Ion Errea. Ikerlaria

«Aurkikuntza hau pauso bat gehiago da supereroaleen ikerketan»

'Nature' aldizkari zientifikoan kaleratu dute Erreak zuzendutako lana. Frogatu dute tenperatura oso handiko supereroaleak lor daitezkeela askoz ere presio txikiagoetan. «Giro baldintzetan lortzeak iraultza ekar dezake».

MAIALEN ANDRES / @FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Ion Errea (Donostia, 1984) irakaslea da EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta ikerlaria bai DIPC Donostia International Physics Centerren, bai eta CFM Materialen Fisika Zentroan ere. Erromako La Sapienza unibertsitateko Jose A. Floresekin batera zuzendu du giro tenperaturan supereroaleak diren materialei buruz Nature aldizkariak argitaratutako ikerketa. Euskal Herriko, Alemaniako, Japoniako, Frantziako eta Italiako ikerlarien elkarlanaren fruitu da. Errearen esanetan, «Science-rekin batera» zientzia munduko aldizkaririk garrantzitsuena den horretan kaleratu izanak «legitimatu» du egindako lana.

Zein da Nature aldizkarian argitaratu duten artikulu-ikerketaren tesi nagusia?

Atomoak objektu kuantikoak dira. Horrek esan nahi du, nolabait, inoiz ez daudela toki batean geldi, fluktuazioan daudela beti. Tesia da fluktuazio horiei esker lor daitezkeela tenperatura oso handiko supereroaleak uste zena baino askoz ere presio txikiagoetan. Hori da guk egin ditugun kalkuluen emaitza nagusia.

Zergatik da garrantzitsua? Zer ekar dezake aurkikuntza horrek?

Aurkikuntza hau aurrerapauso txiki bat da supereroaleen munduan. Supereroale bat da korronte elektrikoa garraiatzen duen metal bat. Tenperatura batetik behera garraiatzen du, inongo galerarik gabe; hau da, erresistentzia elektrikoa zero da harentzat. Material hauek existitzen dira, eta teknologikoki ere erabiltzen ditugu. Adibidez, erresonantzia magnetikoko tresna batean eremu magnetiko bortitzak sortzen dira, hain zuzen, supereroaleak daudelako. Baina supereroale horiek hozten ari dira ia zero absolutua den tenperaturan; hau da, -273 gradu inguruko tenperaturan. Orduan, fisikaren ametsa beti izan da supereraoleak giro baldintzetan lortzea. Halakorik ez daukagu. Beraz, erronka da halako material bat topatzea.

Azkeneko hiruzpalau urteetan gauza bat gertatu da. Oso presio handian —gutxi gorabehera, presio atmosferikoa baino milioi bat aldiz handiagoa den presioetan— topatu dute, esperimentalki, supereroankortasuna tenperatura itzeletan; orain arte inoiz neurtutako tenperaturarik handienetan.

Guk ulertu dugu material horren supereroankortasuna zor zaiola fluktuazio kuantiko horiei, nolabait. Horiek mantentzen dute material horren egitura atomikoa. Fluktuazio kuantiko horiek kontuan hartuko ez bagenitu, sistema hau ez zen izango supereroalea hain tenperatura handietan, presio horietan.

Zer hartu du kontuan Nature-k?

Lanak frogatzen duela fluktuazio kuantiko horiek kontuan hartuko bagenitu, askoz ere presio txikiagoetan, agian, izan ditzakegula mota horretako supereroaleak tenperatura oso handietan.

«Agian» esan duzu.

Bai, ez baitakigu. Guk frogatzen dugu garrantzitsuak direla, eta, orduan, ateak irekitzen dira mota horretako supereroaleak topatzeko presio txikiagoetan; eta, zergatik ez, baita, agian, giro presioan ere.

Ikerketarekin segitzeko orduan, norantz joko duzue orain?

[EB] Europako Batasunak diru laguntza handi bat eman zigun hidrogeno konposatu horietan supereroankortasuna aztertzeko [1,5 milioi euro]. Guk kalkulu teorikoak bakarrik egiten ditugu; ez dugu esperimenturik egiten. Orain arte, kalkulu teorikoek lan handia egin dute aurresaten supereroaleak diren hidrogeno konposatuak oso presio handietan. Oso arrakastatsuak izan dira. Gure helburua da molde klasikoko kalkuluak albo batera utzi, eta, atomoen fluktuazio kuantikoak kontuan hartuta, topatu ahal izatea supereroale on horiek presio askoz ere txikiagoetan. Bilaketa horiek egin behar ditugu. Egindako aurkikuntzak erakusten digu zein den jarraitu beharreko bidea.

Aurkikuntza horrek zer ate ireki ditzake egunerokoan?

Aurkikuntza honek, berez, ezer ez. Baina pauso bat gehiago da supereroaleen ikerketan. Supereroaleak giro baldintzetan lortzeak iraultza ekar dezake, horrek bai.

Iraultza?

Bai. Esaterako, motor elektriko askoz ere eraginkorragoak izango genituzke. Egun dauzkagun motor elektrikoekin ezin diogu hegazkin bati hegan eginarazi. Baina izango bagenitu supereroaleez osatutako motor elektrikoak, bada, agian bai. Badaude horri buruzko ikerketak eta. Beste adibide bat: haize sorgailu batekin argindarra sortzen dugunean, hor kable batzuk daude. Kable horiek supereroaleak izango balira, askoz ere korronte handiagoa sortuko genuke haize kantitate berarekin. Hortaz, energia berriztagarriak sortzeko gure gaitasuna askoz ere handiagoa izango litzateke. Medikuntzan, esate baterako, erresonantzia magnetiko bat egitea ez zen hain garestia izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.