari da pagatzen bizitoki duen logelagatik; alaba txikiarekin bizi da.

Gaur ere, gutxi ginen metroko kotxean. Nire ibilbide bertsua egiten duen lagun baten arabera, lepo joan ohi da ordubete lehenago. Jende pilaketarik egokitzen ez zaidan bitartean, ni gustura.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.