xabier martin
ANALISIA

Greba orokorra, kolpe bat mahaian

2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Sei urte baino gehiago joan dira sindikatuek azken greba orokorra antolatu zutenetik Hego Euskal Herrian. 2013ko maiatzaren 30ean izan zen, Atzeraldi Handiaren amaieran; baina nork aurreikusiko zuen amaieraren hasiera zela %16ko langabezia tasarekin eta %30ekoarekin gazteen artean? Ordurako, ELA eta LAB kezkaturik zeuden aurreko urteetako grebek langileen artean eragindako nekearekin, eta jakin bazekiten gero eta handiagoak zirela greba orokorraren eguneko manifestazioak eta protestak, eta gero eta eskasagoak lanuztea egiten zuten langileak. Garai zailak izan ziren, kamarada. Zortzi greba orokor lau urteko epean (2009ko maiatzetik, 2013ko maiatzera) ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Gizartea, oro har, asaldaturik ikusten ari zen drama bat aurrez aurre: klase ertainaren ontzi erosotik nola erortzen ziren milaka familia prekaritatearen txalupa ahuletara, edota zuzenean, pobreziaren ozeanora. Ez, ezin zen geldirik egon hamarkadetako langile borrokaren fruituak nola ustelarazten zituzten ikusita.

Eta sei urte eta erdi geroago igo ote dira ontzi eroso hartara berriro prekaritatearen itsasoan itolarrian ibilitako gehienak? Ekonomiaren itsasoan aldeko haizea ibili baita urteotan, eta krisiaren olatu handien garaian ahalegin handia egin baitute pobrezian plisti-plasta ibilitakoek denon ontzia hondora ez zedin. Soka nahiko luzea bota al diete behingoz prekaritatetik ateratzeko?

Erantzuna ezezkoa dela badakite soldata txikiko eta lanaldi luzeko langile ugarik. Berriro laino beltzak ikusten hasi diren honetan, greba orokorrari iraganean zioten beldurra utzi, eta mahaian kolpe bat emateko garaia iritsi dela erabaki dute ELAk eta LABek, azken urteetan feminismoaren eta pentsiodunen inguruan mobilizazio egitura sendo bat eraiki dela aintzat hartuta; mugimendu feministak, izan ere, bi greba orokor antolatu ditu, iaz lehena eta aurten bigarrena. Horiek horrela, Atzeraldi Handiaren osteko lehen greba orokorra deituko dute sindikatuek Hegoaldean, 2020ko urtarrilean.

Raul Arza sailburua

«Ez bagara mobilizatzen, gure eskaerak ez dira iritsiko agintarien mahaira. Agenda politikoan jarri nahi ditugu , eta grebak aukera ematen digu ikusgarritasuna lortzeko», azaldu du asteon ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak. Zein eskaerak diren? Oinarrizkoak zinez, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzetan: «Lan, bizitza eta pentsio duin batzuk».

Espero zitezkeen erantzunak jaso dituzte gobernu eta patronalaren aldetik. Jaurlaritzak dio ez dagoela «arrazoi objektiborik» grebarako, eta lanuzte «politikoa» izango dela Lakuaren aurka. Confebaskek galdetu du zer konponduko ote duen greba orokor batek; «Euskadik BPG eta soldata onenak ditu eta». Eta gero Raul Arza dago, UGT-Euskadiko gidaritzatik sailburuarena egiten: «Agitazio kanpaina» baten barruan sartu du sindikatu abertzaleen deialdia; «Jaurlaritzari jazartzeko» saio bat ei da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.