Pepe Rei

Kazetaritza otzana astindu zuen ardi beltza

Reik bi hamarkada zeramatzan bere betiko ogibidetik aldenduta, baina 1990eko hamarkadan ikerketa kazetaritzaren aitzindaria izan zen Euskal Herrian. Atzo hil zen.

Pepe Rei, 2013ko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Jose Benigno Reirentzat (Cenlle, Galizia, 1947 - Donostia, 2021) kazetaritza ez zen inoiz jarduera erosoa izan. Ezkutuan zegoena azaleratzea, injustiziak salatzea, boteretsuek entzun nahi ez zutena ozen esatea: horra hor kazetariaren eginkizuna, Pepe Reiren pentsamoldearen arabera. Eta koherentziaz jokatu zuen bere lan ibilbidean, horrek arazo ugari ekarri bazion ere. Atzo hil zen, Donostian, 73 urte zituela, 2002an izandako trafiko istripu larriaren ondorioak pairatu ondoren.

Jabier Salutregi Mentxaka 'Egin' egunkariko zuzendari ohiaren zutabea: Pepiño

Istripua izan zuenetik erretiraturik bizi zen, baina ikerketa kazetaritzaren aitzindaria izan zen Euskal Herrian: Egin-eko ikerketa taldeko buru izan zen, Ardi Beltza-ko zuzendaria, eta bere garaian ustelkeriaz, droga trafikoaz eta Guardia Zibilaren jarduerez argitaratu zituen lanek zalaparta handia eragin zuten. Ez da gehiegikeria esatea 1990eko hamarkadan Pepe Rei izan zela hedabide idatzietan aritzen zirenen artean Euskal Herriko kazetaririk ezagunena. Baina hautu horrek arazo ugari ere ekarri zizkion. Debekuak, irainak, mehatxuak, eraso pertsonalak eta espetxealdiak jasan behar izan zituen.

Pepe Rei Galizian jaio zen, 1947an; gazterik hasi zen kazetaritzan, eta Galiziako eta Espainiako zenbait egunkari eta aldizkaritan lan egin zuen: El Pueblo Gallego, Odiel, Madrid eta abar, 80ko hamarkadan Euskal Herrira iritsi zen arte. La Voz de Euskadi-n eta Interviú-n jardun zuen, eta 1988an Egin-en sartu zen.

Hamarkada berria aldaketa garaia izan zen Egin-entzat: edukiei dagokienez, ikerketa kazetaritza lehenestea erabaki zuten. Kazetaritza molde horren alde egindako hautuaren eragile nagusietako bat izan zen Rei, eta, egunkariak ikerketa taldea eratu zuenean, hura izendatu zuten buru. Reik informazio ugari argitaratu zuen GALen eta eskuin muturreko taldeen inguruan, bai eta ustelkeriaz eta droga trafikoaz ere. Garai hartan azaleratu zen txanpon makinen auzia deitu zutena, EAJ zipriztindu zuen ustezko ustelkeria kasua, eta Rei eta bere taldea buru-belarri aritu ziren auziaz. Horrek EAJren arduradun askoren aurkakotasuna sortu zion. Entzutetsuak ziren Jaurlaritzako Barne sailburu Juan Maria Atutxarekin izaniko liskarrak eta EGIren haren kontrako kanpainak.

Erasoak ez ziren soilik dialektikoak. 1994an atxilotu zuten, ETArekin kolaboratzea leporatuta; hiru urtera errugabetu zuten. 1998an, Baltasar Garzon epaileak aginduta, Egin itxi zuten, eta Rei berriro espetxeratu zuten, baina irtetean beste proiektu batean engaiatu zen, Ardi Beltza-n; hura ere itxi zuen Garzonek. 2001ean, Reik bost hilabete eman zuen espetxean, eta 18/98 auzian auzipetu zuten, baina, istripua jasan ostean, epaiketatik at gelditu zen. Guardia Zibilak eta Enrique Rodriguez Galindo jeneralak ere haren aurka egin zuten. 2007an Rei eta Txalaparta argitaletxea zigortu zituzten, Galindo «iraintzeagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.