KRITIKA. Artea

Iraunkortasunaren leunketa

Sahatsa Jauregi, erakusketako pieza baten alboan, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun

Sahatsa Jauregi. 'Aizkora'

Non: Bilboko Azkuna zentroan.Noiz arte: Apirilaren 24ra arte.

Aizkorak banaka beherantz edo gorantz begira. Aizkorak binaka, gurutzaturik, ezker-eskumara begira. Aizkora bat suge batekin. Figura antropomorfo bat aizkora oratzen. Aizkora zeruaz babesteko edo lurrean jarduteko. Aizkora lepoko edo tatuaje gisa. Aizkora amuleto, ornamentu, tresna, kultur ondare edo arte-ekoizpen. Aizkorak, edozelako objektu lez, hainbat adiera bil ditzake bere baitan; hainbat gauza izan daiteke. Nolanahi ere, jakina da aizkora euskal mitologian, elezahar, antropologia zein historia lanetan presentzia nabaria izan duen elementua izan dela. Geure iruditeria kolektiboan elementu honek bereganatutako sinbologia izan da, besteak beste, Sahatsa Jauregi artistak mostra honetarako ikertu duena, hauek lantzeko teknika tradizionalari ere keinu eginez.

Babestu 2021eko sorkuntzari laguntzeko programaren barruan antolatuta dago mostra, eta, bertan, artistak zentroan aurrera eramandako ikerketa prozesuaren emaitza erakusten da. Areto guztiz zuri batean kokatzen da erakusketa, argia sartzen uzten duen beirazko alde bakar batekin. Espaziora sartu bezain pronto, artistaren izena eta erakusketaren izenburua agertzen dira eskumaldeko pareta handian idatzita, QR batekin batera. Erakusketan eskaintzen den idatzizko informazio bakarra da hau, aretoan ez baita kartelik, ez testurik. Hitzak bainoago, materiala, formak eta konposizioak dira protagonista nagusiak.

Erakusketa espazioa bitan banatzen dela esan daiteke. Alde batean, aizkorak egiteko tradizionalki erabilitako moldeetatik sortutako lur zanpatuko eskultura bat, eta, bestean, burdinaz eginiko eskultura lanak. Ezkerraldean kokaturiko eskultura horizontalak behin-behinekoa eta suntsikorra dirudi. Kolore, testura zein material aldetik, beste aldeko pieza gogor eta iraunkorragoekin kontraste sentsazioa sortzen du. Era honetara, artistak kontrasteetan oinarritutako joko bisual interesgarria proposatzen du.

Alderaketa bisualaz aparte, esanahi aldetik iradokitzen diren kontrasteak aipatzea ere interesgarria izan daiteke. Esaterako, alde batean, aizkoraren sortze prozesuari lotutako eskultura-lana dago, eta, bestean, ekoizpen/sorkuntza prozesuaren emaitza diren pieza eskultorikoak paretan, lurrean eta idulki zurietan kokaturik daude. Bitasunean oinarritutako kontraste horretan, aipatzekoak dira, besteak beste, prozesua versus emaitza, ekoizpen seriala versus banakotasuna, eta, azkenik, tradizionalki gizonen ofizio zein sinbolo izandako aizkora versus eskulturetako irudi feminizatuak. Halere, kontraste sentsazioaz gain, badirudi artistak dialogoa, edo nolabaiteko lotura, sortu gura izan duela bi aldeetako piezen artean. Izan ere, eskumaldean ageri zaizkigun eskulturak pieza figuratiboak dira, aizkora buruak integraturik dituztenak.

Eskumaldeko aldeari dagokionez, paretan horizontalean kokaturik, hiru pieza ikus daitezke, historia zehar funtzio bezainbeste forma izan dituzten maskarak gogora dakartzatenak. Piezok tamaina ezberdineko aizkorek, burdinarekin lortutako formek eta gainazalek osatzen dituzte. Hauek, konposizio horizontal eta orekatsuan kokaturik, goitik argiztaturik daude. Argiztapenaren bidez lortzen den itzalaren eta piezaren arteko konposizioa zaindua bezain ederra suertatzen da. Gainontzeko piezetan ere argiak itzal-jolas interesgarriak sortzen ditu, hala nola, lurrean kokaturikoetan. Lurrean ikus daitezke, besteak beste, takoidun oinak eta takoidun hankak diruditen piezak, hauek ere aizkora-ahoak abiapuntu eta oinarri izanik. Piezok finak bezain gogorrak dirudite; zehaztasun nabariz landuak eta espazioan kokatuak.

Ane Lekuona ikerlariak aipatzen du XX. mende bukaeran, euskal eskultura egiteko, batez ere maskulinitate hegemonikoarekin lotutako ezaugarriak zituzten materialak erabili zirela; bereziki, zura, burdina eta harria. Halaxe, burdina bezalako material gogor, iraunkor eta zurrunekin «euskal nortasunaren» adierazle omen ziren eskulturak sortu zituzten Gaur taldekoek. Interesgarria da Lekuonaren aipamen hau berreskuratzea, mostra honetan badirudielako Jauregik lortzen duela buelta ematea burdinak material gisa historikoki bereganaturiko adierari. Izan ere, piezok burdinazkoak izan arren, arestian aipatutako gogortasun, irmotasun eta zurruntasunaz aparte, maskulinitatearekin eta aizkoraren imajinario tradizionalarekin lotu ohi ez diren ezaugarriak ere iradokitzen dituzte, sortzailearen iruditeria pertsonalaren ondorioz. Modu honetara, artistak aizkoraren eta burdinaren esanahia birmoldatzea, edo behintzat hedatzea, lortu duela esan daiteke, objektua zein materiala tratatzeko eta kontzeptualizatzeko duen moduari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.