Azken kulunka kalezuloan

Guardia zibil batek hil zuen Emilio Iguzkiza, Altsasun, 1934an. Kale bazter batean egin zion tiro, Justino Iguzkiza hamalau hilabeteko semea besoetan zuela.

Justino Iguzkiza, Emilio Iguzkiza bere aita zenaren omenezko monolitoaren ondoan, Altsasun. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Altsasu
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Ez du deus gogoan. Hamalau hilabeteko haurra bertzerik ez baitzen. Xehetasunez betetako kontakizuna egin du, ordea: «Aitaren besoetan nintzen; greba eguna zen, eta manifestazioa egin zuten herrian. Nafarroako Diputazioko kide izandako Constantino Salinas atxilotu zuten bost guardia zibilek. 'Ez dago eskubiderik: bost polizia halako gizon bat eramateko, hain gizon zintzoa izanik', leporatu zien nire aitak. Guardia horietako batek tiro egin zion aitari. Lurrera erori zen, eta ni negarrez gelditu nintzen haren gainean. Gizon batek hartu, eta bertze norbaitekin utzi ninduen, ez dakit norekin; korrika alde egin zuen, bera ere hilko ote zuten beldur baitzen».

Altsasuko (Nafarroa) Txoko taberna ondoko kalezuloan hil zuten Emilio Iguzkiza, 1934ko urriaren 8an. Han hartu zuen Justino Iguzkizak (Altsasu, 1933) azken kulunka aitaren besoetan. Kalezuloan. Ez zuen bazter hartan gertatukoari buruz hitzik ere entzun, ordea, 20 urte bete zituen arte. Ezta etxean ere. «Amak ez zidan inoiz deus erran; inoiz». Harrigarri egiten zaio Iguzkizari familiaren isiltasuna. Galdetu zienean ere, horixe jaso zuen erantzun. Hitzik ere ez. «Beldur handia bazen». Eta beldur horrek hutsunea eragin zion Iguzkizari.

Betetzen hasi da huts hori, ordea, Altsasu Memoria elkarteak egindako lanari esker, batez ere. Herriko historia jasotzeari ekin dio talde horrek: garaian garaiko gertaerak aztertu, azaldu, eta dagokien testuinguruan kokatzea du helburu. «Emilioren hilketa izan zen 1936an etorri zenaren atarikoa», nabarmendu du Iosu Imaz kideak (Altsasu, 1957).

Astindua eman dio elkarteko kideek Emilio Iguzkizaren hilketari buruz egindako ikerketak gertaera horren inguruan ezarritako isiltasunari. «Jendeak hitz egin nahi du. Askok dei egin digute dakitena kontatzeko gogoz», azaldu du Imazek. Informazio eta lekukotasun guztiak jaso, eta 1934. urtean gertatu zenaren irudia osatuz joan dira Altsasu Memoria elkarteko kideak.

Deikaztelutik Altsasura

Iguzkizarentzat aitaren argazkia da altxor kutunenetako bat. «Antz handia dugula erran dit jendeak», adierazi du, harro. Aita zenari buruz gutxi daki. Deikaztelun (Nafarroa) sortu, eta lanera joan zela Altsasura. «Urbasako errepidea egiten aritu zen. Lanera etorri, eta hemen gelditu zen». Deus gutxi gehiago. «Ez dakit politikan aritu, edo langileen mugimenduko kide ote zen».

Urriko iraultzaren testuinguruan gertatu ziren Altsasun 1934ko urriko langileen grebak. Asturiasko iraultza ere erraten zaio 1934ko mugimendu horri.«Sistema kapitalista bertan behera uzteko iraultza saioa izan zen ordukoa», azaldu du Imazek. Asturiasen (Espainia) izan zuen indarra, batez ere, baina Euskal Herrian ere sumatu zen haren eragina. Octubre de 1934 en Euskal Herria liburuan jaso dute Juan Ramon Garaik, Jesus Gutierrezek eta Josu Chuecak horren berri. Chuecak liburua aurkeztuko du Altsasun, bihar, Altsasu Memoria elkarteko kideekin.

Altsasun, urriaren 8ko protestak egin zituztenean, hainbat grebalari ziren kartzelan, aurreko egunetako istiluetan parte hartzeagatik. Haiek askatzeko egin zuten manifestazioa, bertzeak bertze. Guardia Zibilak moztu zuen protesta, ordea. «Hilabete gutxira arte Nafarroako Diputazioko presidenteorde izandako Constantino Salinas atxilotu zuten; protesta egin zuelako egin zioten tiro Emilio Iguzkizari; bertze hainbat pertsona ere zauritu zituzten», azaldu du Imazek. Erantsi du jakin dutela Iguzkiza hil zuen guardia zibila epaitu zutela. Errugabetzat jo zuten.

Guardia zibilak Emilio Iguzkiza hil zuen tokian haren omenezkoplaka dago orain. Altsasu Memoria elkarteko kideek jarri zuten, iazko urriaren 8an. «Zenbat aldiz pasatu nintzen kalezulo hartatik, aita han hil zutela jakin gabe», erran du Justino Iguzkizak, tristuraz. «Tiroek utzitako arrastoa duela gutxira arte egon da paretan», azaldu du. «Baina obrak egin, eta harria kendu zuten. Langileei eskatu nien gordetzeko; ahaztu, eta bota egin zuten».

1934an gertatu zenak markatu du Iguzkiza. Hunkitzen da aita zenaz mintzatzen denean; bai eta aita gabe bizi izandakoak gogoratzen dituenean ere. Bederatzi urterekin behorrak zaintzen aritu zen; baserri batean morroi, gero. Ceutan (Espainia) egokitu zitzaion soldaduska egitea, eta handik bueltan, Arbizun (Nafarroa) hasi zen lanean. Sunsundegira joan zen gero. «27 urtez aritu nintzen, 50 urterekin erretiroa hartu nuen arte. Bizkarra mindu nuen».

Bihotzez eskertu ditu Iguzkizak aita zena gogoratzeko ekitaldiak. Plaka jartzeko ekitaldian, 1934an gertatu zena kontatzeko antzezpena antolatu zuten ere. «Gogorra izan zen», onartu du Iguzkizak. Ekitaldi horrek erakutsi du, gainera, isiltasunaren hesia ez dela erabat erori, oraindik ere. Guardia Zibila saiatu zen debekatzen. Egin zuten antzezpena, azkenean. Baina 300 euroko isuna jaso du elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.