LPEEn ere gatazka dauka Iranek

Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak ekoizpen murrizketari eutsiko dio, upelaren prezioa mantentzeko. Iranek uste du LPEE «hiltzeko arriskuan» dagoela Saudi Arabiak aldebakarreko erabakiak hartzen segitzen badu

Saudi Arabiako petrolio ministro Khalid al Falih, atzo, Vienan. CHRISTIAN BRUNA / EFE.
Irune Lasa.
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Praktikan, erabakia hartuta iritsi zaie gainerako herrialdeei LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundean: Saudi Arabiak eta Errusiak jada larunbatean —Osakako G20aren goi bileran— iragarri zuten ados zeudela petrolio ekoizpenaren murrizketekin jarraitzeko. Kontuan izanda Saudi Arabia dela, alde handiz, LPEEko ekoizlerik handiena, atzo Vienan (Austria) egindako bilkuran beste ezer esateko tarte gutxi gelditu zitzaien LPEEko gainerako beste hamahiru bazkideei.

Ahots kritiko bakarra Iran izan da. Biyan Zanganeh Irango petrolio ministroak gaitzetsi egin zuen Saudi Arabiaren jarrera. «LPEEk bizirik jarraitu nahi badu, erabakiak LPEEren barruan hartu beharko dira, eta ez kanpotik datozen argibideen arabera. Ez gaude hemen kanpoan hartutako erabakiak zigilatzeko». Irango petrolio ministroak ukatu egin zuen bere herrialdeak LPEE uzteko asmorik duela, eta esplikatu zuen ez duela arazorik produkzio murrizketa luzatzeko ere. «Hemen arazoa aldebakartasuna da», esan zuen, eta ohar garbia egin: «LPEE hil egingo da prozesu honetan».

Bi handiak

2016. urteaz geroztik, LPEEko hamalau herrialdeak beste talde baten parte ere badira, beste hamar aliaturekin batera. Garai batean, guztiak ados jarri ziren ekoizpenak egokitzeko. Helburua zuten txikitzea upela merkeegi egotera bultzatzen zuten petrolio erreserba handiak.

LPEE hedatu horretako adiskide berrietako bat da, hain zuzen, Errusia, munduko petrolio esportatzailerik handienetan bigarrena. Eta lehen arerio handienak zirenak, Saudi Arabia eta Errusia, gero eta gehiago dabiltza elkar harturik, adibidez, Iranen haserrerako.

Dena den, Saudi Arabiako petrolio ministroak, Khalid al Falihek, bazuen atzo erantzuna Irango ordezkariarentzat: «Hemen inork ez dio inori ezer agintzen; hau guztia kontsultetan eta analisi partekatuetan oinarritzen da», esan zuen, eta argudio pisutsua eman zuen bere jokaera defendatzeko: «Mundu guztia errespetatzen dugu, baina kontua da Saudi Arabia eta Errusia munduko ekoizlerik handienak direla».

Gauzak horrela, Vienako eztabaidak funtsean zera erabakiko du: zenbat denboraz luzatu upel ekoizpen txikiago hori —beste urte erdi ala bederatzi hilabete—. Saudi Arabiak eta Errusiak bat egiten dute horretan ere: murrizketa 2020ko martxora arte luzatzearen alde daude biak, besteak beste, horren mende ez egoteko LPEEren urte bukaerako ohiko bileran.

LPEEko herrialdeek eta beste hamar herrialdek, Errusia barne, urte erdi daramate ekoizpena murriztuta, orotara eguneko 1,2 milioi upel gutxiago merkaturatzen. Horrekin lortu dute aurre egitea AEBetako frackingeko petrolioaren eskaintza handiak egindako presioari, eta upela 54 dolarretik 65-70 dolar ingurura igotzea.

Atzo, bi dolar garestitzen hasi zuen eguna, baina gero indarra galdu eta 65 dolarrean geratu zen.

Sakrifizioa

Baina ikusteko dago murrizketari eustea nahikoa izango den upelari 70 dolarretan eusteko. AEBetako petrolio ugariaren presioari beste hainbat aldagai gehitzenari zaizkio eskariaren aldetik. Esate baterako, ikusi beharko da zer gertatzen den Txinako eta Indiako ekonomiekin, geldotzeko zantzuak baitituzte, eta bi herrialdeak baitira petrolio kontsumitzaile oso handiak.

Hori bai: azken datuen arabera, oraingoz ekoizpen murrizketan ez dute sakrifizio handirik egin behar izan, ez Saudi Arabiak, ezta Errusiak ere. Bloombergen arabera, LPEEren ekoizpen txikiagoak gehienbat Venezuelaren krisian eta Iranek jasaten dituen zigorretan du jatorria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.