Koronabirusa. Vanessa Lopez. Salud por Derecho elkarteko zuzendaria

«Enpresa farmazeutikoek ez dute inbertitzen esaten diguten besteko dirutza»

Lopezek adierazi du gobernuek bermatu behar dutela koronabirusaren kontrako tratamenduen eta txertoen hornikuntza eta bidezko prezio bat. Azaldu duenez, hainbat herrialde neurriak hartzen hasiak dira.

SALUD POR DERECHO.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Egungo patente sistemaren arriskuez ohartarazi du Vanessa Lopez Salud por Derecho elkarteko zuzendariak (Madril, 1977): pandemiaren aurkako sendagai eta txertoak enpresa baten esku utz ditzake horien gaineko ekoizpen eta merkaturatze eskubide esklusiboak. «Monopolioa». Estatuek egoera hori eragozteko baliabideak dituztela ziurtatu du.

Koronabirusarekin lotutako ikerketen zatirik handiena diru publikoarekin finantzatu dela nabarmendu duzue.

Tradizionalki, sektore farmazeutikoak ez du koronabirusen gaineko ikerketetan inbertitu, ezta gaitz infekziosoetan ere, ez direlako merkatu sektore oso errentagarriak izan. Orain, pandemiarekin, gobernuen eta nazioarteko erakundeen bultzadari esker ari dira garatzen ikerketa gehienak. Beraz, eskatzen dugu gobernuek jar ditzatela joko arauak.

Patenteak ez al dira enpresen inbertsioak konpentsatzeko neurria?

Patenteak berekin dakar konpainiak produktu jakin baten gaineko esklusibotasuna izatea hogei urtez. Esperientziak erakutsi digu eredu horrek ez duela ongi funtzionatzen. Enpresa farmazeutikoek ez dute inbertitzen esaten diguten besteko dirutza. Mito bat da. Inbertsioen zatirik handiena publikoa da. OMEk [Osasunaren Mundu Erakundeak] edo NBEk [Nazio Batuen Erakundeak] ikerkuntzan eta garapenean inbertitutako diru kopuruak eskatzen dizkietenean ez dute datua ematen. Gainera, geroz eta ebidentzia gehiagok adierazten dute molekula berri bat garatzeko kostua enpresek dioten baino askoz ere apalagoa dela.

Orduan, zein joko arau ezarri beharko lirateke?

Gardentasuna eskatzen ari gara, konpainiek produktu berrien garapenean inbertitzen duten diru kopurua eta gobernuek inbertitzen dutenaren zenbatekoa ezagutaraztea. Datu horietan oinarrituta, arrazoizko prezio bat jarri behar zaie produktu farmazeutikoei, etekin tarte onargarri bat izango duena; esaterako, %10ekoa. Modu horretan, bermatuko dugu katea osatzen duten eragile guztiek beren kostuak estaltzea eta lana egiten jarraitzeko pizgarriak izatea, eta, aldi berean, salneurri eskuragarria izango duten sendagaiak ekoiztea.

Osasun krisian are beharrezkoagoak al dira neurri horiek?

Munduko biztanleen %80k txertoa beharko dugu aldi berean, eta txerto horren jabe izango den enpresaren ekoizte ahalmena oso mugatua izango da. Beraz, beharrezkoa da lizentziak irekiak izatea, hainbat enpresaren artean behar besteko kopurua ekoitz dezaten.

Hainbat herrialdetako dozenaka eragilerekin batera, sendagai eta txerto generikoak ekoizteko modua egiteko eskatu diezue estatuetako agintariei.

Nazioarteko legedian jasota dagoen figura bat da. Haren bidez, gobernu batek patente baten jabea den konpainia bat behartu dezake produktu patentatuari buruzko informazio guztia bere esku uztera, sendagai generikoen konpainia batek edo laborategi publiko batek produktu hori ekoitz dezan. Enpresak royalty-ak jasoko lituzke trukean.

Herrialderen bat hasi al da horretarako prestatzen?

Txilek, Ekuadorrek, Alemaniak, Kanadak eta Israelek, adibidez, neurriak hartu dituzte. Israelen kasuan, Kaletra medikamentuaren derrigorrezko lizentzia onartu du, eta horrek enpresa jabea behartu zuen herrialdearekin negoziatzera. Kanadak eta Alemaniak, berriz, krisia hasi zenean, beren legediak egokitu zituzten, egoerak eskatuko balu, derrigorrezko lizentzia ezartzeko aukera izan zezaten ahalik eta azkarren.

Ikerketen finantzaketa kontratuetan bermeak exijitzeko ere eskatu diezue estatuei.

Funtsezko neurria da, eta espero dugu OMEk ere estatuei deialdia egitea. Hainbat baldintza finkatu ditzakete: jabetza intelektuala norena izango den, lizentzia irekia izatea ziurtatu, ekoizpena hainbat enpresarena izango dela zehaztu, prezioa gobernuaren esku utzi, eta abar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.