Azken asteetan hainbat ekialdi eta eskaintza berezi sortzen ari dira COVID-19 gaitzak eragindako egoerari ahalik eta hoberen aurre egiteko. Hain zuzen, Puntueus fundazioak doan eskaintzen ditu orain domeinua eta webgune bat sortzeko zerbitzua. Fundazioak digitalizatzeko aukera emango die osasun larrialdiagatik lokalak itxi behar izan dituzten merkatariei eta plazara atera ezin diren artistei, besteak beste.
Zergatik erabaki duzue domeinua doan ematea?
Koronabirusaren egoera dela-eta dendak itxi behar izan dituzten saltzaile txikiei eta artistei digitalizatzeko aukera eman nahi diegulako. Izan ere, ate digital horrek modua emango die etxetik jarduerarekin jarraitu ahal izateko. Gure ekarpena egiteko asmoz, domeinua urtebetez oparitu nahi izan dugu. Horrez gain, eta niretzat garrantzitsuagoa dena, webgune bat sortzeko zerbitzaria ere doan eskaintzea lortu dugu.
Aipatutako sektoreentzako zein izango da onura nagusia?
Alde batetik, haien jarduera aktibo mantentzea, eta, bestetik, ikusgai egoten jarraitzea. Denden kasuan, agian ezingo dute produktuak saltzen jarraitu, baina, behintzat, bezeroari esango diote hor jarraitzen dutela. Gainera, merkataritza tradizionala itxita dagoenez, sareko merkataritza gora doa; bakarrik ikusi behar da Amazonen jendea erosi eta erosi dabilela. Artisten kasuan, marka digitala lantzeko denbora hartu dezakete, haien edukia ikusgai egoteko etorkizunean.
Proiektua sortu nahi dutenek jakintzaren bat eduki behar dute?
Ez da jakintzarik behar. Hain zuzen, horretarako eskaini dugu aukera hau; nahi dugu jendeak etxean pasatzen ari den denboranegozioaren digitalizaziorako erabiltzea; azken finean, etorkizunerako.
Zein dira eskaintza eskuratzeko eman beharreko pausoak?
Berez, oso erraza da. Gure webgunean sartu eta bertan agertuko da formulario bat eskaera egiteko. Guk eskatzen ditugun datuak oso oinarrizkoak dira: nor zaren, zein den zure negozioa, eta domeinua zer egiteko eskatzen diguzun. Behin erantzuna jasota, zuzenean joan daitezke hornitzailearengana prozesua martxan jartzeko. Horrez gain, webgunea sortzeko bideo tutorial batzuk bidaltzen dizkiegu, norberak bere kasa ere egin ahal izateko.
Aurreko astean eman zenuten eskaintzaren berri. Erantzuna nolakoa izan da?
Harrera oso ona izan da. Zenbait jatetxek eta zapata dendak egin dute eskaria, eta bertsolariren batek ere bai, besteak beste. Dantza talde batek, adibidez, ikastaroak bideo bidez emateko sortuko du webgunea. Hainbat esparrutatik ari gara eskariak jasotzen, eta Euskal Herriko hainbat lurraldetatik. Ostiralean jarri genuen martxan, eta ez genuen espero hain azkar hainbeste eskaera izatea; gainera, oso ikuspegi politarekin.
Zer esango zenieke digitalizatzeko pauso hori ematera ausartzen ez direnei?
Esango nieke aukera paregabea dela, kosturik gabekoa: ez bakarrik domeinua, baizik eta zerbitzua. Zalantzak izanez gero laguntzeko gaude hemen; hori da Puntueusek daukan abantailarik handiena: gertutasuna.
Koronabirusa. Josu Waliño. Puntueus fundazioko zuzendaria
«Ate digitalak bide emango dio merkatari txikien jarduerari»
Puntueus fundazioa doan eskaintzen ari da .eus domeinua eta webgune bat eratzeko zerbitzua, koronabirusak kalte egindako merkatari txikiei eta plazara atera ezin diren sortzaileei laguntzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu