Koronabirusa

Uztailetik izan den kutsatu kopururik apalena zenbatu dute Hegoaldean

Beste 151 kasu positibo atzeman dituzte COVID-19a detektatzeko testetan. ZIUetan 71 eri daude; azken bederatzi hilabeteetako gutxien

COVID-19a atzemateko testak, Zarauzko ospitalean. GORKA RUBIO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Zenbait astez lautadan sartua izan ondotik, kutsatuen kurbak malkartsu egin du behera atzera ere, eta, transmisioa arintzeko bidean, beste mugarri bat erdietsi da berriki: egun bakarrean zenbatutako COVID-19 kasu kopurua 200dik beherakoa izan da Hego Euskal Herrian, iragan udatik lehenbiziko aldiz. Izan ere, ordutik, izurritearen olatuen barealdietan ere ez da nabaritu halako arintzerik; hau da, beherakadak izan arren, kutsatzeren bilakaera aski larriagoa izan da beti gaur egungo egoerarekin alderatuta. Zehazki, Osakidetzak eta Osasunbideak 5.582 diagnostiko proba egin zituzten herenegun, eta horien guztien %2,7k eman zuten positibo: 151 kutsatu detektatu zituzten, alegia. 2020ko uztailaren 17tik erregistratutako daturik apalena da hori; urtebete eskasean izandako txikiena, beraz.

Ohi denez, astegunetan baino proba gutxiago egin ziren igandean, adibidez, ostiralean 8.500 test inguru egin ziren, herenegun baino 3.000 gehiago. Egun bakarrean egiten den proba kopuruak ezinbestean baldintzatzen du detektatutako kasuen zenbatekoa. Hala eta guztiz ere, aurreko asteburuetan izandako datuekin alderatuta ere, beherakada aski handia izan da Hegoaldean, ekainaren 6an 220 positibo atzeman baitziren, kasurako.

Hala, pandemiaren bigarren olatuaren hasieran erregistratutakoen parekoak dira Hegoaldeko osasun agintariek atzo jakinarazitako datuak. Hilabete ilunen ondotik, argia ageri da birusari kontra egiteko bidean. Gaur egun, azken hamalau egunetako batez bestekoari so, eguneko 310 kutsatu detektatu dira Hegoaldean egindako testetan. Apirilaren hondarrean, laugarren olatuaren goraldi betean, batez bestekoa milatik gorakoa zen. Apirilaren 27an, 1.018.

Halaber, herenegun atzemandako positiboen gaineko datuak lurraldez lurralde aztertuta, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako informazioaren arabera, Bizkaian, 54 kasu zenbatu zituzten igandean; Gipuzkoan, 47; Nafarroan, 26, eta Araban, 22.

Hegoaldeko lau lurraldeetako intzidentzia tasa metatuek beheranzko maldan segitzen dute. Joan den astetik, tasa lauretan da 200dik behitikoa, baina, are gehiago, gaur egungo erritmoari eutsiz gero, 150etik behitikoak izan litezke aurki. Aldagaia Bizkaian da handiena: 100.000 biztanleko 167ri atzeman diete birusa azken hamalau egunetan. Gipuzkoa da atzetik: tasa 152 da, azken datuen arabera. Bestalde, Araban, 141 da;Nafarroan, 120.

71 lagun dira ZIUetan

Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazitako informazioaren arabera, igandean 18 lagun sartu zituzten Hegoaldeko ospitaleetan COVID-19aren sintomak larriagoturik. Azken bi asteetan, eguneko 29 pertsona erietxeratu dituzte batez beste.

Osasun zentroetan birusak hartuak ohean direnen kopuruari so, COVID-19aren eragina apaldu dela gero eta agerikoagoa da Hego Euskal Herrian. Gaur egun, guztira 191 paziente dira gaitzak jota ospitaleraturik; orain hilabete, 546 pertsona ziren, hau da, ia halako hiru.

Bestalde, zehazki, erietxeetan diren pazienteen 120 gela arruntetan sartuta daude, solairuan; 71, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dira, larri, gaitzarekin gaixo. Unitate horietan ere oso bistakoa da paziente kopuruan izandako beherakada, eta hori joan den irailaren 18tik erregistratu den daturik apalena da.

Birusarekin loturiko heriotzei dagokienez, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du herrialdean ez dela hildakorik izan azken astean. Berriz, Jaurlaritzak bihar aterako du horien gaineko informazioa argitara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.