Transexualitateari lehen mailako arreta ematea proposatu dute

Trans legea erreformatu nahi dute EAJk, PSE-EEk eta EP-IUk. Osasungintzan, hezkuntzan eta lan eremuan eragingo luke moldaketak

Julen Aperribai.
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Transexualitatearen Lege Integrala moldatzeko egitasmoa Eusko Legebiltzarrera eramango dute EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Besteak beste, sei hilabeteko epean transexualitateari lehen mailako arreta zerbitzuak ematea eta Unitate Espezializatua martxan jartzea jasoko luke lege egokitzapenak.

EAJk eta PSE-EEk ohar bateratu baten bidez jakinarazi dute 14/2012 legea erreformatzeko testu bat erregistratu dutela hiru alderdiek. «Trans komunitatearen eta hura ordezkatzen duten kolektiboen bultzadarekin eta lankidetzarekin» iritsi da egitasmoa ganberara, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak eta Gloria Sanchez PSE-EEkoak izenpetutako oharraren arabera.

Orain, espero dute legebiltzarrak berrestea «gizarte zibilarekin lortutako akordioa». Aurreratu dute «transexualek eta transgeneroek» hezkuntzan, osasungintzan eta lan arloan dituzten «eskubideak» bermatu nahi dituztela. Horrekin batera, «pertzepzio sozial eta instituzionalari negatiboki eragiten dioten estereotipoak» gainditzen laguntzea ere nahi dute.

Osasungintzan, zerbitzuen zorroa zabaldu nahi dute lege erreformaren bidez, eta, horrez gain, lehen mailako arta ematea transexualitateari. Zerbitzu horrek erregelamendu maila izan du orain arte, eta aurrerantzean lege maila izatea nahi dute. Bestalde, testuak dio adingabeko transexualek «eskubidea dutela entzunak izateko eta erabaki medikoak hartzen parte hartzeko». Hala ere, zehazten du haren legezko ordezkariak emango duela baimena «tratamenduen norainokoa ulertzeko gai ez bada edo 16 urtetik beherakoa bada».

Hezkuntza sisteman ere proposatu dituzte aldaketak: «Sexu identitateagatik ez diskriminatzeko protokoloak garatuko dira, eta, transexualak dauden zentroetan, hezkuntza komunitate osoaren prestakuntza bermatuko du sailak, irakasleak, administrazioko langileak, familiak eta ikasleak barne». Lan eremura ere zabaldu nahi dituzte diskriminazioaren kontrako planak, eta prestakuntza sustatu lan ikuskaritzako eta arriskuen prebentzioko arduradunentzat.

EAJk eta PSE-EEk ohar bateratuan gogoratu dute transexualen eskubideei buruzko araudi propioa izan zuen lehen autonomia erkidegoa izan zela EAE, 2012an. Horren jarraipen gisa aurkeztu dute legea aldatzeko proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.