LIBURU AURRERAPENA

Cayo Hueso

Floridatik dingilizka geratutako azken uhartea da Cayo Hueso. Hantxe bizi da, otarrain arrantzan, Oihane Amantegiren (Zornotza, Bizkaia, 1985) bigarren kontakizun honetako narratzaile den kapitain zaharra; han Virgil musika kritikaria eta Maudey jazz kantaria ere.

IRUNE IZQUIERDO.
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Otarrain sasoia abuztu hasieran hasten da Floridako Cayo Hueson, garaiak garai direnetik. Horrela gertatu zen geure urte hartan ere, eta hilaren 6an ekin genion denboraldiari; udan hasi eta martxo bukaera arte, kasik egun guztietan aterako ginen itsasontziak eta itsasontzietako kapitainok beharretara. Nasak hartu eta otarrainak banan-banan harrapatzera. Portura itzuli, arrantzatua neurtu eta saldu, otarreak konpondu eta ontzia zaintzera. Itsaso zabala besarkatzera batzuetan, eta ekaitz tropikaletatik babestera besteetan. Jakin egin behar delako itsasora noiz atera; baina, batez ere, jakin egin behar delako itsasotik noiz gorde.

Nik ez dakit oraindik kapitain zahar honi dagokion egun hartan eta handik aurrerakoetan gertatutakoa kontatzea testigu huts izanda eta testigu soil baino ez; baina nork kontatuko du, bada, bestela? Beste inork hitzik hartuko ez badu, zer dauka okerra begi nekatu hauek ikusitakoa kontatzeak? Nola ezagutuko duzue, bestela, Virgil? Nola, Maudey? Nork kontatuko dizkizue plazerari buruz ezagutzen ez dituzuenak? Zeuen buruei barkatu ez dizkiezuenak? Nork erakutsiko dizue tabako kearen zurrunbiloan lerratzen den amildegia? Nork? Hitza hartu egin behar da batzuetan, bestek ez dezan kontatu beharrekoa lohitu; edo besteren isiltasunak ez diezaion kontatu beharrekoa kontatzeari utzi

Halanda ze, hasi egingo naiz.

Abuztu hasierako egun hartan nabarmena zen festa giroa, ez da debalde izaten-eta denboraldi berriaren ospatzea. Ni neu goizetik atera nintzen lehen otarrain preziatuen bila, eguna argitu gabe oraindik, patxadan ibiltzea gustatzen zaidalako. Goiza ez delako nekeza hemen, Cayo Hueson, non itsasoa suertekoa den. Hemen, Ozeano Atlantikoa eta Mexikoko Golkoa partitzen diren lur zatian, non ur masa erraldoi baten erdian galduta eta zintzilik bizi garen; sokanean hanka puntetan, itsasoak eman digun lurra geure-geurea ez dela konbentzituta; ur gaziak opari emandako lurgunean, ozeanoaren bizkarrezur. Propio bizi gara hemen, kontinenteak ez dezan itsasoko ura ahaztu.

Eguerdi parean itzuli nintzen portura, lehen eguneko lanak burututa. Portuan bertan saldu nituen otarrainak: agudo, beharrezko neurriak hartu eta gainerako betekizunak ofizioz konplitu ostean. Itsasontzia lehorrera lotu eta moilako taberna kanpoan eseri nintzen, harrizko bankuan, tabakoa bildu eta erretzera. Ordurako, hainbeste zigarro neuzkan bilduak bizitza oso eta luze baten igaroan, ezen atzamarrak ere horituak neuzkan, bizar zuria horitua neukan lez eta hezurrak ere horituak eta irribarrea ere hori, ezpain artean lotsati. Urte asko dira erretzen dudala. Urte asko dira itsasotik bizi naizela. Urte asko dira, funtsean, bizirik egoteko. Gazteagotan, iparraldeko kostako itsasontzi handietan ibili izan nintzen denboraldi luzeagoetan; atun eta bakailaotan, batez ere. Orain ez: orain ontzi txiki bat daukat; eta portu txikira ailegatzen naiz; eta portu txikian asmo txikiak dauzkat.

Horregatik ezagutzen ditut, lehen begi kolpea bota eta segidan kasik, sareak konpondu guran kaira hurbiltzen diren lehorrekoak. Magala galdu dutenak. Itsasoa zoragarria dela sinetsita bizi eta itsasertzera galtzera baino hurbiltzen ez direnak. Horietakoa zen Virgil.

Kalearen gibeletik ikusi dut ailegatzen. Larruzko maleta dakar eskuetan, eta lihozko trajez dator jantzita; plantxatu gabeko trajez; bidaia luzearen ostean zimurrak disimulatzeko batere intentziorik gabeko trajez. Kapela darama eguerdiko eguzkitik babesteko: izerditan dator. Taberna aurrean paratu da eta jakako poltsikotik atera duen zapiarekin lehortu du bekokiko izerdia. Gizabidez inguratu da nigana.

Ea ostatu non har dezakeen, berak.

Saia daitekeela tabernan bertan, badauzkatela gelak goiko solairuan bisitarientzat. Baina denboraldia hasita dagoela eta, udako festa giroa dela-eta, balitekeela denak beteta egotea, nik.

Eskertzen didala, berak.

Ez dela ezer, ongietorria egiteko gaudela, nik.

Saiatuko dela bertan eta ea utziko diodan zigarro bat biltzen, berak.

Nola ez diodan utziko bada, nik.

Zigarroa zutik eta isilean erre eta tabernara sartu da Virgil, txapela kendu eta gehiegizko diosal batekin agur eginda. Ordubete gehiago egon naiz ni portuko algarari begira, begiak erdi itxita eguerdiko eguzkiaren epeletan, beroa hezurretaraino nola sartzen zaidan igartzeko, harik eta haizeak buelta eman duen arte. Virgil ez da gehiago atera: geratzeko dator, antza. Ekaitz tropikalarekin batera iritsi da: galera handien seinale.

Ailegatua nintzen etxera ekaitzak eztanda egin orduko, arratsalde erdian. Palmondoak hasi ziren balantzan lehenengo, haizeak hatz puntekin laztanduko balitu bezala. Astiro suertatzen da ekaitza beti hasieran, abisu emateko bada ere. Itsasotik bertatik ikus zitekeen enbata ailegatzen; mantso zetozen hodeiak, lana ondo burutuko dutelako uste sendoarekin. Lehen oinaztarria itsasoan bertan erori zen: urrezko arma batek erdibitu zituen urdin ilun eta grisezko urak. Eta zerumuga bitan gelditu zen zatitua, total erdibitua, eta tximistaren argiak itsasoaren hondoan hartu zuen magal segundo batzuez, harik eta desagertu eta hondalea berriz ilundu zen arte.

Ostean, tximistarik ez gehiago, baina bai hondamenetik gertu zegoen bake antzeko bat: gero eta hurrago suma zitekeen ekaitza portutik. Ordurako, batu zituzten balkoietako arropa guztiak; ordurako, lotu genituen portuko ontzi guztiak tinko lehorrera; ordurako, sartu ziren portuko tabernetan bai gizon eta bai emakume, denon artean babesa lortu guran. Ekaitz tropikalek beldurtu egiten dute eta tropikoetako jendea, eta ondo egiten du tropikoetako jendeak ekaitz tropikalei beldur izaten.

Euria hasi zuen ondoren, eta euri horrek portuko lehen egurrak mindu zituen lurra jo orduko, tregoarik gabe; zeren euriak ager dezake aurpegi gozorik, baina badaiteke gupidarik ez izatea ere. Hori ikasi egin behar da tropikoetan. Eta errezoren bat edo beste botatzen ere bai ezertan sinesten bada, ekaitzak albait lasterren alde egin dezan. Hori baino ez da gelditzen, iraun behar duena irauten du eta ekaitzak.

Ez zirudien gehiegizkoa hasierako euri ur gortina otzanak, baina nik, kapitain zahar honek, lotsak eta mendekuak ikusiak nizkion itsasoari; itxaron egin behar dela, hura hasi besterik ez zela egin. Ordura arte abiaduraz hurreraturiko lainoak pausoa gelditu eta iltzatuak gelditu zirelako Cayo Hueso gainean. Ezdatzeko inoiz, ozeanoak abisu ematen duela beti.

Ezti, mantso eta gogogabe hasitako euria sendotu egin zen gero. Bi orduz luzatu zen erauntsia: apenas ikus zitekeen ezer, ez bazen urezko masa trinko eta oldarkorra. Egurrezko leihoetan indarrez jotzen zuten tanta lodiek, haize kolpeek lagunduta. Eta zurrunbiloak ere hasi ziren gero ekaitzaren bihotzetik ateratzen, eta portuko kaleko argiak atera zituzten errotik, banan-banan.

Eta hogeigarren zurrunbiloaren ondoren, dantza bat iduri, hasitako legez baretu zen ekaitza. Horrelaxe gertatzen baita. Moilan kaosean sakabanatuak geratu ziren farolak; festarako altxatutako agertoki eta enparauak; itsasontzietako egur zatiak; eta ozeano oso bat, amorruzkoa.

Virgilek orduan atera zuen burua leihotik kanpora, astindutako giroa arnasteko: zigarroa eskuan, besoak leiho barrenean zabal jarrita.

Egun gutxi batzuk igaro ziren, gero; geldo, udaren sargo rian luze. Orduan, eta orduan bakarrik, agertu zen Maudey Cayo Huesora. Virgil bertan zela zegoeneko.

Nik, kapitain zahar honek, badakit batak ekarri zuena bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.