Animoz «indartsu» baina osasunez «larri». Horrela sumatu zuen Egoitz semeak atzo Josu Urrutikoetxea. Bisita egin zion sendiak Parisko La Sante presondegian. Maiatzaren 16an atxilotu zuten Urrutikoetxea, Frantziako Alpeetako Salanches herrian, ETAko kide izatea leporatuta, eta ordutik lehen aldiz bisitatu ahal izan zuten senideek atzo. Oraingoz, hurbileko familiari baizik ez diote eman bisitak egiteko baimena; semeak azaldu du eskaerak eginen dituztela gainerako senideek eta lagunek ere bisitak egiteko, baina aitortu du ez dutela espero berehala onartzea. Gutunak ere arazo iturri dira: ez zaizkio heltzen. «Itzulpen arazoak aipatzen dituzte, baina frantsesez bidalitakoak ere ez zaizkio heltzen».
Erietxera ebakuntza egitera zihoala atxilotu zutenUrrutikoetxea. Gaixotasun larri bategatik, egunak zeramatzan pixa ezin eginda eta ezin janda. Atxiloketaren ostean, urologoak ohartarazi zuen hilabeteren buruan egin beharko ziotela operazioa. Ez diote egin oraindik, ordea, eta egunik ere ez dute jarria. Ondorioz, presoaren osasun egoera «larria» da oraindik, semeak azaldu duenez.
Baldintzapeko askatasuna
Hurrengo asteetan, epaitegietan egutegi mardula izanen du Urrutikoetxeak. Batetik, datozen asteetan aztertuko dute haren defentsako abokatuek egindako eskaera bat, baldintzapean aske uzteari buruzkoa. Ekainaren 19an, Dei Auzitegiko epaileek kontrol judizialpean aske uztea erabaki zuten, baina, artean kartzelan zegoela, atxilotu egin zuen Poliziak, Espainiaren eskaera bat zela medio.
Bestetik, irailaren 12an, Parisko Auzitegi Korrekzionalera itzuli beharko du Urrutikoetxeak, 2017an ezarri zioten zigorra azter dezaten —ekainaren 28ko auzi saioa atzeratu egin zuten, prozedura akatsengatik—. Azkenik, Espainiak ezarritako bi euroagindu eskaerak aztertuko dituzte urriaren 16an.
Familiak ohartarazi du Urrutikoetxea osasunez «larri» dagoela espetxean
Maiatzaren 16an atxilotu zuten, eta familiak lehen aldiz egin ahal izan dio bisita kartzelan; hurbileko senideak onartu dituzte oraingoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu